Ohartu al gara zeinen garrantzitsua den musika sortzea pandemia garai honetan?
“Bizitza karratu hauek desorekatzeko eta konpentsatzeko… oso beharrezkoa dugu musika”
Garai gogorrenetan ere, musikaren sorkuntza eta indarra bidelagun hartuta, bestelako mundu batera joko dugu Mikel Urdangarinen lan berriari esker, nora eta ametsen mundura. Musikak hainbat gaitasun hartzen eta jorratzen ditu bere baitan, horien artean, lasaitzearena, distraitzearena, bidaiatzearena eta hizpide dugun legez, amestearena ere.
“Akaso, itxialdi honetan, musikak beste toki bat hartu dau geure bizitzetan, baina, nik uste, errealitate baten isla dala, benetan, musikak eta kulturak, oro har, gure bizitzetan oso leku handia eduki baitute beti. Itxialdian, berriz, anplifikatu egin da hori eta bozgorailua beste tamaina batekoa izan da. Hala ere, nik uste hau guztia ere pasa egingo dela eta kulturak gure bizitzan izan duen tamaina hori izaten jarraituko duela; seguruenik, ez gehiago ez gutxiago, desira bai gehiago balitz eta pandemiarik gertatu beharko ez balitz hortaz jabetzeko, izan ere, bizitza karratu hauek desorekatzeko eta konpentsatzeko… oso beharrezkoa dugu musika”, azaldu digu Mikel Urdangarin zornotzarrak.
“2020ko maiatzean, geure uretan, ur zabaletan, … “ horrela diote disko berriari izena ematen dion “Izurdeen lekua” abestiaren hasierako hitzek. Zer helarazi nahi du, ordea, Urdangarinek esamolde hauekin? Nolatan itsas animali berezi hau abiapuntu? Argi du Mikelek, metafora bati erreferentzia eginez, zergatiaren berri eman digu, eta adi, Zornotza, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula-eta.
“Martxoan etxean gordetzea tokatu zenean, urte hauetan horrenbeste prestatu izan dudan pianoaren bira bertan behera utzi behar izan nuen eta aldartea ere ez zen onena izan, ez bainuen sortzeko indar handirik”, zorionez, ordea, apirila eta maiatza inguruan, indarrak piztu eta sortzeko gogo hori berreskuratu zuela diosku Mikelek. “Pizkunde hori iritsi zen une berean, izurdeak ere geure kostaldera iritsi ziren, Ondarrure, Zarautzera, … eta bisita hori ospatu egin genuen, animaliek aspaldiko askatasuna berreskuratu baitzuten; hain zuzen ere, izurdeen bisita hori izan zen mentalki zer kontatu nahi nuen kokatzeko gakoa, galdutako hori gogorarazten baitigu izurdeen bisitak”.
Ez pentsa, ordea, Urdangarinek hitzak eta melodiak oharkabean sortzen dituenik.
Pandemia hasi zenetik, azken hiru urteetan zeraman dinamika berari segida eman zion abeslari zornotzarrak, alegia, goiz eta arratsalde pianoa jo eta tarteka ohiko bizimodua egin -kirola eta aisialdia-. “Azken urteotan, diziplina handia izan dot pianoa jotzerako orduan”. Itxialdia iritsi bezain pronto, ordea, ordura arte prestatzen nenbilen diskoa zalantzan jarri neban”, adierazi digu Urdangarinek.
Ez da ohikoa izaten musikariek euren une txarren inguruan hitz egitea, askotan sorkuntza berez datorkiela uste baitugu eta horri heldu nahi diogu, izan ere, Mikelen buruhausteak zeintzuk diren jakin nahiko genuke, lan honek atzean duen prozesu eta melodia hobe ulertu ahal izateko. “Ez genekien hurrengo hilabeteetan geure lanak aurkezteko zer nolako egoera izango genuen, beraz, disko bat egin, bai, baina zertarako? Eukiko dogu non jo? Eukiko dogu noren aurrean jo? Erantzun horiek gabe oso zaila zen aurrera egitea, baina azkenik, pandemia batek geldiarazi ezin gaituela pentsatu eta apustu egitea erabaki genuen, atzeratuz gero ez baitzen disko hau izango, disko honi garai hau tokatzen baitzaio”, hortaz, uztailetik irailera bitartean produkzio lan potentea burutu zuen bere eguneroko konstante horri men eginez eta jarraipena emanez.
Ama izan du bidelagun, bizitzan bertan moduan, lan berri honetan ere. Bere presentzia modu biderkatuan sentitu izan du bizitzan, eta, era berean, disko honetan ere, “ezin izan dut ebitatu, holan suertatu da eta holan bizi izan dot, eta gauza askori kantatzen diodan arren, bera izan da ardatza”:
Emanaldiak, Durangoko (ez) azoka eta biziraupena
Gogor astindu du kultura pandemiak. “Kultura segurua da” oihartzuna lau haizetara zabaltzen saiatu izan dira egile, aktore eta musikariak, hala ere, murrizketek, neurriek eta beldurrek ez dute zabalkunde horretan lagundu, mugak muga egoera horrelakoa baita egun. Urdangarinek, ordea, urtea salbatu egin duela diosku, hainbat emanaldi erori egin diren arren, zorionez, beste batzuk sortu izan direlako, eta segur aski, zorte kontua ere izan dela aitortu digu, hala ere, berak zortea eduki izanak “ez du kentzen aurtengo errealitatea benetan latza izan denik, batez ere, kulturaren munduan”. Bere hitzetan, beti ospatu omen du emanaldi bakoitza, “sekula ez dut normalizatu emanaldiena, opari bat iruditzen baitzait bakoitza eta orain akaso sentipen hori handitu egiten da”. Gainera, musukoaren harresia gainditzea lortu dugula dio eta kontzertuetan sortzen den magia horren bila joan direla eta eman izan dala; beraz, alde horretatik oso pozik agertu da zornotzarra.
Durangoko Azokaren inguruan berba egitean, ez ohiko fenomenoa dela azaldu digu, euskal kulturarekiko atxikimendu hori ez baita beste inon ematen, ez behintzat eskala horretan, baina, daramagun urte petralaren ondoren, Durango ere petraltasun horretik ezin ihes eginda aritu dela adierazi digu. Hala edo nola ospatu izana arrakasta handia izan dela dio, eta, desirak desira, “datorren urtean, betiko Durango hura geure begiekin ikustea espero dot”. Bitartean, jarrai dezagun, bada, Mikel Urdangarinen musikaren bidez ametsen mundu horretara bidaiatuz eta sorkuntzaren alde egiten dugun era berean, geure egunerokoan musikaren magia geure buruari eskainiz eta oparituz.
Amaia Larruzea Motxobe