- Abendutik otsailera bitarte, musika, jokoak, zozketak eta noski, binakako 2025 txapelketako partidak uztartzen dituen jaialdia ospatuko da, zehazki, lau ostiraletan.
Pilotafest Pro Fest jaialdiaren baitan, Amorebieta-Etxanok esku pilota profesionaleko lau partida hartuko ditu abenduan hasi eta otsailera bitartean 4 ostiraletan.
Hala jakinarazi dute gaur goizean egindako aurkezpenean Amorebieta-Etxanoko Kultura eta Kirol zinegotziak, Koldo Bilbaok; Baiko Pilotako arduradun komertzialak, Unai Iglesiasek; eta Aspe Pelotako arduradun komertzialak, Inaxio Errandoneak. Horiez gain, aurkezpenean izan dira, baita ere, Jon Mariezkurrena, Jokin Altuna, Ander Imaz, eta Aimar Morgaetxebarria pilotariak.
Lau ostiraletan, iluntzeko 20:45ean, musikaz lagunduta
Esan bezala, pilota jaialdiak 4 ostiral hartuko ditu, zehazki abenduaren 13a, urtarrilaren 3a, otsailaren 7a eta otsailaren 21a. Hala, iluntzeko 20:45ean, musikaz girotuta jokatuko dira pilota partiduak, eta horrez gain jokoak antolatu eta kirol materiala zozketatuko dira bertaratzen diren zaleen artean.
Abonuak eta sarrerak
Abonuak edo sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Entradas-Frontรณn webgunean. Amorebieta-Etxanon ere erosi ahal izango dira Zelaieta Tabernan, Urtza Tabernan eta Venecia Kafetegian. Jaialdietako egunetan, halaber, txarteldegia zabalik egongo da Zelaieta Zentroan ordubete lehenagotik.
Lau saioetarako abonua 90 eurotik aurrera eskuratu ahal izango da eta saio bakarrerako sarrera, aldiz, 20 eurotik aurrera.
“Pilotafest Amorebieta-Etxanon soilik ospatzen den jaialdia da eta ez da kirol-lehiaketa bat soilik; kirola, musika eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituen kultur topaketa ere bada, eta jaialdiak irauten duen bitartean, ostiralero giro bizia sortzen du herrian, zaletuen eta zaletuak ez diren guztien gozamenerako. Hala, herritar guztiak animatzen ditugu jardunaldi bakoitzaz goza dezatenโ,amaitu du kirol zinegotziak, Koldo Bilbaok.