“BIZITZAK SORTZEN DIRENETIK BUKATZEN DIREN ARTE HOR TARTEAN GERTATZEN DEN GUZTIA ERAKUSGARRIA DA”
Iratxek argazkien bidez minbizia duten emakumeen edertasuna eta indarra erakusten ditu, beti epairik gabe eta maitasunez. “Bizitzak sortzen direnetik bukatzen diren arte, hor tartean gertatzen den guztia erakusgarri dela ikasi dut Iñurriren bitartez.” Izan Iñurri elkartearekin duen lankidetza eta aurtengo egutegi bereziaren xehetasunak ezagutzeko aukera izango dugu elkarrizketa honetan.
Zelan ezagutu zenuen proiektua?
Izan Iñurrik ikusgarritasuna ematen dio minbiziari ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik. Sare sozialen bitartez ezagutu nuen proiektua; oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta ‘jarraitzen’ hasi nintzen.
Ama buruko minbizi baten eraginez galdu nuen aurreko urtean. 2020ko ekainean eman zioten diagnostikoa, eta handik bi edo hiru astera, Miren eta Julene, Izan Iñurriren sortzaileak, nirekin jarri ziren harremanetan proiektu berri baten argazki saioa egiteko. Une hoberik ezin izan zen izan bertan sartzeko.
Zein proiektu egin dituzu Izan Iñurrin?
Lehenengo proiektua zapi koloredun bat promozionatzeko argazkiak egitea izan zen. Zapi onkologikoak oso ilunak eta tristeak zirela ikusten zuten, eta Izan Iñurrikoek kolorez betetako zapi bat marraztu zuten.
Urte horren bukaeran, egutegia egitea proposatu zidaten. Arineketan egin genuen. Hurrengo urtean, denborarekin, egutegia berriro egin genuen. Tradizioa erabili genuen aldarrikapenerako kontzeptu bezala, eta horretarako, minbiziak eragindako orbainak zituzten emakume biluziak baserritarrez jantzita erretratatu nituen.
Horrez gain, erretiroetara ere joaten naiz argazkiak egitera. Merchandising-a promozionatzeko argazki saioak ere egin ditut, adibidez, kamisetak saltzeko argazkiak.
Aurten berriz ere egutegirako argazkiak egin ditut. Argazkilaritzaren bitartez uste dut kanpotik zelan ikusten ditugun erakusten diegula: epairik gabeko begirada, maitasunezkoa. Gaixotasun bat duen pertsona bat begiratzen duzunean, gaixotasuna ikusten dugu eta ez pertsona bat gaixotasun bat duena. Argazki hauen bitartez beste begirada eraldatzaile hori erakusten diegu.



Zein da elkartearekin egin duzun proiekturik bereziena?
Ez nuke jakingo zein, denak oso bereziak dira. Gogoan dut Leire ezagutu nuela bere lagunek egin zioten elkartaratze batean. Bere familiaren baserri batean batu ziren guztiak, musikarekin dantzan, Idoia Asurmendik kontzertu pribatua eskaini zien… Leireren agurra zen hori. Bagenekien hilabete batzuk barru ez genuela gure artean izango.
Momentu oso gogorra izan zen, baina oso polita aldi berean. Eta nik elkartaratze hori argazkietan gordetzeko aukera izan nuen.
Iñurriren bitartez bizitzak sortzen direnetik bukatzen diren arte, hor tartean gertatzen den guztia erakusgarri dela ikasi dut. Bai pertsona bati bizitzara ongi etorria egitea, bai pertsona bat duintasunez agurtzea, niri betetzen nau. Ez da berdina jaiotza bat erretratatzea edo laster hil egingo den pertsona ingurukoekin erretratatzea, baina badaude bietan puntu komunak. Gogorra da, baina oso polita.
Zertan datza aurtengo egutegia?
Egutegiaren gaia loreak dira. Amaia Azkue eta Beñat Elizalde izan dira zuzendariak, eta nik argazkiak egin ditut. Amaia Agirrek hitzak jarri ditu.
Loreen bitartez Iñurrien, azalen eta izatearen arteko batura bat egitea da ideia; bakoitzak bere interpretazioa egin dezake, baina nik horrela ulertu nuen. Interesgarria da nola kanpotik emakume hain eder bat ikustean ez dugun imajinatzen metastasia duela. Loreen eta izatearen arteko lotura horrekin jolasten da.
Egutegia salgai dago izaninurri.eus webgunean.

