Udalak ekimen estrategiko hau jarri du abian datozen 10-15 urteetako udalerria herritarrekin batera, Arkalaz, irudikatzeko eta eraikitzeko helburuz. Horretarako, aurrez aurreko saioak eta online parte hartzeko aukera izango dira prozesuan zehar.
Amorebieta-Etxanoko Udalak “Ametsetatik Herrira” ekimen parte-hartzaile eta estrategikoa jarri du martxan; ekimen honek helburu du herritarrekin lankidetzan datozen 10 edo 15 urteetan udalerriak nolakoa izan behar duen zehaztea. Hala, udal gobernuak bultzatutako ekimen honek udalerriaren etorkizunari buruzko hausnarketa partekaturako gune bat ireki nahi du, besteak beste, ondorengo galderei erantzuteko: nola bizi nahi dugun, zer zerbitzu eta gune behar ditugun, komunitate gisa zer erronkari egin behar diogun aurre eta nola ekin diezaiokegun gaurtik aurrera etorkizunari begira.
Proiektuaren izenak — “Ametsetik Herrira”— espiritu hori islatzen du: elkarrekin, Arkalaz, hurrengo belaunaldientzat amesten dugun Amorebieta-Etxano irudikatzea. Horretarako, prozesuak aurrez aurreko parte-hartze saioak izango ditu, baita online ekarpenak egiteko aukera ere, herritarren parte-hartze aktiboa errazteko eta ahots guztiak entzunak eta kontuak hartuak direla bermatzeko.
Partaidetzatik eraikitako etorkizuna
Udal gobernuak irmoki sinisten du herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela etorkizuneko erabaki estrategikoak hartzeko, eta horregatik abiarazten du ibilbide-orri hau ikuspegi ireki, inklusibo eta pluralarekin. “”Ametsetatik Herrira” ideia sinple baina boteretsu batetik abiatzen da: Amorebieta-Etxanon bizi garen guztiok badugu zerbait esateko hamarkada baten barruan herria nolakoa izatea nahi dugun azaltzeko”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Prozesuak aurrez aurreko parte-hartze saioak izango ditu, udalerriaren etorkizunari buruzko ideiak partekatzeko. Gainera, online parte hartzeko aukera ere eskainiko da, interesa duen edonork ekarpenak internet bidez ere egin ahal izan ditzan.
Ilusioz betetako unea, elkarrekin eta modu kolektiboan pentsatzeko
“ ‘Ametsetatik Herrira’ aukera paregabea da Amorebieta-Etxano begirada kolektibo, errealista eta inspiratzaile batetik birpentsatzeko. Gure jendeagatik, inguruneagatik eta bizi-kalitateagatik nabarmentzen den udalerri batean bizi gara. Baina orainetik haratago begiratu nahi dugu eta guztion artean, Arkalaz, eraiki etorkizuneko Amorebieta-Etxano “, gaineratu du alkateak.
Prozesuari buruzko informazio guztia, baita proposamenak egiteko online espazioa ere, honako esteka honetan dago eskuragarri: Ametsetatik Herrira.


