- Igandean (abenduak 1), familien artean euskararen erabilera sustatzeko ekimena antolatu zuen Zornotzako Andra Mari Ikastolako Gurasoen Euskara Taldeak, natura eta hizkuntza uztartuz.
- Honela, Autzaganeko ingurunean dagoen baso batean 80 zuhaitz landatu ziren. Ondoren, trikitixak eta bertsoek girotu zuten bazkal orduko festa-txikia.
Euskararen Egunaren atarian Zornotzako Andra Mari Ikastolak antolatu zuen egitasmoa arrakastatsua izan zen. Familien artean euskararen erabilera sustatzeko antolatu zuten Euskararen basoa egitasmoa, eta eguraldia lagun, berrehun lagunetik gora bildu ziren ikastolaren atarian, txangoari ekin eta Autzaganera igotzeko prest.
Txango laburraren ostean, zuhaitz-landaketari ekin zioten ikastolako guraso eta ikasleek. Guztira 80 kimu landatu ziren, gehienak urkiak eta lizarrak, eta zuhaitz bakoitzari euskarazko berba bitxi bat erantsi zitzaion, modu sinbolikoan natura eta hizkuntza uztartu nahi izan zituztela, basoari arnasa emanez.
Landaketa amaitu eta Autzaganeko tabernara hurbildu ziren denak. Bertan, bertsolari eta trikitilariek zarratu zuten ekitaldia, parte-hartzaileek salda beroa edaten zuten bitartean.
Andramari Ikastolako Gurasoen Euskara Taldea
Ikastolan, gurasoen artean euskararen erabilera bultzatzeko sortu zen talde hau orain dela hamar urte, ikusten baitzuten gurasoen arteko komunikazioa –neurri handi batean– gaztelaniaz ematen zela. Azken urteotan hainbat ekimen burutu ditu taldeak, erabileraren aldeko pauso irmoak emanez: kafe-tertulia, berbarik politena euskaraz, Egunean behin lehiaketa, Jose Angel Iribarrekin eta Iñaxio Kortabarriarekin mahai-ingurua, Basokoipetsu…






