- Erakusketak zientzia, artea eta letren arloan arrastoa utzi duten 24 emakumeren ibilbideak ditu hizpide eta emakumeek esparru horietan duten rolaren inguruan hausnartzera eta gizarte bedinzaleago baten alde egiten duten ekarpena aitortzera gonbidatzen du.
- Emakume horien artean dago Aran Garcia-Lekue zornotzarra, fisikaria eta ikertzailea eta berarekin batera, erakusketa osatzen duten emakume bakoitzak bere esperientzia partekatzen du.
Emakumeek zientzian, artean eta letretan duten talentua, sormena eta ekarpena izango dira protagonista Amorebieta-Etxanon, Jakiundek —Zientzien, Arteen eta Letren Akademiak— antolatutako “24 emakume zientzian, artean eta letretan” erakusketa ibiltariari esker. Erakusketa aire zabalean eta doan bisitatu ahal izango da Zubiondo parkean, ekainaren 16ra bitarte, eta 24 emakumeren ibilbide bisual eta inspiratzailea eskainiko du.
Erakusketak emakumeek ezagutzaren arloetan duten eginkizunaz hausnartzera eta berdintasunezko gizarte bati egiten dioten ekarpena aitortzera gonbidatzen du ikuslea. Marina Palacio artistak egindako erretratu eta ikus-entzunezko testigantzek osatzen dute erakusketa eta QR bitartez daude eskuragarri. Bideo guztiak Jakiunderen YouTubeko kanalean ere ikusgai daude esteka honetan: Erakusketaren bideoak
Protagonistak Jakiundeko 24 emakume dira, profil eta belaunaldi desberdinetako zientzialari, sortzaile eta pentsalariak, ausaz hautatuak. Batzuek ibilbide sendoak dituzte; beste batzuek, berriz, beren diziplinetan lan aitzindaria egiten duten emakumeen belaunaldi berria ordezkatzen dute. Guztiek helburu bera dute: bide berriak ikusaraztea, oztopo historikoak gainditzea eta belaunaldi berrientzako inspirazio iturri izatea.
Horien artean, Aran Garcia-Lekue zornotzarra aukitzen da, fisikaria eta ikertzailea, zeinak tokiko talentua ordezkatzen baitu nazioarteko proiekzioa duen proiektu baten baitan. Bere esperientzia erakusketan ikus daiteke, baita esteka honetan ere: Aran Garcia-Lekue.
Ekimen honen helburua garbia da: ezagutzaren arloetan emakumeen lana historikoki ikusezin bihurtu duten ohitura sozialak gainditzea. Aldi berean, belaunaldi berriak inspiratu nahi ditu, gizarte justuago bat eraikitzeko erreferente erreal, hurbil eta askotarikoak eskainiz.
Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak Zubiondo parkera hurbildu eta zientzia, artea, letrak eta berdintasunarekiko konpromisoa batzen dituen erakusketa hau ezagutzera animatzen ditu, izen propioa duten 24 ahotsen bidez.


