Amorebieta-Etxanon egin zen irailaren 13an Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena. Bertan batu ziren bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta antolakuntzako kideak.
Txapelketa datorren irailaren 28an Urdulizen hasiko da, eta asteburuz asteburu jokatuko da abenduaren 20ko finala arte. Sarrerak jada eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Aurkezpen ekitaldia Idoia Anzorandiak gidatu zuen, eta bertan kantatu zuten aurtengo eskolarteko finalean buruz buru aritu ziren Enara Gallastegi eta Ekhi Zuluaga bertsolariek. Antolatzaileen izenean, Asier Galarzak hartu zuen hitza, eta barre algaraz bete zuen aretoa bertsolaritzaren, bakarrizketen eta musikaren inguruko umorezko bakarrizketarekin.
Ekitaldiko unerik bereziena txapelketako sintoniaren aurkezpena izan zen: Arratia eta Zornotzako bertso-eskoletako gazteek dantzatu zuten doinu horren erritmora. Saioa parte-hartzaile guztien argazki ofizialarekin amaitu zen.
Jardunaldia bat etorri zen, gainera, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Egunarekin. Goizeko 12:00etan bertso-poteoa egin zen Amorebietako kaleetan, eta parte hartu zuten Aissa Intxausti, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Oihana Bartra, Paule Loizaga eta Xabat Galletebeitia bertsolariek. Ondoren, bertso bazkaria ospatu zen, Eneko Abasolo “Abarkas” eta Igor Elortza aritu zirela kantuan.



