Alaia koralak jasoko du aurten Marixelarre saria, bere ibilbidearen aitortza gisa

  • Duela ia 40 urte sortutako emakumeen abesbatza hau udalerriko bizitza kulturalaren parte garrantzitsua izan da, baita emakumeen arteko topaketa eta elkarlanerako gunea ere.
  • Amorebieta-Etxanoko Udalak martxoaren 8an emango du saria, eguerdiko 13:00etan, Zelaietan, Emakume Nekazari, Abeltzain eta Artisauen Azokaren baitan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Alaiak koralari emango dio aurten Marixelarre saria, hain zuzen emakumeez osaturiko abesbatza honen ibilbidea aitortzeko eta kultur eta bereziki berdintasunaren arloan udalerriari egindako ekarpena balioan jartzeko. Sari hau Amorebieta-Etxanoko Emakume Nekazari, Abeltzain eta Artisauen Azokaren baitan emango da, datorren martxoaren 8an eta helburu du udalerriko berdintasunaren aldeko proiektu, kolektibo eta pertsonen lana azpimarratzea.

Alaiak korala, emakumez osaturiko abesbatza da eta Amorebieta-Etxanoko bizitza kulturalaren parte aktiboa izan da beti. Duela ia lau hamarkada sortu zen, emakume talde batek abesbatza bat bultzatzea hain ohikoa ez zen garai batean, alegia, eta horrek balio erantsia ematen dio koralaren ibilbideari, emakume talde honek urrats hori eman eta udalerrian sendotzea lortu baitzuen. Urte hauetan guztietan, herriko ekitaldi desberdinetan parte hartu dute, Amorebieta-Etxanoko bizitza kulturalari euren musika eta konpromisoa emanez.

Alaiak korala, ordea, abesbatza bat baino askoz gehiago izan da. Emakumeen arteko topagunea eta babesa izan da, abesteaz gain, laguntasun-sare bat ehundu baitute. 2024ko azaroaren 22an, Zornotza Kultur Elkarte Artistikoan, Santa Zezilia egunaren harira eskaini zuten agur-ekitaldian azaldu zuten bezala, “oso giro berezia sortu dugu urte hauetan guztietan, eta askorentzat etxetik irteteko eta beste pertsona batzuekin konektatzeko modu bat izan da”.

Horri lotuta, Amorebieta-Etxanoko alkateak, Ainhoa Salterainek, aitormen honen garrantzia azpimarratu du: “Alaiak korala gure udalerriko historia kulturalaren parte izan da, baina berdintasun alorrean, emakumeen elkartasun eta topagune gisa egindako lana ukaezina eta izugarria da. Horregatik sari honekin, eskerrak eman nahi dizkiegu duela 40 urte erakutsitako adore edo ausardiagatik eta urte guzti hauetan Amorebieta-Etxanori egindako ekarpenagatik”.

Marixelarre sariaren laugarren edizioa

2022az geroztik, Amorebieta-Etxanoko Udalak urtero ematen du Marixelarre eta aurreko edizioetan genero berdintasunaren alde egindako borrokagatik eta Amorebieta-Etxanoko gizarte eta kultura hobekuntzari egindako ekarpenagatik nabarmendu diren kolektiboak saritu ditu. 2022an, saria herriko lehen emakume elkarteari eman zitzaion, eta 2023an, berriz, 1940 eta 1975 artean profesionalki lan egin zuten emakume zornotzarrak omendu ziren, garai zail batean egindako ahalegina aitortzeko. 2024an, saria 1.205 kirolari zornotzarri eman zitzaien, eta kirolari horiek, beren diziplinetan nabarmentzeaz gain, kirol arloko genero desberdintasunak gainditzen lagundu zuten.

+ Irakurri

Beteranoen txapelketa solidarioa Txolonen, Iñurri elkartearen alde

2025/12/09

Abenduaren 14an Emakumezkoen Futbol Beteranoaren Txapelketa Solidarioa ospatuko da Amorebieta-Etxanoko Txolon futbol zelaian. Ekimena goizeko 09:00etan hasiko da eta hainbat


JonKass eta Heitxiren debuta Durangoko Azokan

2025/12/09

Jon Castañedak, JonKassek, bakarkako debuta egin du DAMekin, Aritz Urrutiarekin eta Paradisu Zinema bekarekin batera bultzatutako diskoarekin. Pop-rocka, funkya, elektronika

La Revelia jatetxeak Michelin izarra eskuratu du Zornotzan

2025/11/28

Zornotzak izar berri bat du gastronomiaren mapan. Michelin gida ezagunak bart ospatu zuen urteroko gala, eta sarituen artean izan da

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only