«GURE ETAPA SDAREN BURUAN EKAINEAN AMAITUKO DA; IDEIA BERRIEKIN ETA ILUSIO BERRITUAREKIN DATORREN JENDEARI LEKUA EGINGO DIOGU»



Jon Larrea Amorebietako Sociedad Deportiva-ren presidentea



JON LARREAREKIN (AMOREBIETA-ETXANO, 1976) IZANDAKO SOLASALDIA ZARAGOZAN LEHEN TALDEAK ETXE KANPOKO LEHEN GARAIPENA LORTU ETA ORDU GUTXIRA HELTZEN DA. HIRU PUNTU HORIEK, HASIERA TENTETSUAREN OSTEAN, AZULEEK HAMARGARREN JARDUNALDIA SEIGARREN POSTUAN HELTZEA AHALBIDETZEN DUTE, ASPIRAZIOAK BIZIRIK MANTENDUZ. HALA ERE, EZ ARLO DEPORTIBOA, BAIZIK ETA INSTITUZIONALA IZANGO DA ELKARRIZKETA HONEN ARDATZA: DATORREN EKAINEAN, BERAK ETA BERE ZUZENDARITZA BATZORDEAK ZORTZI URTEKO ETAPA AMAITUTZAT EMANGO DUTE. ZORTZI URTE AHAZTEZIN, PANDEMIA BAT, BI IGOERA BIGARREN MAILARA ETA KLUBAREN MENDIURTEURREA TARTEAN IZAN DIRELA.

Badirudi lehen taldeak, behingoz, erritmo egokia hartu duela.

Bai. Ligako hasiera oso ilusionagarria izaten ari da; eta, batez ere, etxe kanpoan lehen garaipena lortu dugulako, gure zereginetako bat zelako, etxean taldea oso sendo baitago. Oso pozik gaude; zaleak ere oso ondo erantzuten ari dira Urritzen, eta orain bi partida jarraian jokatuko ditugu han. Ea aukera dugun bolada ona luzatzeko eta goiko postuetan finkatzeko.

Zergatik Aitor Zulaika aulkitik gidaritzeko?

Hala proposatu zigulako Jabi Luacesek, zuzendari teknikoa denak; arlo deportibo guztiak beraren esku daude eta oso argi zuen. Aitorrekin akordioa ixtea kostatu zitzaigun, izan ere eskaintza asko zituen; baina, azkenean, SDAren alde egin zuen eta pozarren gaude.

Zer du Zulaikak beste entrenatzaile batzuek ez dutena?

Ez dut Aitor besteekin konparatuko, baina esango nuke berriro ekarri digula gertutasun hori, azken urteetan pixka bat galdua geneukana, ‘herrikoitasun’ hori. Aurten, Segunda RFEF mailan egonda, bestelakoa da egoera. Ez gaude futbol profesionaleko egituran, eta maila honek hobeto egokitzen zaio SDAren gaur egungo errealitateari. Esango nuke jatorrietara bueltatu garela, eta zentzu horretan Aitor oso gertukoa da, euskalduna, kategoria ondo-ondo ezagutzen du, indarra eta karakterea ditu… eta, jakina, ezagutza taktiko handiak. Oso ondo egokitzen da SDAren filosofiara, %100ean.



“ZORTZI URTE DIRA, BI LEGEGINTZALDI, KLUBAREN BURU, ETA HORREK DAKARREN HIGADURA DAKAR”

Diozu maila honek hobeto egokitzen zaiola SDAri. Segunda RFEF al da klubaren benetako tokia?

Nik uste baietz. Biztanleria kontuan hartuta, masa soziala, aurrekontua, estadioa… Dena hartuta, bai. Baina, kontuz, honek ez du esan nahi ez dugunik berriro Primera RFEFra edo Bigarren Mailara igotzea amesten. Izugarrizko lorpena litzateke eta hor ez dugu ametsik kentzen: beti izan gara oso-oso anbiziotsuak. Baina egia da, aurrekontua, biztanleria, masa soziala eta estadioa kontuan hartuta, gure kokapen naturalena Segunda RFEF dela.

Bi jaitsiera jarraian izan eta gero, igotzea betebeharra da?

Ez. Igotzea helburua izan behar da, ez betebeharra. Gure betebeharra da egunez egun lan egitea, eta partiduak irauten duen bitartean ahal dugun guztia ematea. Hori da betebeharra. Igotzea helburu izan daiteke, baina ez diogu geure buruari tranparik egingo ezta ilusio faltsurik sortuko ere: ez dut uste kategoriako bost aurrekontu handienen artean gaudenik.

Igoerarik izango den edo ez, ekainean jakingo dugu; hil horretan amaitzen baita zure bigarren agintaldia. Berriro aurkeztuko zara?

Ez. Uste dut niretzat garaia iritsi dela albo batera egiteko. Zuzendaritzako kide guztiok uste dugu gure etapa amaitutzat eman behar dugula, eta garaia dela lekukoa beste bati emateko. Zortzi urte, bi legealdi daramatzagu klubaren buru, eta horrek dakarren higadura handia da. Denetarik bizi izan dugu: estutasun ekonomikoak, pandemia, hiru igoera, hiru jaitsiera, Mendiurrena… Uste dugu etapa bat bete dugula eta onena dela ilusio, ideia eta proiektu berriekin datorren jendeari lekua egitea.

