‘ARITZ LABRADOR’ Tanborradako zuzendari berria


“Zornotzako soinua izan dezala gure tanborradak”

TANBORRADAREN ZUZENDARI BERRIAK NORTASUNA, MUSIKA PROPIOA ETA BELAUNALDIEN ARTEKO ZUBIA DITU ARDATZ. LANPETUTA DABIL AZKEN ASTEOTAN, BAINA POZIK ETA ILUSIOZ BETERIK HARTU DU ARDURA. BERE HITZETAN, TANBORRADA EZ DA JAIEN BARRUKO EKINTZA ARRUNTA, BAIZIK ETA SINBOLOGIA HANDIKO OSPAKIZUNA, BELAUNALDIAK LOTZEN DITUENA ETA HERRIAREN NORTASUNA ERAKUSTEN DUENA.

La imagen tiene un atributo ALT vacío; su nombre de archivo es 52238957346_14a5600c36_3k-scaled.jpg

Zornotzako tanborradaren zuzendari berriak badaki zertan dabilen, eta ez du ezkutatzen ez ardura, ezta erronka ere. “Niretzat erantzukizun handia da tanborradaren zuzendari izatea”, aitortzen du. “Ez da jaien barruko ekintza arrunt bat, sinbologia handiko zerbait da”.

Zornotzako jaien egitarauan badaude urtero aldatzen diren ekintzak, baina badaude finkatuta geratu diren beste batzuk ere. Eta tanborrada horietakoa da. Horregatik, jarraikortasuna bermatzea ere bere gain hartu du: “Hasieran tanborrada adin batekoentzat zen, baina urteekin joan da aldatzen. Nahiz eta belaunaldi aldaketa izan —beterano askok utzi egin dute—, uste dut orain erronka nagusia gazteei lekukoa pasatzea dela. Eta ni zuzendari hautatzea, nolabait, horren adibide izan da”.

Zuzendaritza aldaketa egoten denean, aldaketak ere iristen dira. Eta horretan ez du dudarik: “Zuzendari bakoitzak bere ikuspegia dauka. Baina oinarrian beti egongo da gauzak eraikitzen joan direla hamarkadaz hamarkada. Niretzat, belaunaldi arteko errelebo horren baitan beste erronka handi bat da umeen eta nagusien tanborraden arteko trantsizio naturala lortzea. Orain arte jauzi bat egon da, eta belaunaldi batzuk galdu egin dira bidean”.

Zornotzako tanborradari bere nortasuna ematea da beste helburuetako bat. “Niretzat garrantzitsua da gure tanborradak identitate propioa izatea, beste herrietakoetatik desberdintzen gaituen zerbait. Donostiakoarekin alderatuta, esaterako, han ez daude guk dauzkagun gorputz guztiak: sukaldariak, antortxeroak, zaldunak… Guk kanoi bat ere bai dugu! Elementu horiek gure izaera markatzen dute. Baina oraindik badago lana nortasun hori gehiago lantzeko”.

Eta nortasun horren barruan, musika propioa sortzea ere bere proiektu pertsonalen artean dago. “Musika propioak garatu nahi ditut, Zornotzatik jasotako doinuetatik abiatuta, eta horiei gure ukitua ematea. Ideia da etorkizunean esatea: ‘Zornotzako tanborradak baditu bere doinu propioak’, Donostiako edo Azpeitiko tanborradek duten bezala. Aurten, adibidez, ‘Kortederrako Dantza’ izeneko doinu bat estreinatuko dugu. Helburua da urtez urte gure errepertorio propioa osatzen joatea”.

Beste norabide batean, tanborrada herritar gehiagorengana zabaltzea ere gustatuko litzaioke: “Parte-hartzea bultzatzea, tanborrada pluralagoa izatea. Hori da etorkizunera begirako estrategia. Hurrengo urterako ezin dut gauza handirik esan, zuzendaritza berandu heldu baitzait eta ez dugu denbora askorik izan proiektu sendoago bat martxan jartzeko. Baina uste dut urteen poderioz etorriko direla”.

+ Irakurri

IBARRA PENTSUAK Ixerren errotutako negozio familiarra

2025/12/03

IBARRA PENTSUAK DENDAKO NIEVES ETA AGURTZANE AMA-ALABAK, BELAUNALDI ARTEKO LEKUKOA NOLAIGARO DEN KONTATU DIGUTE. BASERRIKO BIZIMODUA ETA GANADUAREN INGURUKO JARDUERA

«RODAJE ASKOTAN PARTE HARTZEA GUSTATUKO LITZAIDAKE, HORREK ONA NAIZELA ADIERAZIKO LUKE»

2025/12/03

Sergi Sarmiento Agirregoikoa zinema espezialista Sergi Sarmiento zornotzarra Bartzelonan ari da prestatzen zinema-espezialista izateko. Eszena-borroka, akrobaziak, parkourra eta efektu bereziak

“Sukaldaritza lagun izan dudan hizkuntza da, arrazoia dudanetik”

2025/12/02

Pablo López Zambrano chef de Antxeta by Taberu INGALATERRA, FRANTZIA, JAPONIA EDO BARTZELONAKO SUKALDEETAN BIDAIATZEN ETA TREBATZEN BI HAMARKADA BAINO

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only