Julen Baz eta Imanol Artetxe zornotzarrak haien forma garbienean. Ezagunak biak, eta oso, zornotzar guztiongaitik. Lehena Urtza taberna hainbat urtetan gidatzeagaitik, baina batez ere sukaldean duen arte eta distiragaitik. Bigarrena berriz, Propi Jatetxearen proiektua zornotzar guztiei hurbiltzeagaitik. Aitzol Atutxa dimatar aizkolariarekin batera, asmo handiko, tradizionala bezain berritzailea, ausarta eta ilusioz betetakoa proiektuari ekin diote, Garena. Zornotzar gazte arraskatatsu hauek Hilerorekin mintzatu dira Garena Jatetxearen berri emateko.
Zer da Garena proiektua?
Imanol: Ba Garena proiektua urte berdinean jaiotako eta gastronomia munduan dabiltzan hiru ezagunek sortzen dute. Bakoitzak bere esparruan zuen esperientziak lagundu zuen proiektuari bultzada ematen, Julen sukaldean, Aitzol gestioan eta ni salan.
Zenbat pertsona izango dira zuekin?
Imanol: 10 bat pertsona, baina asteburuetan ziur aski gehiago izango garela. Gainera oso harro esan genezake lan-talde oso ona daukagula jatetxeko esparru guztietan.
Nora eraman nahi duzue Garena?
Julen: Asmoa da publiko denetara heltzea, horregaitik bereizi ditugu hainbat espazio. Tabernaren gune informalena barra izango da, non pikoteoa egongo den. Lehen soilairuan jantoki printzipala dago, eguneroko erreserbei leku emateko. Erretegietako karta tradizionala egongo da, eta bi menu gastronomiko (40€ eta 75€) bigarren hau 12 pase ditu eta plater bakoitzak inguruko baserrietako istorioak kontatzen ditu. Prezio ezberdin eta eskuragarriak jarri ditugu publiko denetara heltzeko asmoz. Azkeneko solairua enpresetara bideratuta dago, bilerak, konferentziak, aurkezpenak egiteko espazioa izango da.
Bertako produktuen erabilera sustatuko duzue? Ortu proiektu bat ere badabil hortik?
Imanol: Bai badago hirugarren batzuek gestionatuko duten ortu proiektu bat, haiek landatuko dute guk emandako adierazpenekin.
Garenako platerrak markatuko dituen produkturen bat egongo da?
Julen: Plater guztiek osotara istorio bat eukingo dabe, baina badago platerren bat produktuari begire edo istoriori begire bereziagoa izango dana.
Sormen handiko menuak izango dira?
Julen: Bueno, nik uste dot saiatu garela mantentzen linea tradizionala bereziki oinarrietan, bai saldatan eta bertokoagoak diren produktuetan. Baina bai egongo direla plater batzuk elaborazio handiago bat izango dutenak baina ez gara nahi modernoz haratago joan.
Zelan dago euskal gastronomia momentu honetan?
Julen: Ba oso ondo egia esan, Ourensen Espainiako semifinalean egon ginen orain dela aste batzuk eta hiru euskaldun egon gara zortzi parte-hartzaileetatik.
Sariren bat irabazi duzu, ezta Julen?
Julen: Bai, Nespressoren taparik onenaren saria irabazi genuen.
Datozen urteetako erronken artean, ba al dago Michelin izar bat lortzea?
Julen: Nik uste dot, Michelin sarietara begiratu barik, egunerokotasunean datorren bezeroari begiratu behar dogula, hauek pozik urtetea. Gutxika goaz, horregaitik ez dogu bete nahi jantokia momentuz, oso garrantzitsua iruditzen jaku harrera eta zerbitzu onena emotea gure bezeroei. Urteak aurrera doazen heinean horrelako errekonozimendu bat badator, ondo etorria izango da eta poztasun handia izango da. Horregaitik gu bikaintasun horretara joango gara baina bezeroari begire beti.
Orduan, zuretzako arrakasta izatea hori izango zen?
Julen: Bai, niretzako benetako arrakasta izengo zan jatetxea beteta izatea eta mundu guztie pozik joatea.
Jatetxeaz gain upeltegiak ere badituzue jatetxetik gertu, ezta?
Imanol: Bai, txakoli propioa daukagu, Geroa eta Garena izenekoak eta jatetxean izango dira dastagai.
Proiekturen bat gehiago martxan?
Imanol: Olio propioa ere ateratzekotan gabiltza, Moredatik ekarritako kooperatiba txiki batetik gure etiketa propioagaz.
Eta etorkizunerako proiekturen bat?
Julen: Konpromiso osoa daukagu ingurumenarekin, gure balore garrantzitsuenetako bat jasangarritasuna izanda. Birziklatzea oso presente daukagu, eta konposta proiektu bat ere martxan daukagu. Etorkizun batean ere, gure produktuak landatu nahi ditugu.