Gaur, maiatzaren 8an, Zornotzako EAJ-PNVren Uri Batzarrak Andoni Agirrebeitia Abendibar aukeratu du Amorebieta-Etxanoko alkate izateko hautagai.
Alderdikideen %99ko babesarekin, eta kontrako botorik gabe, izendatu dute hautagai Andoni Agirrebeitia. Uri Batzarraren erabakiaren arrazoi nagusiak Agirrebeitiaren eskarmentu profesionala eta udal administrazioaz duen ezagutza zabala izan dira.
44 urte bete berri dituen eta egun Kultura, Euskera eta Kirol zinegotzia den Andoni Agirrebeitiak azken bi agintaldietan erakutsi du hauten oinarritzen dela bere gestioa: pertsonekiko hurbiltasunean, entzuten jakitean eta akordioetarako gaitasunean. Ogasun zinegotzi eta EAJ-PNV udal taldearen bozeramaile bezala 2007az geroztiko udal aurrekontu guztiak itundu ditu.
Uri Batzarrean bere konpromisoa, ilusioa eta talde-lanean jarduteko borondatea erakutsi ditu Andoni Agirrebeitiak, erdi bidean dauden egitasmoak bukatzeko eta Amorebieta-Etxanorako etor daitezkeen erronka berriei aurre egiteko gogoa ere azaleratu ditu.