- Zelaietako liburutegian Munduenea bildumako lau ipuin kontatuko dira, euskaraz eta Amorebieta-Etxanon elkarbizi diren beste lau hizkuntzetan, hala nola, arabieran, errumanieran portugesean eta wolofean.
- Ekimena goizeko 12:00etan hasiko da eta helburu du beste jatorri batzuetako herritarrak euskarara hurbiltzea eta, aldi berean inguruko kultur aniztasuna ezagutzea eta errespetua sustatzea.
Datorren otsailaren 21ean Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta horren harira, ipuin kontaketa berezia antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko Guraso Elkarteekin batera. Ekitaldia datorren otsailaren 22an izango da, goizeko 12:00etan Zelaietako liburutegian, eta helburu du beste jatorri batzuetako herritarrak euskarara hurbiltzea eta, aldi berean inguruko kultur aniztasuna ezagutzea eta errespetua sustatzea.
Hala, ipuin kontaketan, Labayru Fundazioak argitaratutako Munduenea bildumako lau ipuin kontatuko dituzte lau gurasok, herrian elkarbizi diren lau hizkuntza desberdinetan, esaterako, arabieran, errumanieran, portugesean eta wolofean; horrekin batera, beste lau gurasok ipuin bera euskaraz kontatuko dute. Modu horretara, herrian dauden beste hizkuntzak aitortu eta euskara kulturen arteko zubi gisa sustatu nahi du Udalak.
Bide horretan, ekimenak harrera ona izanez gero, etorkizunean herrian hitz egiten diren beste hizkuntza batzuekin ipuin kontaketa errepikatzea aurreikusten du, beste kultura batzuetako herritarrak euskarara hurbiltzeko bidea eskainiz eta, aldi berean, herriko kultur aniztasuna balioetsiz eta aberastuz.
Interesa duen orok gaur arratsaldera arte eman dezake izena Gazte Txokoan bertan edo 946300649 telefonora deituta.
Amorebieta-Etxanoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera, hizkuntzak eta kulturak uztartzeko ekitaldi berezi honetan.


