Aritz Labrador izango da Amorebieta-Etxanoko danborradaren zuzendari berria

  • Jou Gonzálezek amaiera eman dio zuzendari gisa egin duen etapari eta urtetan danborradaren zuzendaritzan egon ondoren, Aritz Labradorri eman dio lekukoa; honek, ilusioz eta konpromisoz heldu dio erronkari, jaietako ondarea bizirik mantentzeko helburuarekin.
  • Amorebieta-Etxanoko Udalak eskerrak eman dizkie biei, jaietan eta ekitaldi berezi honetan erakutsitako dedikazio, grina eta konpromisoagatik.

Amorebieta-Etxanoko Udalak prentsaurreko bidez aurkeztu du gaur goizean herriko jaietako danborradaren zuzendari berria. Izan ere, urtetan danborradaren zuzendari gisa jardun ondoren, Jou Gonzálezek lekukoa eman dio Aritz Labradorri, gaur egun Zornotza Musika Bandaren eta haurren danborradaren zuzendaria denari. Labradorrek pozik eta ilusioz hartu du erronka berria.

Urte askoren ondoren danborradaren gidaritzan, Jou Gonzálezek etapa hau ixtea erabaki du. “Oso zoriontsu izan naiz danborradaren zuzendari bezala, baina badakit Aritz buru, esku onenetan uzten dudala. Orain urte hauetan nirekin danborradan aritu diren pertsona guztiei eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, lan zoragarria egin duten eta haien erantzuna ezin hobea izan da beti. Eskerrik asko, baita ere, Udaleko langileei, horrelako esperientzia bizitzeko aukera eman izanagatik. Asko ikasi dut eta pertsona asko ezagutu eta harremanetan sakontzeko aukera eskaini dit”.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, halaber, eskerrik beroenak eman nahi izan dizkio Jouei ere urte hauetan guztietan erakutsitako dedikazio, konpromiso eta grinagatik. Bere zuzendaritzapean, danborrada jaietako unerik garrantzitsuenetariko bat bihurtu da, ehunka pertsona musika, tradizioa eta herri-sentimenduaren bueltan batuz.

“Jou danborradaren figura izan da, jaietako egitarauaren ezinbesteko parte, eta bere lanak arrastoa utzi du bai parte-hartzaileengan, bai ikusleengan. Udalak, herritar guztien izenean, bere ekarpen handia eskertu nahi du eta zorte onena opa dio datozen proiektuetan”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.

Aurrerantzean, Aritz Labrador arduratuko da danborradaren zuzendaritzaz. Labradorrek, Zornotza Musika Bandaren eta haurren danborradaren arduraduna ere badenak, honakoa adierazi du: “Erronka hau ohore eta erantzukizun handiz jasotzen dut, gogoz eta ilusioz. Niretzat, ondare honi jarraipena ematea harrotasunez betetzen nauen konpromisoa da, eta ideia eta proiektu berriekin helduko diot etorkizunari begira danborradak izaera eta nortasun propioa izan dezan, betiere helburu batekin: zornotzarrek danborradaz urte luzez gozatzen jarrai dezaten”.

Danborradaren hasiera ordua aurreratuko da

Aurtengo berrikuntzen artean, danborradaren hasiera ordu erdi aurreratuko da, eta etenik gabe egingo da, ohiko moduan Herriko Plazan amaituz; bertan errepertorio osoa eskainiko da. Euria eginez gero, aldez aurretik emango da ibilbidean izan daitezkeen aldaketei buruko informazioa.

+ Irakurri

La Revelia jatetxeak Michelin izarra eskuratu du Zornotzan

2025/11/28

Zornotzak izar berri bat du gastronomiaren mapan. Michelin gida ezagunak bart ospatu zuen urteroko gala, eta sarituen artean izan da

Zelaietak Mikel Etxebarria Etxeitaren “Jai demokratikoen aldeko borroka. 1975-1976ko Karmenak” erakusketa hartuko du datorren astelehenean, abenduak 1

2025/11/26

Erakusketak 1975 eta 1976ko Karmenetan Zornotzako gazteriak jai parte-hartzaileagoen alde egindako borroka jasotzen du. Abenduaren 22ra arte egongo da ikusgai

Euskrowd: Adimen Artifizialak euskara naturala ulertzeko jauzi kolektiboa

2025/11/26

Euskrowd euskararen etorkizun digitala bultzatzeko sortutako proiektu parte-hartzailea da. Aplikazio honen helburua hizkuntza-teknologiak hobetzea da, etorkizun hurbilean gailu digitalek euskara

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only