Dagoeneko hamar urte igaro dira Lara Izagirre zornotzarraren lehen film luzea den Un Otoño sin Berlin estreinatu zenetik! Zinemagintzan mugarri bihurtu zen lan honek ukitu berezia du: Amorebieta-Etxano herria izan zen ia osorik filmaketaren eszenatoki, eta haren kaleak eta gune publikoak istorioaren parte izan ziren.

Herriko Plaza, Zelaieta parkea, Konbenio, Luis Urrengoetxea edo Sabino Arana bezalako kaleak, liburutegia edo Larreako igerilekua bezalako leku ezagunez gain, istorio intimo honetarako eszenatoki izan ziren. Itxurazko autobus geltoki bat ere jarri zuten udaletxearen aurrean eszenetako baterako! Herriaren inplikazioa erabatekoa izan zen: ehunka zornotzarrek figurante gisa parte hartu zuten.
Filmak Juneren (Irene Escolar) istorioa kontatzen du. Atzerrian denbora bat eman ondoren, bere jaioterrira itzultzen den neska gaztea da. Etxera itzultzea mingarria izango da, bere familia eta bere lehen maitasuna Diego (Tamar Novas), aldatu egin dira. Baina udazkeneko hego haizeak bezala Junek ere dena irauliko du. Familiaren barruan bere lekua berreskuratzen saiatuko da eta Diegorekin Berlinera joateko ametsari ekingo dio berriro, berak hainbeste desiratzen duena bilatzeko.



Irene Escolarrek, Juneren papera gorpuztuz, kritika bikainak jaso zituen, eta bere lana aitortua izan zen: 2016ko Goya Saria irabazi zuen Emakumezko Aktore Berri Onenaren kategorian.
Urteurren berezi hau ospatzeko, Gariza Films ekoiztetxeak hiru emanaldi berezi antolatu ditu Euskal Emakume Zinemagileak jaialdiaren bosgarren edizioaren baitan. Hauek dira datak eta lekuak:
- Maiatzaren 8an – Artium Museoa (Gasteiz)
- Maiatzaren 9an – Tabakalera (Donostia)
- Maiatzaren 10ean – Bizkaia Aretoa (Bilbo)
Opari ederra, berriro pantaila handian bizitzeko orain dela hamar urte Amorebieta-Etxanon bizitako udazken hura.



