“16-17 urterekin ikusi nuen aukerak nituela futbol munduan ibilbidea egiteko. Hortik aurrera oso arin joan da dana”
Xabi Etxeitak 16 urte zituela debutatu zuen Amorebietako lehen taldean. Athleticek bere talentua antzeman zuen, eta 2006ko udan Urritxetik Lezamara jauzia eman zuen, bere ibilbide oparoa hasiz. Bilbao Athleticen bi denboraldi jokatu ondoren, 2008ko azaroaren 12an, lehen taldearekin debutatu zuen Recreativoaren aurkako Kopako partida batean. Denboraldi horretan Kopako finalera iristea lortu zuten. Hurrengo denboraldian, ordea, Athleticetik eta bere herritik kanpo irten behar izan zuen, Cartagenara utzita jokatzera. Cartagenatik Elxera joan zen, eta hiru denboraldi eman zituen bertan, jokalari oso garrantzitsua bilakatuz, azken urtean lehen mailara igotzea lortuz.
Elxen egindako lan onak bere fruituak eman zituen, eta Athleticera itzuli zen, taldean garrantzia hartuz eta Espainiako selekzioaren deia jasoz. Athleticen bost denboraldi jokatu zituen bigarren etapan, Kopako beste final bat jokatu eta galdu zuen, baina gero Superkopa irabazi zuen Messiren Barçaren aurka! Europako hainbat partida ere jokatu zituen garai hartan. Bere postuan konpetentzia gogorra sortu zen eta horren ondorioz, berriro utzita atera zen, oraingoan lehen mailara igo berria zen Huescara. Ondoren, Getafe, Eibar eta, azkenik, Amorebietan amaitu zuen bere futbol-ibilbidea, beti ere talde guztietan maitatua eta errespetatua izanik.
Zornotzan hasi zinen futbolera jokatzen, zelan gogoratzen duzu?
Ikastolan hasi nintzen lagunekin futbolera jokatzen. Gero, SDAan. Kirol zalea izan naiz beti eta kirol ezberdinak probatu ditut: eskupilota, futbola, txirrindularitza eta abar. Futbola izan zen gehien gustatu zitzaidana eta hortik astiro-astiro joan nintzen. Amorebietako taldean ikusi nuen maila ematen nuela eta motibatzen hasi nintzen. Inflexio puntua hirugarren mailan debutatu nuenean izan zen. Amorebietako lehenengo taldeagaz lehen aldiz jokatu nuen jubenil izanda, 16-17 urterekin, eta ikusi nuen aukerak nituela futbol munduan ibilbidea egiteko. Hortik aurrera oso arin joan da dana.



Ondoren Athleticek atea jo zizun. Ametsa egi bihurtuta?
Bai. Profesionalki salto bat izan zen. Lehenengo Bilbao Athleticera sartzean Athleticen mundu hori bizitzen duzu. Hor ikusten da hurrengo pausua lehenengo maila dela eta ametsa egi bihurtzeko aukera dagoela. Egia esan polita izan zen, exijentzia handikoa, baina ilusio handiarekin. Oroitzapen asko ditut.
Zeintzuk nabarmenduko zenituzke Athleticegaz?
Lehenengo eta behin, garbi dago, nire debuta. Valentzian jokatutako lehen finala ere nabarmenduko nuke, nire lehen etapan Athleticen. Izugarria izan zen. Hiru edo lau egun arinago joan ginen kontzentraziora. Bilbon bizi izan zen giro horretatik aparte egon ginen, baina ikaragarria izan zen, Valentziaren zelaian jendearen berotasuna sentitu genuelako. Hainbeste urtetan final bat jokatu barik, jendeak kriston ilusioa zeukan. Hori bizitzea sekulakoa izan zen. Nola ez, Superkopako garaipena ere gogoratzen dut. Barça handi baten aurka, etxean 4-0 irabazi ondoren eta gero itzulian berdinketa. Udaletxean bizi izandakoa ere gogoan dut, autobuseko bidaia Bilbotik zehar… Ametsa egi bihurtu zen, gure generazioarentzat eta arinako askorentzat Athleticekin titulu bat lortzea ametsa zelako. Urte asko pasatu ziren hori lortzeko, baita garai gogorrak. Guzti hori bizitzea tokatu zitzaidan, eta pozik eta harro nago.
