Zornotzan

Noticias

Zornotzako Mugimendu Feministak azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorrean partehartzeko deia plazaratu du

Azaroaren 30ean, zaintza-lanak erdigunean jarriko dituen Greba Feminista Orokorra egingo da. Euskal Herrian. Zornotzan ere, herritar-talde batek Greba Batzordea osatu du, herriko Mugimendu Feministak (Suhaziak, Talde Feminista, M8 Plataforma) egindako deiari erantzunez. Halandaze, azken asteetan herriko kolektibo batzuk grebari buruzko informazioa zabaltzen eta greba-eguna antolatzen ibili dira, eta egun horretan kalera irteteko eta kalitatezko zaintza-zerbitzu publikoen eta lan-baldintza duinen alde borrokatzeko deia egin dute.

Guk haiekin hitz egin dugu, eta bi galdera egin dizkiegu:

1-Zergatik egin duzue bat grebarako deiarekin?

2-Herrira etorrita, zer eskakizun duzue Udalarentzat?

Pentsionistak:

1-Zaintzak zuzenean eragiten digu. Guk geuk erabaki behar dugu nola nahi dugun zainduak izatea, eta, horretarako, ezinbestekoa da zaintza-zerbitzu publikoak edukitzea, zaintzaileek lan-baldintza duinak izatea eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzea.

2-Udalak presioa egin behar du Eusko Jaurlaritzaren aurrean, pentsionistok 1.080 euroko gutxieneko pentsioa jaso dezagun. Bestalde, Udalak baditu zornotzarren bizi-baldintzei buruzko datuak, EUSTAT erakundeak jasotzen dituenak. Datu horiek kontuan hartu, eta kalitatezko eta kudeaketa publikoko egoitzak, eguneko zentroak, etxebizitza komunitarioak… sortu eta eskaini behar ditu, ez herrigunetik kanpora, baizik eta herrian bertan, zahartuz eta autonomia galduz goazen heinean ere komunitatearen parte izaten jarraitzeko.

Gazteak:

1-Aldaketa demografikoak inoiz baino zaintza-lan gehiago utziko du gure belaunaldiaren gain. Horregatik, zaintza-sistema publiko, sostengarri, feminista, antirrazista eta komunitarioa eraiki nahi dugu, herritar guztion zaintza-eskubidea bermatzeko. Hori eskatzeko parte hartuko dugu Greba Feminista Orokorrean.

2-Zaintza-zerbitzuak —eta, beraz, gure bizi-baldintzak— pribatizatzeari uzteko eta orain empresa pribatuen esku dagoen kudeaketa bere gain hartzeko eskatzen diogu Udalari, eta zerbitzu horietako langileen lan-baldintzak duintzeko. Gazteok argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula zaintza- eredu prekario eta prekarizatzaile hau onartuko.

Enpresak:

1-Lantokietan, salatu nahi dugu gure lan-jardunaldiak ez direla jasangarriak eta ez direla bateragarriak bizitzaren gainerako esparruekin. Komertzioei dagokienez, erakutsi behar dugu nor arduratzen den erosketak egiteaz, nork zaintzen dituen ingurukoen bizitzak eta zer gertatzen den hori guztia guk egiten ez dugunean.

2-Udalari eskatzen diogu zaintza-zerbitzuak publifikatzeko eta zerbitzu horietako langileen lan-baldintzak duintzeko. Horrez gain, bitarteko publiko gehiago behar dira etxetik kanpora ere lanegiten dugun langileok etxekoen eta ingurukoen zaintzaz arduratu ahal izateko: umeentzako espazioak, nagusiak zaintzeko eredu berriak, etxebizitza komunitarioak…

Hezkuntza eta familiak:

1-Zaintza-zerbitzu publikoak behar dira, eta zaintza-zerbitzuetako langileen lan-baldintzak hobetu eta duindu behar dira. Horregatik egingo dugu greba.

2-Udalak haurren herriaren dekalogoa sinatu zuen; beraz, hori betetzeko eskatzen diogu. Bestalde, adin txikikoen zaintza-lanen inguruko hausnarketa sakon bat bideratu behar luke, eta baliabideak jarri erditu berri diren emakumeei laguntzeko, zaintza komunitariorako espazioak sortzeko eta ikastetxeetan zaintzari buruzko edukiak lantzeko.

Soziosanitarioa eta Osakidetza:

1. Etxez Etxeko Zerbitzuko, erresidentzietako eta Osakidetzako langileok ez gaude pozik gaur egun herritarrei eskaintzen diegun arretarekin. Lan-sektore feminizatua denez, lan-baldintzak gero eta prekarioagoak dira, eta horrela ezinezkoa da zerbitzu duinak eskaintzea; Administrazioak ezin du espero zaintza-zerbitzuekin negozioa egitea. Osakidetzaren kasuan ere, gero eta zerbitzu gehiago daude pribatizatuta ala azpikontratatuta.

2. Azpikontratazioak alde batera utzi, eta Azkuna erresidentziaren kudeaketa publikoaren alde egin behar du. Osasun-zentroan kalitatezko arreta jasotzen dugula bermatu behar du; langileak falta direla jakinarazi Osakidetzari, eta bitartekoak exijitu. Azkenik, aztertu behar du zer gaixotasun diren nagusi zornotzarren artean eta zergatik, eta osasun-determinante horien inguruko politikak garatu behar ditu.

+ Leer más

Este sitio web utiliza cookies para mejorar su experiencia de navegación y asegurar el correcto funcionamiento del sitio. Al continuar utilizando este sitio, reconoce y acepta el uso de cookies.

Aceptar todo Aceptar solo las requeridas