Zornotzarra den Jon Castañeda, Jonkass izen artistikoaz ezagunagoa, bere ibilbide musikaleko urrats handienetako bat eman du bere lehen bakarkako diskoa argitaratuta: DAM. Lanaren izenburuak «Drogazale, Adardun, Marikoia» hitzen siglak dira, eta Paradisu Zinema Bekaren laguntzaz sortu da, Iñigo Muguruzaren oroimenez EHZ jaialdiak, Antxeta Irratiak eta Elkarren artean bultzatuta.
Erromeria giroko Akerbeltz taldeko abeslari gisa 200 kontzertu baino gehiago eman ondoren, Jonkassek bere bidea hasi du orain, azken urteetako bizipen eta sentimenduak biltzen dituen lan batekin. «Disko honek nolabait laburbiltzen du ni naizena», azaldu zuen azaroaren 4an Bilboko Poza Lizentziatuaren kaleko Elkar dendan egindako aurkezpenean.
«Oholtzara igotzen hasi nintzenetik behin eta berriz entzun ditudan hitzak dira, eta haiei buelta eman, nire ikur bihurtu nahi izan diet. Lotsarik gabe: DAM»
Diskoaren izenak esanahi berezia du. «Oholtzara igotzen hasi nintzenetik behin eta berriz entzun ditudan hitzak dira, eta haiei buelta eman, nire ikur bihurtu nahi izan diet. Lotsarik gabe: DAM», adierazi zuen artistak. Horrela, identitatea eta askatasuna aldarrikatzen ditu euskal musikagintzan, non, bere ustez, «purpurina eta luma gutxi izan baitira».
DAM diskoak hamabi kantu biltzen ditu, eta estilo askotarikoak nahasten ditu: reggaetoia, elektronika, balada eta baita “rumbita” bat ere. Abesti bakoitzak artistaren bizitzako une edo leku esanguratsu bat irudikatzen du. Nabarmenen artean daude “Andaluzia”, Alarma Morea taldearekin grabatua; “Bob Espok”, Xabi Solanorekin egindakoa eta Kepa Junkerari eskainia; eta lehen singlea, Bilboko Kafe Antzokiari egindako omenaldia.

Diskoa kalean dela, Jonkass berriz ere oholtzetara itzuli da banda osoarekin —teklatuak, gitarra, bateria eta baxua— eta ilusioz beterik. «Zuzeneko artista bat naiz batez ere. Eguna heltzeko eta prestatu dugun guztia erakusteko irrikitan nago», onartu du.
«Zuzeneko artista bat naiz batez ere. Eguna heltzeko eta prestatu dugun guztia erakusteko irrikitan nago»
Eta egun hori gaur, azaroaren 7a da: Bilborocken arituko da, Somak taldearekin batera. Kontzertua dohakoa izango da, aforoa bete arte. Gainera, abenduaren 6an, Durangoko Azokako Ahotsenean izango da berriro.
Jonkassek ikuskizun berezia eta landua agindu du: «Diskoa entzun daiteke, baina zuzenean ulertuko da hobeto».


