Umeen eskutitzak eta besarkadak jasotzeko prest!
Urtero bezala, gabonetako oporraldia iristear dugu, eta UDABARRI Euskal Dantzari Taldean ere oporrak hartuko ditugu Abenduaren 19tik Urtarrilaren 7ra.
Beti bezala, Gabonak Olentzerok eta Mari Domingik iragartzen dituzte, mendian lanean ari direla, Kristoren jaiotzaren berria jaso eta berri ona ematera herrira etorriko diren ikazkinek, hain zuzen. Horrela, abenduaren 24ro, Gabonen etorrera iragarri eta opariak ekartzen dizkigute pertsonaia on huts honeek; batzuetan, halere, ikatza ere ekartzen dute Olentzerok eta Mari Domingik…
Honela, Olentzero eta Mari Domingi, urte osoa mendian lanean eman ondoren, Zornotzara jeitsiko dira. Lehenik eta behin, iaz bezalaxe, herriko Egoitzetatik bueltatxoa egingo dute gure nagusiak agurtzeko. Horren ostean, Abenduaren 24ean, arratsaldeko 18’00etan, Gudari kalean zehar kalejiran etorriko dira, eta Nafarroa, Ibaizabal eta San Migel kaleetatiketik ibili ostean, Zelaieta Zentrora zuzenduko dira bukatzeko.
Proposatzen dizuegun janzkera: Txapela beltza, koadrodun kaikua eta zapia, alkandora zuria, maoizko prakak edo gona, eta mendiko botak.
Bukatzeko, herritar guztiei animatzen zaituegu Olentzero eta Mari Domingirekin, hala egoitzetatik nola herrian zehar, gurekin gabon kantak abestera.
Besterik gabe, GABON ZORIONTSUAK danontzat eta URTE BERRI ON!
Udabarri Euskal Dantzari Taldea

