- Tokiko hezkuntza arloa aberastu eta babesteko jarduera eta baliabide programa zabala
eskaintzen die urtero Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko ikastetxe eta guraso-elkarteei,
ikasleen garapen integrala sustatzeko helburuarekin. - Ikasturte honetarako jarduera nabarmenen artean, Agenda 2030 Eskola, euskararen
sustapena, berdintasun eta sexualitate programak, kirol eta kultura jarduerak eta adikzioen
prebentzioa eta teknologien erabilera aurkitzen dira.
Beste urte batez, udalerriko hezkuntza arloa indartu eta babesteko ikastetxeei eta gurasoen elkarteei zuzendutako jarduera eta baliabide programa zabala osatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak, ikasleen garapen integrala sustatzeko helburuarekin. Programa honek hezkuntza, kultura, kirol eta prebentzio ekimenak biltzen ditu 2024-2025 ikasturtean zehar burutzeko.
Amorebieta-Etxanoko hezkuntza indartzea helburu
Asko dira Udalak, hezkuntza erreforzatze aldera eskaintzen dituen jarduera eta baliabideak, arlo desberdinetan sailkatuta gainera: ingurumena, jasangarritasuna, berdintasuna, euskara, gazteria, kirola, kultura, prebentzioa… Ekintza horien guztien helburua da ikastetxe edo guraso-elkarteei gazteen garapenean lagunduko duten baliabideak eskaintzea, lankidetza, errespetua edota solidaritatea bezalako balioak sustatzeko eta ikasleen prestakuntzarako eta ongizaterako beharrezkoak diren baliabideak bermatzeko.
“Kalitatezko hezkuntza jasotzea funtsezkoa da gure gazteen garapen integralerako. Ezagutza akademikoez haratago, hezkuntzak funtsezko balioetan ere hazten ditu gure gazteak, hala nola errespetua, enpatia, gaitasun kritikoa eta besteekiko konpromisoa zein errespetua. Horregatik, Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko ikastetxeetako hezkuntza-programak osatzeko lan egiten du, gazte zornotzarrei hezkuntza-garapenerako eta garapen pertsonalerako aukerarik onenak eskaintzeko. Hezkuntzan inbertitzea, etorkizun hobe baten alde egitea da, gure gazteak izango direlako, hain zuzen, etorkizunaren eraikitzaile”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Udalak 2024-2025 ikasturterako eskaintzen dituen ekintza nagusienen artean daude, adibidez:
- Eskola Agenda 2030: Lehen hezkuntzako ikasleen artean Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) sustatzeko proiekturik nabarmenetakoa da. Programa bi fasetan egituratzen da: lehenengoan, ingurumenaren egoera aztertzen eta diagnostikatzen da; bigarrenean, ekintza zehatzak proposatu eta ezartzen dira. Horrez gain, ikasleek sentsibilizazio-jardueretan parte hartzen dute, hala nola ura tratatzeko instalazioetara egiten diren bisitetan, kontzientzia ekologikoa bultzatzeko helburuarekin.
- Euskararen sustapena: Euskararen erabilera sustatzea, bai ikastetxeetan bai etxean, udal eskaintzaren beste ardatz garrantzitsu bat da. Gazteen artean euskara indartu nahi da, hala nola, Eusliderrak programaren bidez, euskararen erabilera informala bultzatzen duena, eta Booktuber lehiaketarekin, non parte-hartzaileen euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzen den bideo-aipamenen bidez. Gainera, familientzat hitzaldiak eta tailerrak eskaintzen dira etxean euskararen erabilera indartzeko, eta hezkuntza materialak ere banatzen dira.
- Berdintasun eta sexualitate programak: Programaren beste alderdi garrantzitsu bat genero berdintasunari eta sexu aniztasunari buruzko sentsibilizazioa da. Horren baitan, genero-ikuspegia duten sexu-hezkuntzako tailerrak eskaintzen dira lehen hezkuntzako, DBHko eta batxilergoko ikasleentzat. Halaber, Zinegoak jaialdian parte hartzeko aukera dago, sexu eta genero-aniztasuna lantzeko. Era berean, aholkularitza sexologikoa ere ematen da, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat.
- Kirola eta kultura: Hezkuntza eskaintzaren barruan, kultura eta kirol jarduerak ere badaude. Ikastetxeek udal kirol-instalazioak erabiltzeko aukera dute, hala nola Larrea kiroldegia, futbol-zelaiak eta igerilekuak, ikasleen artean jarduera fisikoa sustatzeko helburuarekin. Kultura arloan, ikasleek Zornotza Aretoan euskarazko zinema-emanaldiez gozatu ahal dute, antzerki-tailerretan parte hartu, eta haur eta gazte literaturarekin lotutako beste jardueretan ere parte hartu.
- Adikzioen prebentzioa eta teknologien erabilera: Adikzioen prebentzioa, teknologia digitalen erabilera arduratsua eta emozioen kudeaketa lantzeko tailerrak ere abian dira, ikasleei, irakasleei eta familiei zuzenduta. Tailer hauek orientazio eta aholkularitza zerbitzuekin osatzen dira, prebentzioari eta hezkuntza emozionalari ikuspegi orokorra eskaintzeko.
Programa zabal honekin, ikasleen ikaskuntza eta ongizatea aberastea bilatzen da, haiek kontzienteagoak, jasangarriagoak eta berdintasunaren balioekin konprometituak izan daitezen.


