Zornotzan

Enpresak, Herria

GERNIKAKO ARBOLAREN KIMUA LANDATU DUTE GAUR AZURMENDI JATETXEAN

Gernikako Arbolaren kimu bat Larrabetzun landatzeak Basque Know How Fundazioaren lana omentzen dau. Gaur goizetik, Basque Know How fundazinoak Larrabetzuko Azurmendi moltso eno-gastronomikoan dauen egoitzea, mundu osoan Gernikako Arbolaren kimu bat daukan lekuen zerrendan sartu da. Kimua landatzeko ekitaldian Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea, Lorea Uribarri Fundazioaren zuzendaria, Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea, Eneko Atxa sukaldaria, Gorka Izagirre horren osabea eta Azurmendiko taldeko nazinoarteko 40 kide egon dira.

Gernikako Arbolea “euskal herriaren sinbolo unibersala da bost kontinenteetan, gaur egun gure gastronomia bikaina gure herrialdearen sinbolo dan moduan”, adierazo dau Ana Otaduik. Kimua gastronomia moltsoan landatzeak errealidade bilakatu dau “garapen jasangarriari emoten jakon laguntzea” dala eta Fundazinoari bihotzez eskintzen deutsagun omenaldia eskintzeko asmoa. “Gure herrialdean sustrai sendoak ditu, euskal herritarron beharraren betidaniko balioei lotuta, etorkizuneko belaunaldientzako legadua bultzatuz, ezagutzan eta barrikuntzan oinarrituta”. Eneko Atxa sukaldariak be Gernikako Arbolaren sinbologia azpimarratu gura izan dau: “Euskaldunok ez gara besteak baino hobeak, baina desbardinak gara, eta Gernikako Arbolea desbardintasun horren erakusgarria da”.

Larrabetzuko alkateak, bere aldetik, bere Udalak garapen jasangarriaren inguruan erakutsi dauen kontzientziazinoa azpimarratu gura izan dau, 2013an, Azurmendi jatetxeagaz batera, Bertokoa Indartuz ekimena martxan jarri ebanetik. “Udalak herriko nekazariei ordaindu egiten deutse, atez ateko bilketea egiteko. Organiko horregaz konposta egiten da gure herrian bertan, eta konpost hori bertako soroetan erabilten da”. Iñigo Gazteluk adierazo dauenez, proiektu horri esker 2017an 64.300 kilo organiko berreskuratu ziran.

“Gernikako Arbolaren” soinuak lagunduta lehenengo palakadak emon ostean, bertan alkartu diran guztiek hartu ahal izan dabe parte ekitaldi sinbolikoan. Bukatzeko, Batzar Nagusietako Presidenteak egiazkotasun ziurtagiria entregau dau. Gastronomia moltsoan landatu dan alea, Gernikako Batzarretxearen, Bizkaiko erakunde organo nagusiaren egoitzearen, buru dan haretxaren ezkurretik datorren “quercus robur” espezieko haretxa da.

+ Leer más

Este sitio web utiliza cookies para mejorar su experiencia de navegación y asegurar el correcto funcionamiento del sitio. Al continuar utilizando este sitio, reconoce y acepta el uso de cookies.

Aceptar todo Aceptar solo las requeridas