• Neurri horren bitartez, Udalak udalerriko gazteenen emantzipazioa bultzatu gura du.
• Laguntzak 18 eta 35 urte arteko gazteei emango zaizkie, eta gehienez ere hilean 250 eurokoak izango dira, urtebetez.
• Etxebizitza Amorebieta-Etxanon egon beharko da, eta kontratua Eusko Jaurlaritzan erregistratuta egon.
Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko gazteei lagundu gura die etxebizitza lortzen. Horregatik, ordenantza onetsi du, emantzipatu gura duten udalerriko gazteei etxebizitza alokatzeko laguntzak emateko. Horrela, Amorebieta-Etxanon etxebizitza bat alokatuta duten edo urriaren 31 baino lehen horretarako konpromisoa erakusten duten 18 eta 35 urte arteko gazteek, gastuei aurre egiten lagunduko dien diru-laguntza jasoko dute. Laguntza horri gutxienez hamabi hilabetez eutsiko zaio, 2018ko urtarrilaren 1eko atzera begirako izaeraz, epealdi horretan baldintzei eusten bazaie.
Diru-laguntzaren zenbatekoa kasu bakoitzean ezarriko da, gehienez ere 250 hilean eskari bakoitzeko, 12 hilabetez gehienez. Oinarri hauen arabera emandako laguntzak ez dira bateragarriak izango helburu berberarekin emandako beste batzuekin.
Laguntza horien onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) 18 eta 35 urte artekoak izan beharko dira, Bizikidetza Unitatean bizi diren mendeko adingabeak izan ezik.
b) Ezein eskatzailek edo Bizikidetza Unitateko kidek ezin izango du etxebizitzarik eduki bere izenean, herentziaz edo dohaintzaz eskuratutako etxebizitza baten edo gehiagoren titularkidea izatearen balizkoan izan ezik, horietako titularkidetasun ehunekoetako bat ere %50etik gorakoa ez bada eta etxebizitzan dituen partaidetzen balioa ez bada 75.000 eurotik gorakoa.
c) Eskatzailearen Bizikidetza Unitateko kide diren guztiak erroldatu beharko dira diru-laguntza jasotzen duen etxebizitzan, kontratua gauzatu ondoren. Hori laguntza jaso aurretik egiaztatu beharko dute.
d) Bizikidetza Unitateko kide bat, gutxienez, Amorebieta-Etxanoko udalerrian erroldatuta egon beharko da azken bi urteetan jarraituan edo aurretik gutxienez 10 urtez etengabe, eskaria aurkezteko unean.
e) Bizikidetza Unitatearen diru-sarrerak urtean 28.000 euro gordinetik beherakoak izan beharko dira.
f) Diru-sarreren osaketari dagokionez, amaitutako azken ekitaldi fiskaleko kapital errentetatik sortutako etekin gordinak ezin izango dira izan, orokorrean, urteko 601,10 eurotik gorakoak.
g) Bizikidetza Unitateko kide guztiak egunean egon beharko dira Amorebieta-Etxanoko Udaleko zergen, tasen, arbitrioen eta zehapenen ordainketan.
h) Bizikidetza Unitateko ezein kidek ez du izango familia loturarik errentariarekin, bigarren mailako odolkidetasun edo ahaidetasuneraino.
Errenta etxebizitzek eta kontratuek bete behar dituzten baldintzak:
1. Laguntza jasoko duen etxebizitza Amorebieta-Etxanoko udalerrian egon beharko da, eta dagokion lehen okupazioko lizentzia izan beharko du.
2. Etxebizitzak, gutxienez, logela bat izan beharko du familia unitateko bi pertsonako.
3. Etxebizitzaren alokairuaren prezioa ez da hilean 650 eurotik gorakoa izango (eranskinak barne).
4. Errentamendu kontratuak erregistratu egin beharko dira eta fidantzaren zenbatekoa Eusko Jaurlaritzan aurkeztu.
5. Ez dira diruz lagunduko urtebete baino gutxiagoko iraunaldia duten errentamendu kontratuak.
Udalak ez die laguntzarik emango abagune hauek dituzten eskariei:
1. Sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzei.
2. Azpi-errentamenduei.
3. Logelen errentamenduei (logela eskubidea).
4. Etxebizitza gisa erabiltzen diren lokalei.
5. Bizigune programaren barruan dauden alokatutako etxebizitzei.
Amorebieta-Etxanoko Udalak bidezko iruditzen zaizkion dokumentuak aurkezteko eskatu ahal izango die onuradunei, eta ordenantzak modu egokian funtzionatzen duela eta egoki aplikatzen dela bermatzeko beharrezkoak diren ikuskapenak egingo ditu. Laguntzak Aldizkarian argitaratu eta 15 egunetara eskatu ahal izango dira.