Ekintza egitarau zabala antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak martxoaren 8aren harira, berdintasunarekiko duen konprosimoa indartuz

  • Otsailaren 24tik hasita martxoaren 11 bitarte, egitarauak kultur zein aisialdi jarduerak, mahai inguruak edota ekitaldi instituzionalak uztartzen ditu, adin guztietako herritarrei zuzenduta.
  • Ekintza guztien helburua da herritarrak berdintasunaren alde urratsak ematen jarraitzearen garrantziaz sentsibilizatzea.

Martxoaren 8an, larunbata, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horren harira, Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat ekintza antolatu ditu, genero-berdintasunaren aldeko aldarrikapena gizarteratzeko eta udalerriak emakumeen eskubideekiko duen konpromisoa indartzeko. Hala, egitarauak erakusketak, hitzaldiak, zinema-saioak, topaketak eta aisialdi zein kultura-jarduerak jasotzen ditu, besteak beste, berdintasunean oinarritutako gizarte bidezkoago bat eraikitzeko bidean, herritarren parte-hartze aktiboa eta hausnarketa sustatzeko.

Martxoaren 8a ez da egutegian agertzen den data bat soilik. Aitzitik, orain arteko urratsak aitortzeko ez ezik, oraindik ere gainditu beharreko erronkez jabetzeko ezinbesteko hitzordua da. Emakumeek historian zehar egin duten borrokari ikusgarritasuna emateko eta berdintasunaren aldeko konpromiso kolektiboa sendotzeko eguna da. Izan ere, berdintasuna ez da etorkizun batean gauzatu beharreko helburu bat, baizik eta gure gizartearen arlo orotan, egunero eta etenik gabe, islatu beharreko errealitate ukaezina. ”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.

Adin guztietara zuzendutako jarduerak

Otsailaren 24an ekin zitzaion egitarauari, Skolastikak antolatutako Emakumeak euskal komikigintzan erakusketarekin. Erakusketa honek emakumeek komikigintzan izan duten trataera aztertzea eta euskal emakume komikigileen izenak, lanak eta ekarpenak berresturatu edota plazaratzea du helburu. Horretarako, erakusketak 11 panel, bideo bat eta hainbat egileen lanak jasotzen ditu, bi txoko desberdinetan banatuta; hausnarketarako txokoa batetik eta euskal emakume komikigileen izenak eta lanak gizarteratzeko espazio historikoa, bestetik. Bilduma hau ikusgai egongo da Zelaietako erakusketa gelan, martxoaren 9ra arte. Horrez gain, liburutegian emakume komikilarien txoko berezi bat egongo da.

Bestalde, martxoaren 1ean, 12:00etan, Panpinak Aitorrentzat haurrentzako ipuin-kontaketa eskainiko da udal liburutegian, etxeko txikienei haurtzarotik berdintasunaren eta errespetuaren balioak transmititzeko helburuarekin. Martxoaren 5ean, 18:30ean, Amorebieta-Etxanoko emakume musikarien solasaldia izeneko mahai-ingurua egingo da Zelaietan, emakumeek tokiko musika eszenan izan duten presentzia eta ibilbidea aztertzeko. Era berean, martxoaren 7an, 19:00etan, Josune Muñozek Zahartzaro berriak hitzaldia eskainiko du liburutegian.

Martxoaren 8an, egitarauko ekitaldi nagusiak

Martxoaren 8an izango dira egitarauko ekitaldi nagusiak. Goizeko 10:00etatik 15:00etara, XXVII. Emakume Artisau eta Nekazarien Azoka izango da Zelaieta parkean, emakumeek sektore horietan duten garrantzia eta egiten dioten ekarpena nabarmentzeko. Eguerdian, 12:00etan, elkarretaratzea eta adierazpen instituzionalaren irakurketa egingo dira Herriko Plazan, eta 13:00etan, aldiz, Marixelarre sariak banatuko dira Zelaieta parkean. Sari hau Alaiak koralari emango zaio, Amorebieta-Etxanoko kultur-bizitzan egindako ibilbide eta ekarpena aitortzeko. Emakumez osatutako taldea izanik, erreferente izan da herrian ia 40 urtez, musikaren bidez herria aberastuz. Hasieratik, garai hartan emakume talde batek abesbatza bat sortzea ohikoa ez zenean, aitzindari izan ziren eta beren lekua sendotu zuten udalerrian, abesbatza batez haratago, emakumeen arteko topagune eta babesleku bilakatuz, laguntasun sare bat ehunduz. Berdintasunaren aldeko ekimenak aitortzen dituen Marixelarre saria martxoaren 8an jasoko dute, Emakume Artisau eta Nekazarien Azokaren baitan.

Egun osoan zehar, halaber, haur, gazte zein familiei zuzendutako ekintzak egongo dira. Ludoteka familian programaren baitan, eskulan-tailerrak izango dira Zelaietan bi txandatan: 10:30etik 12:00etara lehena eta 12:00etatik 13:30era bigarrena (aurrez izena emanda). Arratsaldean, 17:00etatik 21:30era, Gaztetxokoan gazteei zuzendutako martxoaren 8ari buruzko eskulan-tailerra egingo da eta 20:00etatik 22:30era, Gaueroaktion Txapel Laster feminista ospatuko da. Jardunaldiari amaiera emateko, 20:00etan, Emakumeak Oroituz kontzertua eskainiko du Zornotzako Musika Bandak Zornotza Aretoan.

Horrez gain, Amorebieta-Etxanoko Udalak elkarte feministek deituko dituzten manifestazio eta ekintza guztiak babesten ditu eta hauetara joateko gonbita egiten die herritarrei.

Azkenik, martxoaren 11n, egitarauari amaiera emateko, 19:00etan “Las Novias del Sur” filma eskainiko da Zornotza Aretoan, eta hau amaitzean, zuzendariekin solasaldia egingo da. Horrez gain, emakumeen errealitatearen inguruan hausnarketa berriak sortzeko asmoz, “Komando Marmitako”, “Dena Asmatuta Dago” eta Pomo D’Oro film laburrak ere izango dira ikusgai.

Egitarau honen bitartez, Amorebieta-Etxanoko Udalak berdintasunarekin duen konpromisoa berresten du eta herritar guztiak antolatutako jardueretan parte hartzera animatzen ditu.

+ Irakurri

Datorren abenduaren 20an amaituko da Amorebono 2025eko bonuak erabiltzeko epea

2025/12/11

Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrei lehen sektoreko bonuak eskuratzeko eta tokiko ekoizleak babesteko gonbita egiten die. Bonuen gehiengoa erabili den arren, oraindik

503 gaztek hartu dute parte Amorebieta-Etxanon ospatu den I’m Bizi 2025 programan

2025/11/28

Zelaietako frontoian egin da DBH 4. mailako ikasleei zuzendutako topaketa hau, non gazteek hainbat tailer, dinamika, mahai-inguru eta jarduera praktiko

Amorebieta-Etxanok zerbitzu publikoak eta familia zornotzarren babesa indartu ditu 2026rako udal aurrekontuetan

2025/11/26

35.988.500 euroko aurrekontuarekin, Udalak inbertsioa % 6,36 handitu du aurreko urtearekin alderatuta, udalerri kohesionatuago eta etorkizunera bideratuago batekiko konpromisoa sendotuz.

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only