‘AUSTRALIA’ Maria Guruciaga


MARÍA GURUCIAGAK, 31 URTEKOA, MARKETIN GRADUA IKASI ZUEN SARRIKON, ETA ONDOREN, “MARKETIN, KOMUNIKAZIO ETA PUBLIZITATE KUDEAKETA ETA ZUZENDARITZA” MASTERRA EGIN ZUEN MADRILEN. KOMUNIKAZIO AGENTZIA BATEAN LAN EGIN DU MADRILEN, LEHEN MAILAKO INFLUENCER-EN “BIZITZA” BIRTUALA ZUZENTZEN. ORAIN AUSTRALIAN BIZI DA ETA ESPERIENTZIA BERRIEN BILA DABIL.

Zerk bultzatu zaitu mundu digitalean eta influencer-ekin lan egitera?

Ez dut nire burua Community Manager bezala ikusten. Komunikazio agentzia batean hasi nintzen lanean, harreman publikoetan: ekitaldietara joaten ginen, influencer eta celebrityekin lan egiten genuen, marka handiak kudeatzen genituen…

Johnson & Johnson markarentzat hasi nintzen lanean, besteak beste, Neutrogena eta edari alkoholdun ezagunen komunikazioa eramanez. Horregatik, hotel-talde baten eta Pachá taldearen arteko komunikazioaz arduratu nintzen. Eivissan bizi izan nintzen denboraldi batean, baina ez zen esperientzia ona izan, eta bueltan influencer-ekin hasi nintzen lanean.

Zer nolako esperientzia izan zenuen In Management Agency-n, Dulceidaren agentzian?

Dulceidaren amak deitu zidan, manager bat behar zutela esanez. Nahiz eta oso konbentzituta ez egon, aldaketa positiboki ikusi nuen eta animatu nintzen. Lau urte eman nituen han: influencer batzuen managerra izan nintzen eta, aldi berean, telebistako aurkezleen eta chef batzuen sare sozialak ere kudeatu nituen.

Idolo sariak ere hasieratik bizitu nituen. Erronka handia izan zen, ordurako sari horiek ez baitziren ezagunak. Lan handia egin genuen, eta arrakasta handia lortu zuten; horregatik, urtebetez gehiago geratzea erabaki nuen.

Zertan datza zure lana influencer-en munduan?

Marken ordez, pertsonak “saltzen” dituzu. Kanpainak planifikatu, negoziatu, egutegiak prestatu… Influencer baten “eskuak eta begiak” bihurtzen zara eta marken eta haien arteko giltza zara. Adibidez, behin bere irudia garbitu behar genuen influencer batekin egin nuen lan, marka handiek onartu zezaten, eta, azkenean, Loreal eta GHD-rekin lan egitea lortu genuen.

Zelan ikusten duzu inluencerren mundu hori?

Injustua iruditzen zait. Baditut lagun influencer-ak goizeko 6etan jaiki eta gaueko 9ak arte lan egiten dutenak. Baina badira ez dutenak horrenbeste lan egiten eta, hala ere, arrakasta handia dutenak. Denak saku berean sartzen ditugu, eta ez da justua.

Markek ere ez dute beti ondo aukeratzen norekin lan egin eta horrek emaitza txarrak dakarzkie.

Jendeak lan erraza bezala ikusten du eta hori dela eta gero eta gehiago dira influencer bezala lan egin nahi duten pertsonak. Egia da komunikazioa guztiz aldatu eta telebista alde batera geratu zenetik enpresek influencerrak erabiltzen dituztela markak saltzeko baina uste dut epemuga duela. Goian daudenak geldituko dira eta besteak desagertuko dira.

Zergatik Australia?

Idolo sariak antolatu ondoren saturatuta nengoen. Neskalagunarekin batera pentsatu eta Australiara joatea erabaki genuen. Bertan lagun batzuk genituen. Visa eta lan-eszedentzia lortu eta bi urtez etorri ginen.

Melbournen hasi ginen eta gero Mackay izeneko herri batera joan ginen, hemen denboraldi jakin batean lan egin behar duzu visa luzatzeko. Hotel batean lan egin nuen eta baita harategi batean ere!

Zein dira kulturarteko ezberdintasunak?

Egiten dituzten planak oso ezberdinak dira. Txarrak diren gauza guztiak oso garestiak dira: tabakoa, alkohola… Afaltzera ateratzea ere garestia da. Hori dela eta, beraien planik ohikoena auto garestia hartu eta kanpinetara joatea da, familiarekin. Karabanak, kotxe gaineko dendak… horiekin egiten dituzte oporrak.

Heziketa aldetik, ez dute asko ikasten. 12 urterekin plater-garbitzaile izaten dira, 20 urterekin etxea eta autoa dituzte, eta 22 urterekin ama bihurtzen dira. Nire adinean bizitza estilo hau eramatea asko harritzen die.

Familia eta lagunak alde batera utzita, zer botatzen duzu faltan gehien?

Janaria asko botatzen dut faltan, hemen oso txarto jaten dute. Baina batez ere momentu garrantzitsuak; adibidez, lagun bat ama izan da eta oraindik ez dut umea ezagutzen, beste lagun bat ezkondu da eta ezin izan naiz joan… Hona bizitzen etortearekin batera badakizu horiek galduko dituzula baina ez nuen espero hain gogorra izango zenik.

Euskal Herriko juergak ere faltan botatzen ditut. A zelako gogoa daukadan juerga on bat botatzeko han! jajaja

+ Irakurri

Iraunkor: Elikadura lokala eta jasangarria sustatzen

2025/04/28

Eguneroko erosketekin ingurunea zaindu eta ekonomia lokalari bultzada eman diezaiokegu. Bai, posible da, eta Amorebieta-Etxanon bertan. Iraunkor elkartea irabazi-asmorik gabeko

‘ANDRES ESPINOSA’

2025/04/28

NOR DA? Andrés Espinosa Echevarría (Amorebieta, 1903 – 1985) alpinista eta abenturazale zornotzarra izan zen, mendizaletasunaren aitzindaritzat jotzen dena. Bere

ALAIAK ABESBATZA, 38 URTEKO MUSIKA ETA ADISKIDETASUNA

2025/03/24

ALAIAK ABESBATZAK AGUR ESAN DU, IA LAU HAMARKADAREN ONDOREN. LAGUNEN BILERA GISA HASI ZENA EGINDAKO BIDEAREN GOGOBETETZEAREKIN AMAITZEN DA. ETAPA

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only