- Antolatutako jardueren artean, besteak beste, txapak sortzeko tailerra, oztopo-ginkana bat edo Party 7-bike ‘ekimena nabarmentzen dira. Irailaren 19an egingo dira, Zelaieta parkean eta inguruetan.
- Halaber, irailaren 16an, Frantziako Tourrak Udalari emandako haurrentzako 20 bizikleta zozketatuko dira, bizikletaren erabilera sustatzeko asmoz. Horren harira, Udalak bidegorrien erabilerari lotutako bide-hezkuntzako hainbat bideo ere sortu ditu.
Amorebieta-Etxanoko Udalak Mugikortasunaren Astea ospatuko du irailaren 19an, udalerriko haur, gazte eta helduen artean bizikletaren erabilera eta mugikortasun jasangarria sustatzeko diseinatutako jarduera programarekin.
Hala, ekimen honen baitan, tailerrak, ginkanak, bizikleta ibilbideak eta beste hainbat jarduera antolatu dira Zelaieta parkean eta inguruetan irailaren 19an.
Jarduera nabarmenen artean bizikleta-motibodun txapak sortzeko tailerra dago, haurrei zuzendua. Bertan, haurrek beren txapak diseinatu eta egin ahal izango dituzte monitoreen laguntzarekin. Era berean, 6 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendutako oztopo-ginkana bat ere egingo da, bizikletaren erabilera sustatzeaz gain, errespetua, laguntasuna eta adiskidetasuna bezalako balioetan heztea helburu duena, baita mugimen-trebetasunak hobetzea ere, hala nola erresistentzia, koordinazioa eta oreka, modu seguru eta dibertigarrian. Jarduera honetan parte hartzeko, derrigorrezkoa da bizikleta eta kaskoa erabiltzea, eta BIZIESKOLAk bizikletak emango dizkie bizikletarik ez dutenei.
Beste jarduera interesgarri bat ‘Party 7-Bike’ da. Zazpi lagunentzako bizikleta zirkularreko esperientzia da, 10 minutu inguruko ibilbidean dibertimendua eta barreak bermatzen dituena. Jarduera hau zabalik dago ikasleentzat eta gazteentzat, baina parte hartu ahal izateko, gutxieneko altuera 140 cm-koa izan beharko dute, pedaletara iristeko.
Horrez gain, Amorebieta-Etxanon bizikletaz ere egingo da ibilbidea, Sociedad Ciclista Amorebieta eta Urgozo Txirrindulari Elkatearen laguntzarekin, bidegorriak eta dauden konexioak ezagutzeko.
Era berean, herriko ikastetxeekin elkarlanean, marrazki-lehiaketa bat ere egingo da. 14 urte arteko ikasleek mugikortasun jasangarriaren ideia marraztu beharko dute ikasgelan eta marrazkia Zelaieta parkean egongo diren 3 postontzietako batean utzi, hilaren 19an. Ondoren, egun horretan bertan, bizikletak eta patineteak zozketatuko dira, lehiakideen adina kontuan hartuta.
Frantziako Tourrak emandako 20 bizikleten zozketa
Mugikortasunaren Astearen barruan, irailaren 16an, haurrentzako 20 bizikleta zozketatuko dira, Frantziako Tourreko antolatzaileek Amorebieta-Etxanoko Udalari emanak. Zozketa 2021eko urtarrilaren 1etik 2024ko uztailaren 31ra bitartean jaiotako haurrei zuzenduta dago. Parte hartzeko, haur bakoitzak zenbaki bat jaso du gutun batean, eta gorde egin beharko du zozketarako. Emaitzak Amorebieta-Etxanoko Udalaren web orrian eta sare sozialetan argitaratuko dira, eta Udala harremanetan jarriko da saridunekin bizikletak emateko, hilaren 19an.
Bide-kontzientziazioa udalerriko bidegorrietan
Azkenik, PAUSA enpresak bidegorrien erabilera egokira bideratutako bide-hezkuntzako hainbat bideo garatu ditu, herritarrak zirkulazio-arauen inguruan kontzientziatzeko eta Amorebieta-Etxanon bizikleta-bideen erabilera segurua eta errespetuzkoa sustatzeko.
Ekimen horiek Amorebieta-Etxanok mugikortasun iraunkorra eta bide-hezkuntza sustatzeko duen konpromisoa berresten dute, ingurumena gehiago errespetatuko duen etorkizun baterako beharrezkoak diren tresnak komunitateari hurbilduz.


