Made in AE

AYARZA 75. urteurrena

Ayarza-1-web

1949ra begiradatxo bat eman eta bertara bidaiatzean, General Mola kalean kokatu eta hantxe dugu, gaur egun bezala Ayarzako gozo-denda kuttuna. Leku berean, produktu eta errezeta berarekin, eta geroago, familia guztiak eman dion maitasun amaigabearekin.

Anjel Ayarzak bere emazte Miren Gastelurekin batera hasitako bideari jarraipen oparoa eman zioten euren seme alabak, gurasoengandik jasotakoa seme alabei eskeiniz.

Nolakoa zen 1949ko Zornotza eta nola eman zituen Ayarza gozotegiak bere lehen urratsak?

Nekane alabaren hitzetan, 6-7 urterekin gogoangarri duena General Mola kale horretan, ez zegoela besterik, soilik Ayarzako lonja bera eta lehen etxea. Orain, Luis Urrengoetxea kalea da eta leku berean jarraitzen du dendak.

Seme-alabek diotenez, ogibidea ondo ezagutzeak eta gauza naturalak eta freskoak egitean, kalitate oneko produktuak sortu zituzten eta Anjelen profesionaltasunari eta Mirenen izaera kuttunari esker, denda emaitza onak ematen hasi zen.

Orotara, zortzi seme-alaba familian eta enpresaren eta ametsaren parte izaten hasi ziren eurak ere. “Aita Larreakoa izan da beti, Ballet-en lan egiten zuen hementxe ondoan, biltegi baten eta bertako arduraduna zan. Bitartean, gozotegian hasi zan gauza gutxigaz, besteagaz be jarraitzen zeban bitartean. Lehenago Bilbon ere aritu zan lanean urte askoan gozotegi batean”. Han sortu zitzaion, beraz, Anjel Ayarzari gozogintzarako sen hori.

Miren Gastelu, ama, bertako langilea zen, Lezamakoa zen izatez, eta Zornotzako dendan zegoen, Anjeli lagunduz “asko laguntzen zion aitari, zerbait egosten jartzen zutenean, bera zaintzen egoten zen eta kremak egiten zituen. Ama zoragarria zan jendaurrean, mostradorearen ostean nola tratatzen zituen denak, nola hitz egiten zien, ondo esana eta beti laguntzeko prest. Gainera, gauza gutxirekin hasi ziren dena egiten”.

Seme-alabek dioten moduan, “osaba bat geneukan Areetakoa eta gozogilea zen, eta berak beti esaten Zion aitari biltegiko lana uzteko eta gozotegiaren apustua egiteko, baina beldurra zeukan egonkortasuna alboratzeko eta arriskatzeko, baina, azkenean, egin zuen”.

Nolako jarraipena izan du Ayarza gozotegiak, historian zehar, familia, etxe eta negozio bilakatuz?

Javier semea, 13 urterekin sartu zen Ayarzan lanean, lehen mailako ikasketak bukatzean. Aitaren ondoan, lan eginez, ikasiz, hobetuz eta osaba gozogileak emandako gomendioekin ere bere bertsiorik onena lortzen saiatuz bere ibilbide osoan zehar. Bere bizitzaren parte ukaezina non asko gozatu duen eta lan asko egin duen. “52 urte gozotegian lanean eta, egunean egun, jubilatu naizen arte nire erronka beti izan da hobetzea, egunero hobetzea, eta horixe izan da garrantzitsuena niretzat”.

Alabek amari asko lagundu zioten egitekoetan, lehenengo Nekanek, eta gero, Mari Josek. Arantza eta Miren ere gerora bertan hasiko ziren, laguntzen, eta duela 6 urtera arte, eta orain ere, tarteka laguntzen aritu, Mirenek jendaurreko lana maite izan du, 32 urte eman baititu bertan, lanean. “Orain ere, ikaragarria da Bilbora, edota edozein herritara joan eta jendeak nolako agurrak eta gauza politak esaten dituen, asko gustatu izan zait nire lana, eta ahal dudanetan laguntzera joaten naiz, gabonetan, eta zerbait berezia dagoenean”. Begok gazteenak ere ahal zuenetan laguntzen aritu zen.

Joselu ere lanean hasi eta aitarekin eta anaiarekin batera, ogibidearen nondik norakoak ikasi zituen, gero, Iñaki etxeko gazteena izango zen familiaren negozioaren parte izango zena, eta dirauena. Seme-alabek ikasitako guztiari esker, gozogintzako obradoreak ekoizten jarraitzen du.

Egonkortasuna, horrela definitu ahalko genuke Ayarza gozotegia. Zein ote da horren sekretua? Errezetak sistematizatuta al dituzue historian zehar?

Egonkortasunaren sekretua lana da. Bai, hasierako errezetak eta formulak jarraitzen ditugu egunero. Altxor preziatua dira horiek, gordetzen joan garelako eta denak jarraitzen ditugu, diren bezala. 1983an uholdeetan busti egin ziren aitaren errezeta batzuk, baina, eskerrak, jasota dugula eta idatzita dugula dena.

Harrigarria, baina ez dugu ezer ere aldatu. 1949tik ekoizten eta sortzen joan garen errezeta berak jarraitzen ditugu, gaur egun, eta horixe ere sekretuetako bat, baina zalantzarik gabe, produktuen eta osagaien kalitatea da gakoa. Dena naturala da, freskoa. Elaborazioan eta eskuan dago gakoa.

Goizaldeko 02:00etan hasten gara lanean, eta bukaera ordua, auskalo, 8ak, 11ak, edota arratsaldean, lanaren arabera. Zapatuetan eta domeketan lan gehiago dago. Lehengoak jarraitzen du eta jarrai dezala.

Zorionak familia eta urte askotarako!

Amaia Larruzea Motxobe.

+ Irakurri

‘HORRA, HORRA, GURE MARI DOMINGI TA OLENTZERO’

2024/12/18

Olentzero eta Mari Domingi prest daude urtero bezala magia eta ilusioa zabaltzeko. Gabonak ate joka ditugu, eta opariak, ametsak eta maitasuna lehenetsiz, Euskal Herriko umeen irribarreak pizteko lanean dihardute ilusio handiz. Ez da erraza izan, baina Hilerok lortu du beraiekin

GABONAK ERRUMANIAN

2024/12/18

Tradizioaren, fedearen eta kultura-aniztasunaren ospakizuna Errumanian, Gabonak jai bat baino askoz gehiago dira; espiritualtasun, sinbolismo eta alaitasun komunitario handiko garaia da. Kristau tradizio ortodoxo handienetakoa duen herrialdea izaki, Gabonetako ospakizunek ondare kultural aberatsa islatzen dute, elementu erlijiosoak, landa-ohiturak eta komunitate-zentzu

AMOREBIETAK ELKARTASUNEZ ETA EKINTZAZ ERANTZUN DIO LARRIALDIARI

2024/12/18

DANAk Valentzian eragindako suntsipenaren ondoren, Aitor Aparicio, larrialdietako teknikaria eta Amorebietako bizilaguna, laguntza humanitarioko kanpaina solidario baten buru izan zen, eta ondoko hiri eta herri guztiak mobilizatu zituen. Hiru egun eskasetan, funtsezko baliabideak biltzea lortu zuten kaltetutako eremuetara bidali zituzten

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only