Amorebieta-Etxanoko herritarrek oso ondo baloratzen dute udalerria eta haren bizi-kalitatea

  • Gizaker Social Survey and Public Opinion Experts erakundeak herritarren premien, eskaeren eta pertzepzioaren inguruan egindako azterlanean, zornotzarrek 8.5eko balorazioa eman diote udalerriari bizitzeko leku gisa, eta udal-ekimenekiko onarpen-maila handia erakutsi dute, egungo kudeatzaileen lanarekiko 7,10eko asebetetze-mailarekin.
  • Herritarren arreta zerbitzua (HAZ), egindako eta abian jarritako obrak eta segurtasuna nabarmentzen dira zornotzarrek ondoen baloratzen dituzten alderdi gisa.

Berriki, Amorebieta-Etxanoko Udalak gogobetetze-inkesta bat egin du Gizaker Social Survey and Public Opinion Experts-en bitartez, zornotzarrek udalerriko hainbat alderdiri buruz duten pertzepzioa ezagutzeko eta, modu horretara, udalerria etengabe hobetzen jarraitzeko eta herritarren eskaera eta beharrei erantzun zuzena emateko. Ekimen horri esker, herriaren inguruan zornotzarren lehentasunen, beharren eta ikuspegi orokorraren inguruko informazioa jaso ahal izan du Udalak.

Informazio horri erreparatuz, zornotzarrek oso balorazio ona egin dutela erakusten dute emaitzek. Izan ere, Amorebieta-Etxanok 8,5eko batez besteko nota lortu du bizileku bezala, bizi kalitatea eskaintzen duen herri gisa sendotuz. Gainera, azterlanean parte hartu duten pertsonen % 48,3k azken urteotan udalerria nabarmen hobetu dela diote, bereziki hirigintza-jarduerak nabarmenduz eta Udalaren lan ona islatuz. Udalaren egungo kudeatzaileen lanarekin 7,10eko asebetetzea azaldu dute zornotzarrek.

Obrak eta azpiegiturak: herritarrek bereziki baloratuak

Orain gutxi egindako obren artean, Kaitanako igogailuak, Zelaietako jolas-gune estaliak, herria Iurretarekin lotzen duen bizipistak eta Zubikurtze, Zubipunte eta Zubizabala lotzen dituen oinezkoentzako ibilbideak, batez beste, 8,14ko balorazioa jaso dute; horrek bistako egiten du herritarrek proiektu hauekiko duten onarpen edota asebetetze maila altua.

Martxan dauden proiektuei dagokienez ere, espektatibak positiboak dira. Jauregizahar auzoaren berrurbanizazioa, Urgozo kiroldegiaren eraikuntza, El Carmelo Parkea edo Erletxes-Larrabetzura doan bizipista bezalako ekimenek 7,5etik gorako nota jaso dute, ekintza horiek herritarren premiekin lerrokatuta daudela erakutsiz.

Herritarren arreta zerbitzua, udal-zerbitzuak eta segurtasuna, beste puntu nabarmen batzuk

Herritarren Arreta Zerbitzuak (HAZ) udal izapideak kudeatzeko zornotzarrei eskaintzen dien arretak balorazio altua jaso du, 7,27 puntukoa, hain zuzen. Udal zerbitzuei dagokienez, kaleen garbiketa eta zaborren zein hondakinen kudeaketa izan dira baloraziorik onena jaso duten zerbitzuak, eta kirol alorrak, trafikoak eta argiztapenak ere kalifikazio ona lortu dute.

Bestalde, herritarren segurtasuna da zornotzarren nabarmendu duten beste alor bat, azterlanean parte hartu dutenen % 83,5ek Amorebieta-Etxano udalerri segurua dela erantzun baitute.

Aurrera begirako erronkak eta beharrak

Emaitzak positiboak badira ere, hobetzeko arloak ere identifikatu ditu azterlan honek. Horiei jarraiki, aparkaleku eza eta etxebizitza-beharrak dira etorkizunera begirako erronka nagusiak. Alderdi horiek bat datoz azken urteotan antzemandako beharrekin, eta Udalak eskaera horiei irtenbide zehatzak bilatzeko duen konpromisoa berresten dute.

Alkatearen hitzetan, “inkesta hau udal-jardueren eragina ezagutzeko eta etorkizuneko esku-hartzeak lehenesteko funtsezko tresna da. Jasotako datuei esker, Amorebieta-Etxano etengabe hobetzeko lan egiten jarraituko dugu, zornotzarrentzako segurtasuna, bizi-kalitatea eta garapen iraunkorra batzen dituen herria izan dadin”.

+ Irakurri

Datorren abenduaren 20an amaituko da Amorebono 2025eko bonuak erabiltzeko epea

2025/12/11

Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrei lehen sektoreko bonuak eskuratzeko eta tokiko ekoizleak babesteko gonbita egiten die. Bonuen gehiengoa erabili den arren, oraindik

503 gaztek hartu dute parte Amorebieta-Etxanon ospatu den I’m Bizi 2025 programan

2025/11/28

Zelaietako frontoian egin da DBH 4. mailako ikasleei zuzendutako topaketa hau, non gazteek hainbat tailer, dinamika, mahai-inguru eta jarduera praktiko

Amorebieta-Etxanok zerbitzu publikoak eta familia zornotzarren babesa indartu ditu 2026rako udal aurrekontuetan

2025/11/26

35.988.500 euroko aurrekontuarekin, Udalak inbertsioa % 6,36 handitu du aurreko urtearekin alderatuta, udalerri kohesionatuago eta etorkizunera bideratuago batekiko konpromisoa sendotuz.

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only