Zornotzan

Noticias

‘Espirituen mendia’ren magalean, zorigaitzei aurre eginez, aukera egokiaren esperoan

Ez dira garairik onenak izaten ari gizartearentzat, oro har, ezta negu garaiko nazioarte mailako alpinismoarentzat ere. Hainbat istripu egon dira Himalaian eta baita Alpetan ere, eta gertaerarik azpimarragarrienetakoak K2 mendian izan dira, egun gutxiren buruan, zorionetik zoritxarrera igaro baita alpinismoaren egoera. Hamar nepaldarrek historietako liburuetan orrialde berri bat idaztea lortu zuten, K2 mendia neguan lehen aldiz igoz, eurak ere langileak izateaz gain, alpinista bikainak direla erakutsiz eta euretako batek Nirmal Purjak oxigenorik gabe igoz.

Egunak pasa ahala, ordea, zoriona zorigaizto bilakatu da, bost alpinista zendu baitira K2 mendian bertan, Karakorumen, munduko bigarren mendirik garaienean. Sergi Mingote, Atanas Skatov, Ali Sadpara, John Snorri eta Juan Pablo Mohr izan dira negu honetan Pakistango mendirik ederrenetakoan eta arriskutsuenetakoan bizia galdu duten alpinistak. Alexek denak ezagun dituen arren, horietako bat oso oso lagun mina zuen, zein eta Ali Sadpara.

Une honetan, Pakistanek zuen alpinistarik indartsuena eta herrialdean estima handia ziotena, heroi gisa zutena, alegia, hemen futbolariei ematen zaien ohorearen parekoa.
Alexek duela urte asko ezagutu zuen Ali, eta ohiko alpinistek langile soil baten moduan hartu ordez, itzalean utziz, bidelagun eta alpinista kide moduan hartzea erabaki zuen, horixe baita merezi dutena nahiz eta errealitatean ez den horrela bizi. Nanga Parbaten bi urtez gogor aritu ziren elkarrekin, neguko lehen igoera lortu arte. Gabonak ere hemen igaro izan ditu Alik Alexen familiarekin eta Euskal Herrian zehar batetik bestera aritu izan da Alexekin batera, berak ere aukera izan zezan hitzaldiak emateko eta bere lorpenak eta bere mendizaletasun ibilbide oparoaren berri emateko. Estima handia diogu lagun izan dugun denok.

Imajinatuko duzuenez, ez dira albiste onak 4.750 metrotara kokatutako Behe Kanpaleku batean jasotzekoak, kasualitatez edo “kausalitatez” bertan baitira aurten Alex Txikon eta Simone Moro elkarrekin, Ali Sadpararekin batera neguko lehen igoera hori erdietsi zutenak. Desagertuta zeuden albistea jaso bezain pronto, biak ala biak Pakistango militarrekin hitz egin (Nepalen enpresa pribatuak diren arren, Pakistanen helikoptero guztiak militarrenak baitira), oxigenoarekin arazo bat izan, buelta eman eta 3. Kanpalekuan aitaren eta lagunen zain zegoen Sajid Ali salbu egotea bermatu, babesarekin jaitsi ahal izatea ziurtatu eta desagertuen bilaketa koordinatzen saiatu ziren, izan ere, Simonek helikopteroen enpresa bat du eta kontaktu asko ditu. Zoritxarrez, ordea, ez zuten ezer egiterik izan eta oraindik ere ez da euren arrastorik atzeman. Zoriona, oxigenoarekin izandako arazo horrengatik, Aliren seme gaztea salbatu izana, eskerrak.

Egun gutxira, Manasluko Behe Kanpalekuan haize-bolada bortitz batek dendaren bat eta beste apurtu, “egongela” gisa erabiltzen dutena hankaz gora bota eta neguko eguraldiari men egiten dion gau horietako bat bizi izan zuten bertan Alex Txikonen espedizioko kideek. Bizitzak aurrera egin eta bertan jarraitzen dutela ohartzeko bezalako oihartzun bat. Eta, horrela egin ere, izan ere, eguraldi oneko iragarpenarekin eskuan, Alexek eta kideek gailurrerako bideari ekin zioten, hala ere, urtero gertatzen den aldiro, nahiz eta lau iragarpen ezberdin jaso eta hauek uztartu, Himalaietako eguraldiak ez du gupidarik eta 70 km/orduko haizearekin topatu bezain pronto eta gailurrean 100 km/ordura zegoela ohartzean, lan asko eginda, 7.000 metrotara iristea lortu zuten; baina egoera hala ikusita eta gehiegi arriskatuz gero, zer pasa daitekeen pentsatuta, Behe Kanpalekura jaistea erabaki zuten, haize gutxiagoko egunak noiz iritsiko zain. ‘Espirituen mendia’ren magalean, zorigaitzei aurre eginez, aukera egokiaren esperoan. Aurrera talde, zornotzarrak ere zuekin gaude!

Amaia Larruzea Motxobe

+ Leer más

Este sitio web utiliza cookies para mejorar su experiencia de navegación y asegurar el correcto funcionamiento del sitio. Al continuar utilizando este sitio, reconoce y acepta el uso de cookies.

Aceptar todo Aceptar solo las requeridas