Egitarauak antzerki, dantza, musika eta zinema-ikuskizun ugari biltzen ditu, besteak beste, Markeliñe konpañiaren “Hodei Guztien Gainetik” lan berriaren estreinaldia urtarrilaren 10ean, eta Anita Maravillasen 20. urteurrena, hiru ekoizpen enblematikorekin: Jon Braun, Kotondarrak eta Andereño. Kultura inklusibo eta irisgarriaren aldeko apustuan, Amorebieta-Etxanoko Udalak bazkideentzako, kolektibo zaurgarrientzako, elkarteentzako eta ikasle-taldeentzako deskontuak eta hobariak eskainiko ditu Zornotza Aretoan.
Zornotza Aretoak 2025-2026 kultur denboraldiari emango dio hasiera, urritik urtarrilera bitarte doan ekitaldi egitarau anitz bezain zabalarekin. Antzerkia izango da edizio berri honen protagonista nagusia, helduentzako eta familientzako proposamenekin. Horrez gain, musika-ikuskizunak, txotxongilo emanaldiak, zinea eta dantza garaikideko obrak ere eskainiko dira, tokiko sorkuntza eta kalitate artistikoa ardatz izango dituen denboraldi honetan.
Markeliñe konpainiaren antzezlan berriaren estreinaldia
Berrikuntza nabarmenen artean, Markeliñe antzerki konpainia zornotzarrak “Hodei Guztien Gainetik” antzezlana estreinatuko du urtarrilaren 10ean. Eguneroko errutinan murgilduta dagoen aita baten istorioa kontatzen du lanak. Aitak, zorabio baten ondoren, mundu oniriko batera egite du salto eta bertan, jolasteko plazera berraurkitzen du. Ekoizpen honek bistako egiten du, beste behin, Markeliñe konpainiaren estilo berezia, inozentziaren galerari eta giza konexioari buruzko ikuspegi sentikor eta hunkigarria azaleratuz.
Anita Maravillasen 20. urteurrena
Aldi berean, Zornotza Aretoak Anita Maravillas txotxongilo-antzerki konpainia ezagunaren 20. urteurrena ere ospatuko du, eta bere hiru obra enblematikoenak aurkeztuko ditu. Jon Braun, Kotondarrak eta Andereño izango dira Gabon denboraldian Amorebieta-Etxanok jasoko dituen kuskizunak, txotxongiloen arteaz modu adierazkorrenean gozatzeko aukera paregabea eskainiz. Emozioz eta sinbolismoz beteriko estilo narratiboarekin, Anita Maravillasek ikusle belaunaldi asko bereganatu ditu, eta urteurren honetan, bere ibilbide eszenikoko onena eskainiko die zornotzarrei.
Kultur denboraldiaren errepaso orokorra
Antzerki estreinaldiez haratago, Zornotza Aretoaren egitarauak dantza, musika eta zinema eskaintza zabala izango du. Dantzari dagokionez, Marcat Danceren Averno bezalako ekoizpenak nabarmentzen dira, urriaren 25ean. Musikan, Zornotza Aretoak kontzertu ugari eskainiko ditu, besteak beste, Zornotzako Musika Bandaren Magyc Melody, (azaroaren 22an), Frankestein agurgarria (Ana Galarraga & Petti) eta Eñaut Elorrieta eta Alos Quarteten kontzertua, Ahots Kordak (urtarrilaren 23an). Antzerkiari dagokionez, aipatutakoez gain, Maite Guevararen Susto, Sutottoren Feliz Dia, Ste Xeitoren Neura eta Txalo Produkzioak taldearen Trajea ere nabarmentzen dira.
Gainera, zinema-programazioak nazioarteko eta estatu mailako proiekzioak izango ditu, solasaldiekin eta hitzaldiekin batera, publiko guztiarentzako kultura-esperientzia aberasgarria bermatuz.
Kultura inklusiboaren aldeko apustu sendoa
Amorebieta-Etxanoko Udalak kultura inklusibo eta irisgarriaren aldeko konpromiso irmoa du eta bide horretan, hobari eta abantaila desberdinak eskaintzen ditu Zornotza Aretoaren programaziorako sarbidea errazteko.
Hala, Amorebieta-Etxanon urtebete baino gehiago erroldatuta daramaten pertsonek, hobari hauek jasotzeko aukera izango dute urteko abonuen prezioaren gainean:
- % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek % 100eko deskontua jaso ahal izango dute urteko ordainketan.
- Urteko indarrean dagoen DBE prestazioaren zenbatekora bitarteko ¡gehieneko diru-sarrerak dituzten pertsonek % 100eko hobariak jaso ahal izango dituzte, eta %50eko hobaria gehieneko diru-sarrera horiek %50eraino gaindituz gero.
Gainera, kolektibo horiek doako hiru sarrera izango dituzte zinemarako eta bi zuzeneko ikuskizunetarako.
Halaber, Zornotza Aretoak deskontu bereziak eskaintzen dizkie gutxienez hamar lagunentzako sarrerak erosten dituzten elkarte eta ikasle-taldeei, eta % 25eko deskontua zuzeneko ikuskizunetarako, honako kasu hauetan:
- Sarea antzoki-sareko edozein antzokitako bazkideak.
- ADDEko bazkide-txartelarekin
- Gazte Txartela indarrean duten pertsonek, NANa aurkeztuz.
- Elkarteak (gutxienez 10 pertsona)
- Ikasle-taldeak (gutxienez 10)
“Egitarau hau eskaintza artistiko anitza eta irisgarria eskaintzeko dugun konpromisoaren adierazle da, non antzerkiak, dantzak, musikak eta zinemak gure komunitatea aberasteko aukera ematen duten. Gainera, hobari eta deskontuei esker, kultura pertsona guztien eskura egongo dela ziurtatzen dugu, haien egoera ekonomikoa edozein dela ere. Amorebieta-Etxanon kulturak ez du ez oztopo ezta mugarik ere, eta aurten, beti bezala, guztiok gonbidatzen zaituztegu Zornotza Aretoan arteaz gozatzera”, amaitu du Ainhoa Salterain alkateak.


