“Motxila hartu eta mundutik bakarrik bidaiatzea sa nire pasio nagusia”
Bidaiatzearen abenturan murgiltzearen xarma. Mugimenduan ikasten ditugu gauzak. Horren zalantzarik ez dugu gure egunerokoan; are gutxiago, gainera, leku berri batera goazenean. Etxetik kilometro askotara abiatzen garenean, dena bilakatzen da ezezaguna, ezustea eta zirrara berezia sentitu ohi dugu. Horrek, trukean, eskaintzen digun bizipoza eta sentsazio berriak bizitzearen sentsazioak, ordea, ez du parekorik. Ondo baino hobeto daki hori Tamara Palacios Ordoñez zornotzarrak. Berarekin izan gara, gaurkoan, ‘Partekatu’ atal honetan. Irudimena piztu eta bidaian abiatu gaitezen, bada!
Erizaintza ogibide, mundu zabala deskubritzea du pasio Tamarak. Abenturazalea da oso zornotzarra, bere amama bezala, mendizale eta naturazale sutsua, hortik datorkio afizioa. Bere hitzetan, “oso irekia eta aurrera egitekoa naiz, bai etxean nagoenean, baita esploratzen ari naizenean ere”. Naturarekin erlazionatutako ekintzak, kirol arlokoak, hortxe dabil gustukoen zornotzarra. Bidaiei dagokienez, “indarberritzeko, energia berritzeko eta etxean dugunari beste ikuspuntu batetik begiratzeko baliagarri dugu, erlatibizatzen laguntzen digu eta mundu ikaragarria ezagutzeko aukera eskaintzen digu”.
Bidaiek gauza on asko dituzte, baina zer diozue espektatiba hitza aipatzean? Nolako garrantzia ote dute eta nola kudeatu ditzakegu? Galdera errazak ez dira, behintzat, ea Tamarak zer dioen honen inguruan. “Bidai bat antolatzean, dena bikain aterako dela uste dugu eta beti ez da horrela. Toki batzuk masifikatuta daude eta ez dute zurekin bat egiten. Bestalde, txarto ateratzen diren planak ere badaude, baina hori da bidaiatzearen xarma. Hortik asko ikasten da, eta horrekin batera, zer nahi duzun eta zer gustatzen zaizun deskubritzen duzu. Espektatiba errealistekin joan behar da, errore tarte bat utzi, filosofiakin hartu eta hortaz ikasi”.



Bakarrik bidaiatu nahi dut, eta orain, zer? Hona hemen, 5 aholku
Tamararen hitzetan, hauek izango lirateke bakarrik bidaiatzeko eta beldurrak gainditzeko bost aholku: lehena, egitea da, tipikoa dirudien arren, behin eta berriz errepikatzeak lagundu dit, eta beldurra ematen badu, egin ezazu beldurrarekin, merezi duelako da eta. Bigarrenik, zoazen tokiaren inguruan informazioa bilatzea eta jasotzea, arriskua toki guztietan baitago eta bakarrik bazoaz gehiago, baina informatuz eta arriskuen kontziente izanez, errazagoa da hauek saihestea. Hirugarrenik, jende berria ezagutzea, pertsona asko eta asko dago mundutik bakarrik bidaiatzen, jende ikaragarria esperientzia are eta hobea izatean eragingo dutenak. Laugarrenik, gaizki sentitzeko baimena ematea zure buruari, bakarrik zoazenean bajoi momentuak daude, bakarrik edota txarto sentitu ahal zarenak, baina ez da ezertxo ere pasatzen. Bosgarren eta azkenik, bidaia gustatzen zaizkizun gauzetara eta afizioetara bideratzea garrantzitsua da ere.
Marrazoekin urpekaritza Maldivasen edo Mexicon, Japonera ahizparekin, Patagoniara itzuli… ametsak ez zaizkio falta Tamarari, bere burua beti martxan dabil. Bitartean, etxean bere katuarekin egotea eta Etxanotik bueltatxoak ematea du gustukoen Zornotzan eta Anbotoko kresterioa du kuttun EHn. Pasio argazkilaritza eta animaliak ditu eta horiek uztartuz gero, hobe. Afizio, eskalada eta urpekaritza. Gutizia, bidaiatzea edota txokolatea. Bukatze aldera, gomendio bat ematekotan, beldurra bera 40 litroko motxila barruan sartu eta esploratzera abiatzea. Horixe erronka eta horixe bizitza.
EKUADOR
Bidai bat bakarrik egin nahi baduzu… hona hemen, Tamararen proposamena: Ekuador. Hauek eta askoz gehiago dira bertara joateko arrazoiak, ezezaguna ezagun bilakatzeko eta bertako toki ikusgarriez gozatzeko.
Gomendioak:
– 4 eskualdeak bisitatzea. Herrialde nahiko ezezaguna da, baina oso eskuragarria berau ezagutzeko eta zeharkatzeko.
– 10 ordutako bidaian autobusez, 5000 metrotan sumendi batean egotetik, hondartza zoragarrietan egotera edota Ekuadorreko Amazonian tximinoen oihuak entzutera.
– Sumendi bat igo, gutxienez, lehen aterperaino eta altura sentitu. Cotopaxi edota Chimborazo.
– Quilotoa eta Cuicocha trekking-ak.
– Amazonia eta bertako fauna (tarantuletatik hasita tximinoetara).
– Galapagos bisitatu eta bertan urpekaritza egin (mailu-marrazoa gertutik sentitu). Munduko itsas-erreserbarik handienetako bat du eta animaliak dituzu 2 metroro.







