Begok 1954. urtean 11 urte zituen. Bere familiak jatetxe bat zeukan Zelaieta parkean, ‘Restaurante León’, eta jaiak oso gertutik bizitzen zituen, ia guztia bertan gertatzen zen eta. “Dana egiten zan parkean. Frontoia irekia zan eta bertan herri kirolak, pilota partidak, inoiz boxeoa ere, baina gehienbat idi probak egiten ziren. Eta kioskoan musika bandak jotzen eban, eguerdietan kontzertuak eta gauetan erromeriak, Rafael Cañon zuzendariagaz”.
Karmen eguna gaur egun bezala, Larrean ospatzen zen. “Bai, meza eta gero dantzariak eta txistulariak egoten ziren. Giro ederra egoten zan”. Eta gainontzeko egunetan, idi probak, erromeriak, zezenak eta kalejirak txistulari eta erraldoiekin. “Erraldoiak eta buruhandiak Izar enpresarenak ziren eta lantegitik irteten ziren, zubia pasatu eta herrira sartzen ziren txistulariekaz kalejiran”.
Giroa oso polita zen, jendea tabernetako terrazetan egoten zen zeozer hartzen. “Bai, normalean ardoa hartzen zan, goizean zuria eta baltza gauean, baina neskek ez. Neskak ez ziren tabernetan sartzen eta ez zuten ardaurik edaten. Ez egoan ondo ikusita”.
Erromeriek arrakasta handia zuten. “Normalean vals edo pasodobleak jotzen ebezan, bikotean dantza egitekoak. Arratiako tranbia mutilez gainezka etortzen zan, Leon jatetxearen aurrean geratzen zan eta askotan gainean eta kanpotik ebatuta ere heltzen ziren. Zornotzako neskekin dantza egiteko asmoagaz etortzen ziren”.
Asko aldatu dira jaiak. “Ez dauka zerikusirik, asko aldatu dira. Orain jende asko dago leku guztietan, ekitaldi piloa… Desberdinak dira, bai”. Garaiak ere desberdinak dira.
