Sergi Sarmiento Agirregoikoa zinema espezialista
Sergi Sarmiento zornotzarra Bartzelonan ari da prestatzen zinema-espezialista izateko. Eszena-borroka, akrobaziak, parkourra eta efektu bereziak bezalako diziplinak lantzen ditu egunerokoan, kameraren aurrean arriskuak segurtasunez egiteko. Dagoeneko bere lehen filmeko esperientzia izan du: Apocalipsis Z 2, laster Amazon Prime-n ikusgai.
Non zaude ikasten eta zertan datza zinemako espezialista gisa egiten ari zaren prestakuntza?
Orain 10 urte akrobazia sektorean hasi nintzen eta Espainia mailan zeuden gimnasioen bila aritu nintzen. Bartzelonan In Extremis izeneko gimnasioa aurkitu nuen: oso gimnasio handia, garatua, material oso onarekin, eta gainera, espezialisten eskola bat zutela deskubritu nuen. Batxilergoa amaitu eta gero, ama konbentzitu nuen hona etortzeko eta hau ikasteko.
Zein diziplina lantzen dituzue?
Gehienbat eszena-borroka praktikatzen dugu, ikasgaietatik garrantzitsuena da. Baina beste asko ere lantzen ditugu: akrobaziak, parkourra, makinaria eta efektu bereziak, arte martzialak… Bonzoa ere egiten dugu, non arropa berezi batekin sua hartzen dugun, eskilaretatik erori… eta nola ez, mota askotako jauziak. “Acting-a” ere lantzen dugu, akzioak egitean oso garrantzitsua delako interpretatzea.
“ESZENA-BORROKA AKROBAZIAK, PARKOURRA, MAKINARIA ETA EFEKTU BEREZIAK, ARTE MARTZIALAK… PRAKTIKATZEN DITUGU”
Zer nolako pelikula edo serietan gustatuko litzaizuke lan egitea?
Gehienbat, rodaje askotan parte hartzea gustatuko litzaidake; horrek esan nahiko luke ona naizela eta lanak badatozela. Gainera, kasu horietan diru dezente irabazten da, kontuan izanda zure bizitza arriskuan jartzen duzula.
Experientziaren bat izan duzu jada?
Bai. Eta ez da erraza hain arin lanean hastea, baina nire kasuan egia da Bartzelonan pelikula bat grabatzera zihoazela — Apocalipsis Z 2 izenekoa— eta bertako koordinatzaile batek ezagutzen ninduela. Perfila egokia nuen, eta hartu ninduten ume baten papera egiteko. Egia esan, esperientzia zoragarria izan zen: rodaje batean egotea, jendea ezagutzea… Eta uste dut laster Amazon Primen ikusgai egongo dela.
Zein gaitasun ari zaizkizu zailen edo harrigarrien egiten?
Zailena esango nuke eszena-borroka dela; ez da erraza koreografia batean borrokan egitea, kolpeak ematea
edo jasotzea, eta kameraren aurrean benetan ari garela irudikatzea. Eta harrigarriena? Bonzoarena. Ez delako ia inoiz ikusten edo askok egiten. Eraikin batetik erortzea ere ikusgarria da, edo nire kasuan asko gustatzen zaidana: auto batek harrapatzen edo gainetik pasatzen nauten eszenak.


