Alaiak koralak jaso du Marixelarre saria ekitaldi hunkigarri batean

  • Saria udalerriko alkateak eman du, abesbatzak udalerriko bizitza kulturalari egindako ekarpena eta ibilbidea aitortzeko.
  • Ia 40 urteko historiarekin, Alaiak korala abesbatza bat baino gehiago izan da; emakumeen arteko topaketa eta laguntza gunea izan da eta abesteaz gain, laguntasun ehun sendo bat sortu dute.

Amorebieta-Etxanok omenaldia egin dio gaur Alaiak koralari Marixelarre sariaren laugarren edizioan, Emakume Artisauen eta Nekazarien Azokaren baitan Zelaietan egindako ekitaldian. Ospakizunera hurbildu dira herritar asko emakumez soilik osatutako taldeari esker ona adieraztera, ekitaldia hunkigarria bezain polita eginez.

Saria eman ondoren, Alaiak abesbatzak abesti bat eskaini du, emozioa nagusi izan den ekitaldiari amaiera biribila emanez eta, beste behin, emakume taldeak udalerriko bizitza kulturalari egindako ekarpena gogora ekarriz.

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak hitz batzuk eskaini dizkio koralari, eta musika zein kultur arloan egindako ekarpena ez ezik, emakumeen arteko topaketarako eta laguntzarako espazio gisa izan duen zeregina nabarmendu du: “Alaiak korala talde bat baino gehiago izan da; laguntasunaren eta emakumeen ahalduntzearen eredu ere izan da. Horregatik, gaurkoan koralaren ibilbidea, ausardia eta konpromisoa aitortzen ditugu. Askorentzat, abesteko talde bat ez ezik, lagunduak, entzunak eta ulertuak sentitzeko espazio bat ere izan delako” , adierazi du alkateak.

Ia 40 urteko konpromisoa kulturarekin eta berdintasunarekin

Duela ia lau hamarkada sortu zen Alaiak korala, eta garai hartan ez zen ohikoa emakume talde batek abesbatza bat sortzea eta talde gisa sendotzea. Ordutik, Amorebieta-Etxanoko kultur bizitzan oinarri izan da, ekitaldi ugaritan parte hartuz eta bere musika eta konpromisoa herrira ekarriz.

Baina, aurrez aipatu bezala, Alaiak koralak, abesteaz gain, laguntasun-sare bat ehundu du urtetan zehar, taldea emakumeen arteko topagune eta babesgune bihurtuz. Bere agurrean, 2024ko azaroaren 22an, sare horren garrantzia nabarmendu zuten, koraleko kide askorentzat beste pertsona batzuekin edota udalerriko kultur bizitzarekin harremantzeko lotura izan dela azpimarratuz.

“Horregatik guztiagatik, gaur eskerrak ematen dizkiegu. Eskerrik asko aitzindari izateagatik. Eskerrik asko erakutsitako ausardiagatik eta Amorebieta-Etxanori utzitako ondareagatik. Eskerrik asko berdintasuna musikatik, kulturatik eta adiskidetasunetik ere eraikitzen dela erakusteagatik.

Eskerrik asko musikak batzen gaituela erakusteagatik eta eskerrik asko, garrantzitsuena abesti bakoitzaren atzean dauden pertsonak direla gogorarazteagatik”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.

Marixelarre sariaren laugarren edizioa

Marixelarre saria, 2022az geroztik, Amorebieta-Etxanoko Udalak urtero ematen duen saria da, udalerrian berdintasunaren alde lan egin duten kolektibo, proiektu eta pertsonen lana goraipatzeko eta saritzeko. Aurreko edizioetan, saria herriko lehen emakume elkarteari (2022), 1940 eta 1975 artean lan egin zuten emakume zornotzarrei (2023) eta kirol-eremuan genero-desberdintasunak murrizten lagundu duten 1.205 kirolari zornotzarri (2024) eman zitzaien.

+ Irakurri

Abian da Euskaraldiari loturiko ipuin lehiaketa

2025/03/17

Maiatzean ospatuko den Euskaraldiaren jardueren baitan, Amorebieta-Etxanoko Udalak euskarazko ipuin laburren lehiaketaren edizio berria jarri du martxan. Ekimen honen helburua

“Ombuaren Itzala” filma, martxoaren 20an eskainiko da Amorebieta-Etxanon

2025/03/13

Datorren ostegunean, martxoak 20, Patxi Bisquert aktore eta zinemagile gipuzkoarrak zuzendutako “Ombuaren Itzala” filma eskainiko da Zelaietako Auditorioan, arratsaldeko 19:30ean.

Emakumeek zuzendutako film laburren saio berezia Amorebietako Zine Klubean

2025/03/06

Datorren asteartean, martxoak 11, 19:00etan, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Zornotzako Zine Klubak zine zuzendaritzan emakumezkoen talentua nabarmentzeko saio berezia

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only