Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak, Nagusi Aretoaren bidez, datorren azaroaren 30ean, ostirala, 15:00etan txango bat antolatu du Meatzaritza museoa ezagutzeko herriko nagusientzat.
Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Euskal Herriko meatzaritzaren kultura eta historia eta, bereziki, Bizkaiko meatzaldekoa ikertu eta ezagutaraztera zuzenduta dago.
Museoko erakusketa iraunkorrean egiten den bisita gidatua erabat osoa da; ikus-entzunezko batekin hasten da, ondoren Kontxa II aire zabaleko meatzea bisitatzen da, museotik metro gutxi batzuetara, antzinako Gallarta herria zegoen tokian hain justu, eta amaitzeko, gidarien azalpenak entzuten dira.
Museoko erakusketa iraunkorrean bisita gidatuak egiteaz gain, Trapagaranen dagoen Zugaztieta meatzari herrian ere bisita gidatua egingo da; han, Bizkaiko Foru Aldundiak zaharberritu eta birgaitutako antzinako meatzari-etxea bertatik bertara ezagutu dira.
– Izena emateko epea: azaroaren 29ra arte.
-Izena emateko eta informazioa eskuratzeko Nagusi Aretora jo daiteke astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara.
– Prezioa: 5 € Sarrera+busa
– Plaza mugatuak dira.