Amorebieta-Etxanok “From the inside” eta “Vivir el color” erakusketak hartuko ditu azaroan artearen bidez mundua ulertzeko bi begirada eskainiz


“Barnetik, hau da ikusten duguna” argazki-erakusketa bat da, Bizkaiko arrazializatutako kolektiboetako hamalau gaztek sortua, horien artean sei Amorebietako harrera-zentrokoak. Irudiaren bidez, gazteek beren ikuspegia partekatzen dute, estereotipoak zalantzan jarri eta gizarte-narratiba berriak eraikiz. “Kolorea Bizi” erakusketak Josu Romaña margolariaren obra abstraktua aurkezten du, mundu osoan zehar egindako bidaietan jasotako kolore-oroitzapenetan oinarritua.

Azaroan zehar, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan bi kultur proposamen egongo dira ikusgai. Biak oso ezberdinak dira, baina elkarren osagarri, eta herritarrei aukera ematen diete arteaz eta bizipenez modu ezberdinetan gozatzeko. Alde batetik, “From the inside, this is what we see – Desde dentro, esto es lo que vemos – Barnetik, hau da ikusten duguna” argazki-erakusketak gazte migratzaileek beren begietatik kontatutako istorioak erakusten ditu. Bestetik, “VEC: Vivir el color / KB: Kolorea Bizi”, Josu Romaña margolariaren erakusketak, kolorea eta bidaien oroitzapenak uztartzen dituen pintura-lana aurkezten du.

“From the inside, this is what we see – Desde dentro, esto es lo que vemos – Barnetik, hau da ikusten duguna”

Azaroaren 15era arte egongo da ikusgai erakusketa hau, eta bertan Bizkaiko hamalau gazteren argazkiak ikus daitezke. Gazte horiek arrazializatutako kolektiboetakoak dira; sei gazte Amorebietako Harrera Zentroan bizi ziren proiektua garatu zenean, eta beste zortziak Bilboko San Frantzisko auzokoak dira. 2025eko lehen hiruhilekoan lau hilabeteko prestakuntza jaso zuten argazkigintzan. Ez zen argazkiak ateratzen ikasteko soilik, baizik eta norbere burua hobeto ezagutzeko, istorioak kontatzeko eta gizarteratzeko tresna bezala erabiltzeko.

Proiektua Kulturbegi kooperatibak antolatu du, Ikasbegi programaren barruan, Bakearen aldeko Lankidetzaren Biltzarra (ACPP) eta Koop SF34rekin elkarlanean. Finantzaketa Bizkaiko Foru Aldundiak eta Elankidetza – Lankidetzarako Euskal Agentziak eman dute. Erakusketan gazteek eurek idatzitako testuak eta azalpen-panelak daude, ikusitako argazkien atzean dagoen istorioa hobeto ulertzeko.

Erakusketak “normalean kanpotik begiratzen zaien gazteen” ikuspegia erakusten du. Argazkien bidez, gazte hauek gizartean dauden ideiak zalantzan jartzen dituzte eta kultura-aniztasuna balioan jartzen dute. Hona hemen parte hartu duten gazteen izenak: Alí, Boubacar, Houcine, María, Sulayman, Ansumana, Bilal, Buba, Olivia, Muhammed, Esther, Issam, Nelson eta Víctor.

“VEC: Vivir el color / KB: Kolorea Bizi” – Josu Romaña eta kolorearen bidezko bidai

Azaroaren 28ra arte egongo da ikusgai Josu Romaña margolariaren erakusketa. Bere margolanek akrilikoan egindako pintura abstraktuak dira, eta munduan zehar egindako bidaietan inspiratuta daude: Polinesia, Japonia, Australia, Vietnam, Laos, Kanputxea, Sri Lanka, Txina edo Malaysia, besteak beste. Josu margolaria bokazioz da, eta bidaia bakoitzean zirriborroak egiten zituen leku bakoitzeko koloreak gogoratzeko. Askotan, zirriborro horiek bere buruari postaz bidaltzen zizkion, eta gaur egungo mihiseak sortzeko abiapuntu bihurtu dira.

Bere lan-bizitza enpresa munduan egin zuen arren, artea beti egon da bere eguneroko bizitzan. Erretiroa hartu ondoren, margotzeari gehiago dedikatu dio. Kolorea da bere lanetan elementu nagusia, eta horren bidez emozioak, irudimena eta bizitako uneak adierazten ditu. Bere pinturak espresionismoaren eta abstrakzioaren artean mugitzen dira. Artistak dioen bezala: “ahazten ez dena, ez da inoiz hiltzen”.

Bi erakusketak irekiak dira eta azaroan zehar Zelaieta Zentroan izango dira ikusgai. Bi begirada desberdin, bata barrutik eta bestea bidaietan zehar jasotakoa artearen bidez ikusi, sentitu eta partekatzeko gonbitea eginez.

+ Irakurri

La Revelia jatetxeak Michelin izarra eskuratu du Zornotzan

2025/11/28

Zornotzak izar berri bat du gastronomiaren mapan. Michelin gida ezagunak bart ospatu zuen urteroko gala, eta sarituen artean izan da

Zelaietak Mikel Etxebarria Etxeitaren “Jai demokratikoen aldeko borroka. 1975-1976ko Karmenak” erakusketa hartuko du datorren astelehenean, abenduak 1

2025/11/26

Erakusketak 1975 eta 1976ko Karmenetan Zornotzako gazteriak jai parte-hartzaileagoen alde egindako borroka jasotzen du. Abenduaren 22ra arte egongo da ikusgai

Euskrowd: Adimen Artifizialak euskara naturala ulertzeko jauzi kolektiboa

2025/11/26

Euskrowd euskararen etorkizun digitala bultzatzeko sortutako proiektu parte-hartzailea da. Aplikazio honen helburua hizkuntza-teknologiak hobetzea da, etorkizun hurbilean gailu digitalek euskara

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only