Elkartasuna eta irribarrea bidelagun harturik, Senegaleko orfanato batean laguntzen eman dute uda Zornotzako lau gazte hauek.
Ikuspegia eta begirada errealitate ezberdinetara bideratzean, Senegalen bizi daitezkeen istorio harrigarriak datozkigu burura. Horiek eta bat gertu-gertutik ezagutu dituzte Amaia Ereño, Jone Mentxaka, Lara Mentxaka eta Saioa Morcillo zornotzarrek. Behin bizita, sentituta eta barneratuta, argi dute noizbait itzuliko direla; bertara edota beste leku batera, baina esperientzia honek biziki bete ditu, biziki sentitzera eraman ditu eta laguntzeak eskaintzen duen asebetetzea sentitu dute beraien barrenean.
Boluntario gisa aritu dira uda honetan zehar, Senegaleko Euleuk elkartearen baitan, orfanato batean beraien aletxoa eskainiz. M’Bourren zeuden kokatuta, Dakarretik 40 minutu ingurura, kostaldean. Arrantzatik bizi dira, bertan gehienak, eta orfanatoa bera, ondoko herri batean zegoen, hain zuzen ere, Nianin.
Paterak, errealitatearen isla krudela
Koloretako itsasontzien ispilua, errealitatearen isla. Zornotzarren hitzetan, “tokietako arrantza itsasontziak zirela uste genuen, zeinen koloretsuak eta ederrak, baina ederra hartu genuen zapastekoa, gure gidak paterak izango zirela esan zigunean. Ikuspegia erabat aldatu zitzaigun. Jendea zain egoten da ea noiz aterako, eta dena antolatzeko, whatsapp talde baten bidez hitz egiten dute euren artean geratzeko. Gainera, familiako inork eurak ez gelditzeko, behin martxan hasiko direla, “B plana” kodigoa erabiltzen dute joango direla esateko. Oro har, mafia bat da eta bakoitzak 500-600 euro inguru ordaintzen ditu pateran joan ahal izateko, alegia, daukaten diru guztia baino are eta gehiago.
Irakasgaia bizitza bera denean
Ideia bera nondik datorren galdetzean, Amaia Ereño elkarteko Olatzegaz egon omen zen Perun, eta handik, ametsetatik ametsetara, noizbait Senegalera joango zela esan zion, eta egin ere. Lagunei komentatu, Jone prest, Lara prest eta Saioa prest. Aurrera, ba neskak.
Euleuk elkartearen hitzaldi batera joan eta egoeraz jabetzean, bertara joatea erabaki zuten. Elkarteak bi asteko boluntariotzak antolatzen omen ditu, eta ondoren, 4-5 gehiago eman zituzten, bertan, inguruak ezagutzeko. Hegoaldera, Casamanza, zonalde independentistara joan baitziren gerora, errelitate guztiz bestelakoa ezagutzera.
Egunerokoaren berri ematean, goizeko 7:45ean esnatzen ziren, 8:00etan gosaldu eta Leti gidaria zetorren euren bila orfanatora eramateko. Bertan, bi ordu t’erdi eman, umeekin jolastu, umeak motibatu, estimulatu, ibiltzen irakatsi, eta kanpora atera. Etzunda egoten ziren txikiak koltxonetetan. 2 solairutan zeuden banatuta. 35 ume guztira. 3 urtera arte. Batzuk umezurtzak dira, eta handik beste orfanato batera joango dira, gerora, Dakarrera, eta besteek, gurasoak dituzte, baina ez dauzkate baldintzak euren kargu egiteko, beraz, bertan egoten dira 3 urtera arte. Orfanato erlijiosoa da, monjek daramate. Batzuetan, kanpora atera ohi dira umeak, gutxitan, beraiek zaintzaileak konbentzitu zituzten eta hostoekin asko beldurtzen ziren, inurriekin, etab. Prozesuaren parte sentitu ziren eta denbora gutxian, aldaketa asko atzeman zituzten.
Ikasitakoa, barrenean, azalean, sentimenduan
Ez zuten internet konexiorik hartu. Mapa barik eta denboraren noziorik gabe bizi izan zuten dena. Euren hitzetan, “gizartearen egoera ez da ona, baina gure ikuspegia asko aldatu da. Senegaleko pertsona bat gehiago gisa sentitzen ginen, integreta. Asko hitz egiten ziguten, galderak egiten zizkiguten. Mundua ikusteko beste ikuspegi bat zabaldu digu. Lasaitasuna sentitu dugu. Erritmoa lasaia. Momentua bizi behar dala, eta ezin dela pentsatu beti zer pasauko dan zer egingo dot eta zer ez. Azken finean, gure jarrerarik onenegaz egingo diogula aurre; bestela, ezingo lukete aurrera egin. Mirezteko jarrera atsegina dute”.
Gauzak horrela, mundua handia da. Txokoak mugagabeak dira eta injustiziak amaigabeak. Aletxoa jartzeak zerbait txikia dirudi, miniñoa, garrantzirik ez duena, baina aletxoak lorearen egitura sortzen du, loretxoak umeek irribarrea eragiten du eta norbere bihotza betetzen du, zeinen zortedunak garen gauzez konturatzean, eta beraiek gutxirekin eskaintzen diguten bizipozaz ohartzean. Beraz, zabal ditzagun begiak, ikus dezagun gure ingurua, baina baita gure ingurutik at dagoena ere; besteen inguruak, alegia. Horietan gure laguntzak muga eta amaigabe diren injustizia horietan arazoak konpondu baititu, irribarreak sortu baititu eta mugak hausten baititu.
Amaia Larruzea Motxobe