ZORNOTZA (2025-04-04). Zornotzako ikastetxeetako guraso taldeek Goldatzen elkartea sortu dute, eta antolatu duten lehen ekimena maiatzaren 17an izango da, Euskaraldiaren barruan. Egun horretarako herriko haur eta gazteei zuzendutako Euskararen Ginkana erraldoia antolatu dute. Honako ezaugarriak izango ditu egitasmoak:
- Goizean zehar egingo da, ordu pare batez.
- Zornotzako bost gunetan egingo da, eta gune bakoitzean beste horrenbeste proba jarriko dira. Haurrek 5 laguneko taldeetan jokatu beharko dute.
- Gune hauek antolatuko dira adin tarteak kontuan izanda (HH4-5, LH1-2, LH3-4, LH5-6 eta DBH).
Bistan denez, Goldatzen taldeak sustatzen duen ekimen honen helburu nagusia euskara eta aisialdia lotzea da. “Herrian euskararen erabilera sustatu nahi dugu, uztartuz jolasa eta gure hizkuntza. Ez dira proba fisikoak izango, edo ez bakarrik. Haur eta gazteek hitzekin jolastu beharko dute, beraien irudimena erabili probak gainditzeko, eta hori guzti hori elkarlanean egin beharko dute”, adierazi dute Goldatzenetik.
Izena emateko kartelean dagoen QR kodea eskaneatu behar da.



