Irailaren 20ko gauean Ixerbekoan ospatutako “boxeo-veladak” ikusmin handia piztu zuen. Maila handiko ikuskizuna, giro aparta, zaleen erantzun beroa eta kirolarien ausardia izan ziren gau horren ezaugarri nagusiak.
Pello Gutierrez Euskadiko txapeldun bilakatu zen borroka gogor baten ostean: “Bagenekien Ali oso boxealari teknikoa dela, ezkertia, birritan Euskadiko txapelduna izandakoa eta berak daukan estiloa oso txarto datorkit. Hala ere ausarta izan nintzen, arriskuak hartu genituen eta garaipena lortu genuen. Erabakigarria izan zen lortu nuen knockdown-a, lurrera bota nuen golpe batez, eta horrela ikusi zuten epaile guztiek”.
Pello – 23 urte eta psikologoa – Royal Boxing klubean entrenatzen du Cristian Galindoren gidaritzapean. Borroka aurretik egindako prestaketak funtsezkoak izan ziren garaipenerako.
Veladak maila goreneko borrak izan zituen, kalitate handiko boxeolariak aritu ziren eta zaleek benetako ikuskizuna gozatu ahal izan zuten. Zornotzako ordezkariek arrakasta osoa lortu zuten: Asier Sanvicentek eta Giulianok garaipena erdietsi zuten, eta Jonanek —nahiz eta gernikarra izan, erdi zornotzarra ere bada— Basque Warriors gerrikoa irabazi zuen, maila handiko espektakulu bat eskainiz.
Anbientea, bestalde, benetan magikoa izan zen. Lehen aldiz boxeoa ikustera gerturatu zen jende ugari, eta askok aurrez zituzten aurreiritziak albo batera utzi zituzten. Pelloren hitzetan: “jendeak estigmak kendu zizkion kirol honi; errespetua dagoela ikusi zuen eta boxeoa kirol polita dela. Jendeak arratsalde ezberdin bat pasatu zuen”.
Ixerbekoako frontoian giro aparta sortu arren, espazioa motz geratu zen. Horregatik, hurrengo hitzordua Amorebieta IV frontoian egitea da asmoa.
Pellok bizi izandako emozioak partekatu zituen. “Pixkanaka-pixkana banoa errealitatera bueltatzen. Larunbatekoa emozio handiko eguna izan zen niretzat. Askotan pentsatzen dut zaharra naizenean atzera begirada botako dudala eta larunbatekoa bezalako egunak gogoratuko ditudala”.
Ixerbekoan eman zen boxeo-veladan zornotzarrak borrokalariak direla erakutsi zuten.
Ixerbekoan eman zen boxeo-veladan zornotzarrak borrokalariak direla erakutsi zuten.


