Udabarri dantzako sortzaile eta euskal kulturaren bultzatzailea
Dantzatzea gustatzen zitzaion Jose Mariri eta, herriaren alde zerbait egitea beharrezkoa ikusten zuenez, folklore mundua ardatz hartuta, 1966. urtean Udabarri Euskal Dantzari Taldea sortu zuen, Tomás Zugazartaza eta Jesus Mari Emaldiarekin batera. Urte gogorrak ziren arren, lan egiteko gogoak dena gainditzen zuen. Horrela, Aita Txanton Goiria Zornotzarrak sortutako Bilboko Gaztedi Dantza Taldera jo zuten euskal dantzen lehen pausuak ikastera. Hasieran, inguruko dantzak ikasi eta ondoren beste probintzietako taldeen laguntzarekin, Euskal Herri osoko dantzak ikasi zituen, Iparraldeko ihauterietako pausu edo maskaradak barne. Horrela, Franco garaian debekatuta zeuden ihauteriak berreskuratzea lortu zuten 1978. urtean. Garai hartan, hainbat eta hainbat gazte hasi ziren euskal dantzak ikasten, baina horretaz gain, Euskal Herriko kultura, folklorea eta ohiturak maitatzen ere ikasi zuten Jose Mariren eskutik. Gure aberria ezagutzeko ibilaldiak, mendi martxak, umeen euskal jaietako dantzaldiak, Agate Deuna, txitxi-burduntzia edo Olentzeroren etorrera, urteroko ekintzak ziren. Orokorrean, dantza taldeaz gain, euskal kultura zabaldu nahi izan zuen, eta bertokoak diren gure ohitura zaharrak berreskuratu.
Jarraitu dezagun bere ametsa betetzen, euskal kultura, folklorea eta dantzak zainduz eta munduan zehar zabalduz. “Dantzatzen eta kantatzen duen herria ez da inoiz hilko…”
Eskerrik asko Jose Mari
Goian bego


