Rafa Ugalde: 38 urte euskararen alde lanean


IRAKASKUNTZAN, EUSKARA IRAKASLE EUSKALTEGIAN; ZORNOTZAKO BARNETEGIAN, ZUZENDARI; ETA AMOREBIETA ETXANOKO EUSKERA TEKNIKARI AZKEN 10 URTEETAN. RAFA UGALDEK AGUR ESATEN DIO 38 URTEKO IBILBIDEARI.

Nola zegoen, zein izan da bidea eta nola ikusten duzu gaur euskara?

Administrazioa eta gizarte arloak desberdinduko nituzke. Zornotzan administrazioa bera udala da; udal zerbitzuen barruan euskarak gora egin du nabarmen. Ia udal langile guztiek gaitasun handia dute euskaraz, bai ahoz eta baita idatziz ere. Euskara asko entzuten da udal zerbitzuetan.

Kalean, orain dela 40 urte, irakaskuntza ez zen euskaraz. Gaur egun ikastetxe guztietan euskaraz irakasten da, eta ulermena behintzat garatuta dute ikasleek, kanpotik etorriak izan arren. Hala ere, kalean dagoen erabileran horrek ez du islarik, ez da hori igartzen. Azken neurketan euskararen kaleko erabilera %23koa dela ikusi da; lau elkarrizketatik bat eskas da euskaraz. Gazteen artean (14-25 urte artean) %14,5a da erabilera. Baina neurketa positiboa ere badago; 2011n gazteen erabilera %10ekoa zen, 2019an %11 eta 2024an %14,5, igoera progresiboa dago. Hala ere, erabilera baxua da.

Inguruko herrialdeekin alderatuz, Zornotzaren datuak durangaldearen antzekoak dira. Gernikan, aldiz, askoz altuagoa da erabilera kalean.

Urte hauetan egindako lanaren arabera harro zaude lortutakoarekin edo frustazioa sentitu duzu?

Bietatik sentitu dut. Frustrazioa zeren eta hainbeste ahalegin egiten ditugu, mila gauza egin ditugu, eta gero asko kostatzen da emaitzak ateratzea. Admnistrazioaren barruan errazagoa da, plaza bat lortzeko ezinbestekoa da euskara lantzea. Baina kalean, eskoletan … ekintza asko eta asko egiten dira, eta gero oso zaila da emaitzak ikustea.

Beste alde batetik, polita da ikustea Zornotzan 40 urtetik behera ia denok ulertzen dugula euskara. Horrek jokorako zelaia zabaltzen du; ulertzen duen batekin euskaraz egin dezakezu eta Zornotzan askok dakite, nahiz eta kanpotik etorriak izan. 18 urterekin ezin nuen edonorekin euskaraz egin eta gaur egun edozein pertsonarekin, udaletxean, bakuan, supermerkatuan, anbulategian… egin dezaket.

Askotan galdetu diot nire buruari ea zergatik dakienak ez duen egiten. Badakit euskaraz egiten duenak zergatik egiten duen, sentsibilitate kontu bat da, eta ez euskaraz erderaz baino hobeto egiten duelako.

Euskaraz ondo dakitenek zergatik ez dute gehiago erabiltzen?

Askotan galdetu diot nire buruari ea zergatik dakienak ez duen egiten. Badakit euskaraz egiten duenak zergatik egiten duen, sentsibilitate kontu bat da, eta ez euskaraz erderaz baino hobeto egiten duelako.

Ezagutzen ditut etxean erderaz eta ikasketak erderaz egin dituztenak, baina gero unibertsitateko ikasketak euskeraz egin eta euskara teknikari bezala lan egin dutenak. Horiek gizarte euskaldun batean bizi nahi dute, eta haien seme-alabak gizarte euskaldun batean bizitzea nahi dute. Sentsibilate hori dute. Eta zelan landu daiteke sentsibilitate hori? Inork ez daki.

Baina gero oso harro gaude gure hizkuntzaz…

Erreferenteak gara munduan. 7.000 hizkuntza baino gehiago daude eta horietatik 12 nagusitu dira. Gainerako herrialdeetan ere hizkuntzak debekatu dira, jazarpena egon da eta hiztunen umilazioa ere bai. Hemen ere gertatu da, 12 hizkuntza horiek leku guztietan berdin jokatu dute. Gainerakoak guri begira daude, euskararekin egiten ari den normalizazio prozesua inon ez da gertatu. Hizkuntzalariek diote mende honetan zazpi mila hizkuntza horietatik erdia galdu egingo direla. Hemen egin den lana oso handia izan da, eta gero begira kaleko emaitzak zelakoak diren. Gainerako herrialdeetan ez da egiten hemen egiten den ikerketa eta ahalegin guztia, eta orduan gainerakoak guri begira daude, euskararekin arazoak badaude beraien hizkuntzarekin ere egongo dira. Hizkuntza minorizatuen erreferenteak gara.

