ANITA MARAVILLAS konpainiak estatu mailara darama bere azken lana: ANDEREÑO


2024an Espazio Eszeniko Onenaren Feten Saria irabazi zuen antzezlan hau 9 probintzia eta 30 herri baino gehiagotan egongo da ikusgai

2023ko urrian estreinatu eta Euskal Herritik bira oparoa egin ostean, ANITA MARAVILLAS konpainiaren azken lanak estatu mailako bira egingo du, urtarriletik maiatzera bitartean, hainbat udalerritan zehar.

ANDEREÑO titere antzerkiko antzezlana da, testurik gabea eta familiei zuzendua (6 urtetik gorakoei), fabula bat bailitzan. Protagonistak basoko animaliak dira, estetika bero eta atseginez irudikatuak. Antzezlan honek Errepublika garaian loratu ziren hezitzaile ausarten irudia dakarkigu. Emakume horiek askatasunez eta ilusioz egin zuten lan, hezkuntzarako eskubideak gizarte hobe bat eraikitzen lagunduko zigulakoan. Eta, kemen horren ondorioz, gogor zigortuak izan ziren. Muntaia honek mundu eder, erakargarri eta poetiko batean murgilduko ditu ikusleak. Horri esker, errealitatearen krudeltasuna agerian utzi arren itxaropenez josita dagoen istorioa bertatik bertara bizi ahalko dute txikiek eta, oro har, ikusle guztiek. Libre eta zoriontsu izateko saiakera zoro eta ederra da, izan ere, kontakizuna.

Andereño ausarta, trebea eta atsegina da. Gai da haurren gaitasunak ikusteko, guzti-guztienak. Andereñok eta umeek eskola eder bat eraiki dute basoan, animalia guztientzako lekua duen eskola bat. Andereñok gehien maite duen hitza askatasuna da, eta, horregatik, bere ikasleak askatasunez haztea nahi du. Zoritxarrez, gerra hasiko da, eta, ondorioz, gure protagonistek atzean utzi beharko dute gogo biziz amestutako eskola, maitasunetik eta elkarren zaintzatik eraikia.

Emozioz, humorez eta maitasunez betetako lana da hau, talde handi batek sortua. Antzezlanaren jatorrizko ideiaren sortzailea Miren Larrea da, zuzendaria Iván Alonso eta protagonistak Miren Larrea eta Valentina Raposo. Titireak diseinatu eta eraikitzeaz Valentina Raposo arduratu da, zuzendaritza artistiko eta teknikoaz eta argiztapen diseinuaz Ion Chavez, jatorriko musikaz eta bertsioez Fran Lasuen, eszenografia diseinatzeaz Calvito&Tupe eta eraikitzeaz Iñaki Ziarrusta eta Javi Tirado, azken hori izanik, era berean, atrezzoaren arduraduna. Betitxe Saitua jantziak diseinatu eta josteaz arduratu da eta Paulette San Martín titereen jantziez. Ilustrazioen egilea Malen Amenabar izan da eta poemarena Miren Amuriza. Banatzailea Rocío Pindado da (Portal 71). Antzezlan hau egiteko Zornotza Aretoaren kolaborazioa, Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta Etxepare eta Inaemen babesa jaso dira, besteak beste.

ANITA MARAVILLAS titere antzerkian aritzen da bete-betean. Duela 20 urte (2005) sortu zuten Miren Larreak eta Valentina Raposok, eta, harrezkero, prestakuntza eta ikerketa lan handia egin du. Sortu eta urte batzuetara batu ziren Iván Alonso zuzendari lanetan eta Ion Chavez argiztapenean, bai eta Portal71 ere, kudeaketa eta banaketan. Konpainiaren sorkuntza prozesuetan funtsezkoa da titereen eraikuntza tailerra, bertan jaiotzen baitira pertsonaiak, zehaztasunik txikiena ere zainduz. Konpainiak sei ikuskizun ditu, horietako batzuk sarituak.

Bira Gasteizen hasi zen urtarrilaren 3an, Galizia, Andaluzia, Katalunia, Aragoi, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Errioxa eta Valentziako ia 40 herritik pasatuko da, eta ekainaren 8an amaituko da Ferrolen. Gertuen ditugun ikuskizunen artean nabarmentzekoak dira Beasain, Urnieta, Bilbo, Iruñea, Hendaia eta Donostiakoak. Hala, amaitutzat emango da bira honen bigarren denboraldia.

+ Irakurri

Amorebieta-Etxanok Anita Maravillasen hiru obra hartuko ditu bere 20. urteurrena ospatzeko

2025/12/11

Eskainiko dituen hiru obrak izango dira Jon Braun abenduaren 29an, Kotondarrak abenduaren 30ean eta Andereñoak urtarrilaren 2an eta 3an, familia

Zornotza Aretoak “¡Azules!” Mendeurreneko dokumentalaren estreinaldia hartuko du abenduaren 11n, osteguna

2025/12/10

SD Amorebietako antzinatasun handiagoko ehun bazkideek gonbidapena jaso ahal izango dute klubeko dendan abenduaren 9ra arte. Gainerako bazkideek eta zaleek


JonKass eta Heitxiren debuta Durangoko Azokan

2025/12/09

Jon Castañedak, JonKassek, bakarkako debuta egin du DAMekin, Aritz Urrutiarekin eta Paradisu Zinema bekarekin batera bultzatutako diskoarekin. Pop-rocka, funkya, elektronika

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only