MILA ETA ASIER EIBARRETIK ETORRI ZIREN ZORNOTZARA ORAIN DELA 22 URTE. LANA BILBO INGURUAN ZEUKATENEZ, GERTUAGO BIZITZEKO TOKI BAT AURKITU ZUTEN GURE HERRIAN. ORDUTIK, ZORNOTZA “KANPAMENDU BASE” BIHURTU DUTE. ETA EZ DA BERTAN BIZITZARIK EGITEN EZ DUTELA; EZ DA HORI. KONTUA DA BERTAN PRESTATZEN DIRELA MUNDUKO HAINBAT LURRALDETARA SALTO EGITEKO.
“Gure lehenengo irteerak batez ere Pirinioetara eta Mont Blanc ingurura izaten ziren. Mendia gustuko genuen biok eta horrela ematen genituen gure opor-egunak”. Pirinioak zein Alpeak izugarri handiak izan arren, uda batean pauso bat harago ematea erabaki zuten eta Nepalera abiatu ziren Everesteko magalera trekking bat egitera. Bertan, gerora egin behar zituzten bidaien ardatza aurkitu zuten: “Naturan ibiltzeaz gain herriak zeharkatzen genituen eta konturatu ginen bertako jendea ezagutzea eta beraiekin momentuak partekatzea zoragarria zela. Aurrerantzean, natura eta herritxoak edo tribuak eskaintzen zizkiguten bidaiak bilatu izan ditugu”.




Aste Santuan eta abuztuan izaten dituzte opor-egunak. Eta ez dute denbora galtzen: Iran, Peru, Maroko, Mongolia, Islandia, Tunisia, Etiopia, Mali… Eta beti antzeko eran: “Turismoa heltzen ez den ibilbideak bilatzen ditugu, bertako giden laguntzarekin. Kanping-denda eta lo-zakua, motxila, sukalde txikia eta janaria; eta beti oinez edo zaldiz, mendi tontorrak igotzen eta tarteka aldeak bisitatuz bidaiak antolatzen ditugu”.
Normalean segurtasun aldetik ez dute arazorik izan: “Munduan barrena orokorrean jendea zoragarria da. Hiri handietan agian, hegazkinak hartu behar ditugunean pixka bat adi ibiltzen gara, baina bestela, ibili garen herrialde guztietan oso ondo hartu gaituzte”.


Bizitako sustorik handiena Amazonasen barrena zeudenean gogoratzen dute: “Gida batekin gindoazen bidea matxeteekin zabaltzen, eta bat-batean, aurrez aurre, oso pozoitsua zen suge batekin topo egin genuen … Beste batean, kakalardo erraldoiez betetako gela batean lo egin behar izan genuen edo malaria transmititu ahal zizkiguten eltxo piloaz josita zegoen beste batean ere…”.
Baina guzti hori ez da arrazoi nahikoa izan bi alabak izan ondoren beraiekin bidaiatzeari uzteko. “Lehenengo bidaia Uxuerekin Frantziatik bizikletan egin genuen, berak urte bat zeukala. Karrito batean eramaten genuen eta hirurok lo- dendan egiten genuen. Gero, Garazi etorri zen eta biekin Europan zehar bizikletan ibili izan gara sistema ezberdinekin, euren adinaren arabera”.
Pandemia garaian, Uxuek eta Garazik beste planik egin ezin zutenean, zaldi-ikastaroak egin zituzten. Berriro bidaiatzeko aukera sortu zenean ez zuten birritan pentsatu: “Mongoliara laurok zaldiz goaz!” Mila eta Asier jada han egonak ziren eta egunen batean itzuli behar zirela pentsatu zuten.



Egunero estepan zehar 30 km inguru egiten zituzten eta kanpamentu txikietan egiten zuten lo. “Tippietan egiten genuen lo; komuna, lurrean aparte zegoen zulo bat zen; dutxarik ez zegoen, erreka besterik ez… Eta jateko beti berdina: arroza eta okela”, azaldu dute Uxuek eta Garazik. “Egun batean, tribu bateko aker bati barrabilak moztu zizkioten gure aurrean, eta guk ez genuen zergatia ulertzen. Gero konturatu ginen guretzat prestatzen ari ziren arrozan egosi zituztela. Guretzat ohore bat izan zen”.
Zornotzako familia honek mila abentura bizi izan ditu munduan zehar, ezinezkoa da guztia orrialde hauetan azaltzea. Aukerak hor daude eta gero bakoitzak gogokoena hartuko du. Uxuek, adibidez, hotel batera joateko gogoak ditu, igerilekua eta hondartzako oporrak egiteko. Baina, momentuz, berak bere kabuz erabaki arte, abenturak bizitzen jarraitu beharko du; beste askok hondartzara joaten jarraitu beharko duten bezala.