Irakasle, barnetegi bateko zuzendari eta euskara teknikari bezala egin duzu lan. Non aurkitu zara erosoen?

Betidanik esan dut lan politena irakasle izatea izan dela, helduen euskarazko irakaslea. Biologiako unibertsitate ikasketak amaitu eta Bermeon matematika, fisika, kimika eta natur zientziak gazteleraz ematen hasi nintzen. Nerabeekin lan egiteko ez dut balio, baina gero helduekin euskarako irakasle bezala gustora egon naiz. Gainera, euskaltegian jende asko eta interesgarria ezagutzen duzu, eta Barnetegian gehiago zabaltzen da esparru hori: atzerritarrak, lan arlo ezberdinetakoak, interes ezberdinetakoak … ezagutzen dituzu, euskara ikasteak motibatzen dituena. Harreman oso interesgarriak sortzen dira. Azken hamarkadan ere asko ikasi dut. Herrian ikusten dituzun beharrizanei erantzuten saiatzen zara. Adibidez, atzerritik datozen umeek hemen euskaraz ikasi behar dute, horiei aparteko programa berezi bat eskaintzen zaie. Edo gaur egun asko egiten dira euskarazko aisialdiko programak; eskola orduetan euskara gutxi egiten dute ikasleek, eta eskola amaitzean, aisialdian, kirola egiten dabiltzanean… sustatu egin behar da euskararen erabilera. Hor egin dugu ahalegin handiena azkeneko urteetan.

Zeintzuk erronkak uzten diezu udaletxean lan egiten duten teknikariei?

Teknikari oso onak ditugu udaletxean eta badakite zein beharrizan dagoen herrian. Gainera Naiak, euretako bat, gaztea da eta energia handia dauka. Orain arte landu ditugun kirol arloko ekimenekin jarraituko du, eta orain ekimen oso polita sortu da, eta bera horretan dabil. Zentro guztietako guraso elkarteen artean motibazio bat sortu da orain arte egon ez dena, eta gainera eurengatik irten da. Aurreko urtean korrikarako planteatu zuten jarduera bat, eta aurten euskaraldirako ere bai; Naia proiektu horretan dabil.

Beraz eurentzako ere gakoa sentsibilitatea da.

Zelan ikusten dituzu Korrika eta Euskaraldia bezalako ekintza hauek?

Horietan ere helburua sentsibilizazioa lantzea da; jendea aktibatzea eta jendea motibatzea. Nire ustez garrantzitsuena Korrika da. Herri batean egun bateko ekitaldia da, baina jende asko mugitzen du, euskaraz hitz egiten ez duena ere bai. Gero oso zaila da denbora guztian euskeraz egitea, jendeak ahalmen handiagoa du-eta erderaz hitz egiteko.

Euskaraldian konpromezua eskatzen da. Egin ahalegina 15 egunetan. Ikerketek erakutsi dute 15 egun horietan ahalegina eginez gero, horren arrastoaa geratzen dela. Gero ahalegin horrek behera egiten du, baina zerbait beti gelditzen da.

Euskaraldia, beharbada, errpikakor bihurtu zaigu, eta jendea nekatu egiten da; horregatik, maiztasuna neurtzen jakin behar da.

+ Irakurri

Amorebieta-Etxanok Anita Maravillasen hiru obra hartuko ditu bere 20. urteurrena ospatzeko

2025/12/11

Eskainiko dituen hiru obrak izango dira Jon Braun abenduaren 29an, Kotondarrak abenduaren 30ean eta Andereñoak urtarrilaren 2an eta 3an, familia

Zornotza Aretoak “¡Azules!” Mendeurreneko dokumentalaren estreinaldia hartuko du abenduaren 11n, osteguna

2025/12/10

SD Amorebietako antzinatasun handiagoko ehun bazkideek gonbidapena jaso ahal izango dute klubeko dendan abenduaren 9ra arte. Gainerako bazkideek eta zaleek


JonKass eta Heitxiren debuta Durangoko Azokan

2025/12/09

Jon Castañedak, JonKassek, bakarkako debuta egin du DAMekin, Aritz Urrutiarekin eta Paradisu Zinema bekarekin batera bultzatutako diskoarekin. Pop-rocka, funkya, elektronika

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only