Ibilgailu elektrikoentzako hiru karga-guneen lizitazioa jarri du abian Amorebieta-Etxanoko
Udalak, udalerrian mugikortasun jasangarria bultzatzeko.
- Karga-guneak San Miguel, Ixer eta Ogenabekoa auzoetan kokatuko dira, eta aldi berean bi ibilgailu kargatzeko ahalmena izango dute, ibilgailu elektrikoetara trantsizioa errazteko asmoz.
- Neurria gobernu-akordioaren baitan jasotzen da, garraio-sistema garbi eta jasangarrien aldeko Udalaren apustuan, ibilgailu elektrikoen erabilera sustatu eta horrekin batera, emisio kutsagarriak murrizteko helburuarekin.
Amorebieta-Etxanoko Udalak udalerriko leku estrategikoetan hiru karga-estazio elektriko ezartzeko proiektua atera du berriki lizitaziora. Karga-estazio horiek San Miguel, Ixer eta Ogenabekoa guneetan kokatuko dira, eta bi ibilgailu elektriko aldi berean kargatzeko ahalmena izango dute. Horren bidez, ibilgailu elektrikoen erabilera erraztuko du Udalak eta, aldi berean, erantzuna emango dio horrelako azpiegituren eskaerari.
Amorebieta-Etxano, garraio eredu iraunkor eta jasangarrirantz urratsak emanez
Proiektu honek, PSEk proposatu eta gobernu akordioan jasotako ekimenari erantzuten dio eta horren bitartez, Udalak beste urrats garrantzitsu bat egingo du etorkizun jasangarriago baten alde.
Izan ere, karga-puntu berriekin, Udalaren helburua da garraioaren karbono-aztarna murriztea eta udal ingurumen-konpromisoak betetzea, Europako trantsizio energetikoko politikekin bat eginez. Horrela, ingurumenarekiko konpromisoa indartzen du, zornotzarren artean energia garbien erabilera sustatzeko eta ibilgailu elektrikoetarako trantsizioa errazteko azpiegitura aurreratu eta egokiak eskainiz, kutsadura murrizteko.
“Amorebieta-Etxanon, etorkizun berdeago eta iraunkorrago baterantz urrats sendoak egiten jarraitzen dugu. Udal gisa, horrelako ekimenak kutsadura murrizteko eta mugikortasun eredu eraginkorrago eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa lortzeko ezinbestekoak direla uste dugu eta horren alde lanean jarraituko dugu” , adierazi du Esther Torviscok, Agenda 2030eko zinegotziak.
Proiektuaren hautaketa eta esleipen-prozesuaren xehetasunak Eusko Jaurlaritzaren kontratazio-atariaren bidez eskuragarri daude.