Hortaz, elkarrizketako titularra eman digu

Baliteke, baina hau ez zaigu azken momentuan bururatu, ezta azken hilabeteetan Zuzendaritzakoekin eta inguruko jendearekin partekatu gabe dagoen zerbait ere. Pentsatutako eta adostutako erabakia da, gure ustez SDAren onerakoena. Eta gainera, une egokian iristen da: gure agintaldia bukatutakoan, gure lau urteko konpromisoa bete ondoren. Eta iristen da, baita ere, kluba ehungarren urteurrena oso maila altuan ospatu eta gero; niretzat hori lehen taldearen titulu batekin edo igoera batekin parekatzen zen. Eta abenduan dokumentala Zornotza Aretoan asteburu osoz proiektatzean jarriko diogu amaiera borobila.

Zuk joango zarela diozu. Zuzendaritzako inor ez da aurkeztuko?

Ez, azken orduko aldaketarik ezean, uste dut oraingo batzordeko kide guztiok utziko dugula kargua.

Eta nor aurkeztuko da?

SDAko edozein bazkidek aurkezteko aukera du. Jende batzuk jada hurbildu zaizkigu gure asmoei buruz galdetzera, eta baliteke erronka berri horri aurre egiteko hautagaitza aurkeztera animatzea.

Zeintzuk dira jende horiek?

Momentua iristen denean, eta pausoa ematen badute, haiek izango dira hori komunikatu beharko dutenak. Baina gauza bat oso argi utzi nahi dut: talde hau edo beste edozein izan, ilusioa eta gogoa duten SDAko edozein bazkide izango du gure ateak zabal-zabalik eta gure laguntza osoa. Informazioa, aholkularitza, trantsizioa… den-dena. Gure aldetik prestutasun osoa.

Zein klub aurkituko du lekukoa hartuko duenak?

Zortzi urte lehenago aurkitu genuenarekin zerikusirik ez duen kluba. Egoera guztiz bestelakoa da. 600.000 euro inguruko zorrarekin hartu genuen kluba, desagertzear eginda; eta gaur egun guztiz saneatuta dago, superabitarekin. Ez soilik ekonomian: baita antolaketa eta arlo deportiboan ere –futbol basea zein lehen taldea– egitura profesionala sortu dugu, klubaren etorkizun ekonomiko eta kirol-eraginkorra bermatzen duena. Bestela esanda: guri ondoren datozenek ekonomia aldetik saneatuta dagoen klub bat aurkituko dute, eta antolaketa eta kirol arloan martxan dagoena, harrobia funtzionamendu betean duena.



“ZORTZI URTE HAUETAN ONENA IZAN DA JENDEAK SDA BERRIRO ILUSIONATU DUELA IKUSTEA”

Zein izan da zortzi urte hauetako onena?

Nire uste apalean, jendeak berriro ere ilusionatu dela SDArekin. Jakina, igoerak hor daude, poz eta euforiaz betetako une apartak dira; baina perspektibarekin begiratuta, herrian berriz piztu den ilusioarekin geratzen naiz, Urritzen dagoen giroarekin eta gaur egun 1.000 bazkide baino gehiago izatearekin. Urritzen haur eta neska-mutilak astebururo ikustea, edo aste barruan Amorebietako elastikoarekin ikustea, oso baikor jartzen nau SDAren etorkizunari begira, lotura hori berriro sendotu delako eta sendoa delako.

Eta txarrena?

Batzuetan hartu behar izaten diren erabakiak, kirolari edo burokraziari lotuak, klubaren egoeragatik hartu beharrekoak direnak. Ezagutzen dugun jendea izaten denez, zaila egiten da eta pertsonalki ere eragiten du. Klubaren onurarako hartzen diren erabakiak izan arren –oker egon gaitezke, noski–, pertsonalki gogorrak dira. Eta, jakina, balantzea egitean datorkit burura aita galdu dudala garai honetan, berak egin ninduelako SDAko bazkide; eta baita Aitor Larruzea edo Juanjo Batiz bezalako pertsona handiak ere.

Gainezka duzun arantzarik?

Urritxen eta Txolonen, batez ere lehenengoan, egitura handiko erreforma batzuk gauzatu ez izana. Baina jakitun naiz horrelako proiektuak zein zailak diren. Eta ez dut ahaztu nahi pandemia bat ere bizi izan dugula eta horrek denon lehentasunak goitik behera aldarazi zituela. Agian pandemiaren eraginik gabe, gaur egun egoera bestelakoa izango litzateke. Nolanahi ere, espero dut gure agintaldian geratzen zaigun denboran norabide egokian nolabaiteko urratsa eman ahal izatea. Gure aldetik ez da faltako.

Eskerrak emateko orduan, nori begiratzen diozu?

Zuzendaritzako kide guztiei, bazkide guztiei, klubeko langile guztiei. Eta, jakina, nire familiari ere bai.

+ Irakurri

IBARRA PENTSUAK Ixerren errotutako negozio familiarra

2025/12/03

IBARRA PENTSUAK DENDAKO NIEVES ETA AGURTZANE AMA-ALABAK, BELAUNALDI ARTEKO LEKUKOA NOLAIGARO DEN KONTATU DIGUTE. BASERRIKO BIZIMODUA ETA GANADUAREN INGURUKO JARDUERA

«RODAJE ASKOTAN PARTE HARTZEA GUSTATUKO LITZAIDAKE, HORREK ONA NAIZELA ADIERAZIKO LUKE»

2025/12/03

Sergi Sarmiento Agirregoikoa zinema espezialista Sergi Sarmiento zornotzarra Bartzelonan ari da prestatzen zinema-espezialista izateko. Eszena-borroka, akrobaziak, parkourra eta efektu bereziak

“Sukaldaritza lagun izan dudan hizkuntza da, arrazoia dudanetik”

2025/12/02

Pablo López Zambrano chef de Antxeta by Taberu INGALATERRA, FRANTZIA, JAPONIA EDO BARTZELONAKO SUKALDEETAN BIDAIATZEN ETA TREBATZEN BI HAMARKADA BAINO

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only