Horrela esan du Amaia Aurrekoetxeak, Amorebieta-Etxanoko Udaleko euskara zinegotziak gaur goizean Amorebitea-Etxanoko euskaltegien matrikula-aldiaren aurkezpenean komunikabideen aurrean egindako bere lehen agerraldian. «Euskarak denok behar gaitu». Berdin da langile, guraso, ikasle, etorkin nahiz euskalduna izan. Gure herriko euskaltegien helburu nagusia zornotzar guztiei euskara ikasteko aukera ematea da. Horretarako Amorebieta-Etxanoko Udalak udalerrian erroldatuta dauden euskara ikasleentzako diru-laguntzak ematen ditu, Aurrekoetxea zinegotziak gogoratu duenez.
Amorebieta-Etxanoko Udalak, Zornotza Udal Euskaltegiak, AEK-k eta Zornotzako Barnetegiak hasiera eman diote 2019-2020 ikasturteko matrikula-aldiari. Idoia Zuloagak, Zornotza Udal Euskaltegiaren zuzendariak; Maribi Zubiagak, Zornotzako Barnetegiaren zuzendariak eta AEK-ko udalerriko arduraduna den Igor Landalucek, zornotzar guztiak deitu nahi dituzte aurtengo ikastaroetan matrikulatzera.
Zornotzako Barnetegiaren hileroko ikastaroen eskaintzaz gain, udalerriko Zornotza Udal Euskaltegiak, eta Zornotzako AEK-k jardun ezberdineko ikastaroetan matrikulatzeko aukera ematen diete zornotzarrei baita maiztasunaren aldetik ere: egunero astelehenetik eguenera, astean bi egunetan… Udako trinkoak edo iraileko eskaintza ahaztu gabe.
Helburu nagusia euskara ikastea izanik, eskaintza ikasleei bideratua izango da. Horretarako, besteak beste, xede berezietarako taldeen aukera izango da (guraso taldeak, nagusientzako taldeak…), baita maila lortzea helburu duten taldeena ere.
Amorebieta-Etxanoko Udalak udalerrian erroldatuta dauden euskara ikasleentzako diru-laguntzak ematen ditu. Eskariak urrian, ikasturtea amaitutakoan, aurkeztu ahal izango dira.
Horrez gain, Euskara Zerbitzuak antolatua eta euskaraz berba egitea helburu duen Berbaldiak programan izen-ematea ere urrian izango dela jakinarazi du.