Nolakoa izan da zure “futbol-bizitza” esperientzia?
Lehenengo Cartagenara egin nuen salto urte erdi. Niretzako eduki dudan masterrerik handiena izan da, 21 urterekin lehenengo aldia izan zelako herritik urtetan nintzena oso urrun dagoen leku batera. Athleticen mundu hori atzean utzi nuen, futbol profesionalera saltoa zen. Herrialde desberdinetako jokalariak zeuden eta exijentzia handia zen. Gainera, nik bakarrik gauza asko egin behar izan nituen: etxearen kontuak, eguneroko gauzak… faktore asko zeuden hemen (Zornotzan) ez nituenak kontrolatzen. Hori irakaskuntza handia izan zen niretzako.



Lehen mailako jokalariak askotan beraien herritik kanpora irtetzen dira bizitzera. Zuk berriz, gertu jokatu duzunean (Athletic, Eibar) Zornotzan bizi izan zara.
Hasieratik Zornotzan finkatu ginen familia eta ni. Egia da Athleticeko garai askotan herrian egotea ez zela guztiz erosoa. Ulertzen dut jende asko herritik kanpora joatea Bilbon edo hiri erdialdean egoteko. Baina ni herrian oso gustura sentitu naiz, ez daukat inongo aitzakiarik arlo horretan. Pozik egon naiz, herritarrek keinu onak egin dizkidatelako. Ez dut zalantza bat ere ez izan hemen bizitzeko.
SDAn berriro jokatzeko aukera sortu zitzaizun. Merezi izan du?
Bai, duda gabe. Askotan pentsatzen nuen ibilbidearen bukaeran nengoela, herrira berriro, presio puntua herrikoa naizelako… Gutxieneko maila bat ematen ez baduzu, sentsazio txarrarekin geratzen zara. Erdi lesionatuta ere bukatu nuen Eibarren azkenengo denboraldian, eta erretiroan pentsatu nuen hona etorri baino arinago, nahiz eta kanpotik eskaintza onak eduki. Uda guztia egon ginen pausu hori eman ala ez, eta azkenean irailean erabakia hartu nuen. Gogoratzen dut behin betiko baietza eman baino aste bat arinago, entrenamendu gogorrak egiten nituela eta ondo sentitzen nintzela. Kirol arloan izugarria izan zen iazko igoera eta egunerokoa ere oso erraza izan da niretzat zornotzarra izanda, umeak ikastolan utzi eta entrenatzera joatea oso atsegina izan da. Hartu dudan erabakirik onena zalantza barik, oso pozik nago.
Denboraldi honetan partidak Urritxera bueltatu dira. Bertatik ikusiko zaitugu?
Bai, seguru. Ahal dudanean partiduak ikusten joango naiz Urritxera, bazkide moduan. Baita taldekide ohiak hor egongo direlako. Urritxera berriro bueltatzea ilusioa da. Oroitzapen onak ditugu SDAko bazkide eta zornotzar guztiok. Seguru lehengo anbiente hori berreskuratuko dugula.
Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?
Momentu honetan nire etorkizun laburra deskonektatzea eta familiarekin egotea da. Futbolak desgaste asko dauka, profesionaltasun luze baten barruan egon naiz eta uste dut geratzeko momentu bat hau dela. Zalantza gutxi dauzkat, futbola asko gustatzen zait eta badakit bidea nondik joango den. Formatzen jarraituko dut eta gusanillo hori berriro badaukat, futbol munduan jarraituko dut, ez dakit entrenatzaile moduan edo zuzendari bezala.
