Jose Antonio Zamalloa “Txanpik”, baserritarra bezala aurkezteko esaten digu galdetzen diogunean. Bizkaiko Sagardo Ekoizleen lehendakaria ere bada, sagardo ekoizlea, Uxarte sagardotegiaren jabea, sukaldaria… eta, noski, baserritarra.
Bere baserrira hurbildu gara, Montorra auzoan, Amorebieta Etxanon ekoizten den sagardoaren inguruan mintzatzera.
Zein da sagardoaren jatorria gure herrian?
Badaude datuak orain 200 urte baino lehenago sagardoa egiten zela Durangaldean. Sagaztiak zeuden baina eremu txikietan, autokontsumorako. Sagarrak kontserbatzeko era bezala sortu zen sagardoa, behin fermentatutak, sagarrak denbora luzez kontsumorako prest egon zitezkeen eta. Horregatik, hasi ziren sagardoa baserrietan ekoizten, sagarren kontsumoa denboran luzatzeko. Gainera alkohola puntu bat ere lortzen zen fermentatzerakoan eta hori balore bat izan zitekeen ere, gure inguruan ez bait zegoen beste edari alkoholdun askorik egiteko aukera.
Zein da Sagardoaren ekoizpena Zornotzan gaur egun?
Gaur egun herrian bi ekoizle gaude eta lau sagar biltzaile. Guk 50.000 litro sagardo baino gehiago egin ditugu aurten. Uztaren %30a galdu genuen eguraldi txarragatik denboraldiaren lehenengo asteetan, baina bilketa-aldiaren bigarren zatian baldintza meteorologikoak egokiak izan ziren eta kalibre handiko sagar osasuntsuak biltzea lortu dugu. Beraz, kalitate handiko sagardoa izan da aurtengoa.
“SAGARDOA BETIDANIK EKOITZI DA AMOREBIETAN”
Zein esango zenuke izan daitekela Zornotzako Sagardoaren berezitasun nagusia?
Kantauri itsasoko zonaldean daukagun klima oso aproposa da sagarrondoen osasunerako eta gainera euria behar dute besteak beste kalitatezko fruituak emateko. Beraz, leku egokia da Zornotza. Baina gure sagardoak sekretu bat badu, sagar barietateen nahasketa egokia da. Gure kasuan, 40 sagar mota ezberdin erabiltzen ditugu produktua ekoizteko, eta kontuan izan behar dugu bakoitzaren heltze prozesua, nahasketa neurriak, denborak etab.. guzti hori enologoaren lana da, berak erabakitzen du bere ezagutza eta urteetako esperientziaren arabera.
Sagardotegia esperientzia bat bezala bizi dute bezeroek?
Bezero desberdinak ditugu. Egia da Gipuzkoako sagardotegietan sortu den “moda”, kuadrilak desfasean ibiltearena, zabaldu egin dela baina guk ez dugu modelo hori nahi. Sagardotegiaren giroa sanoa izatea bilatzen dugu, bertan dagoen edozein bezero eroso sentitzea, txotx egitea, lasai hartzea.. Abestu behar bada primeran, eta dantza egin, baina denak ez du balio eta desfasea ez da sagardotegiekin lotu behar dugun jarrera. Gure kasuan familiak, lagunen kuadrilak, bikoteak.. turistak ere etortzen dira eta giroa ezinhobea da. Eta guztiak dastatu dezakete Zornotzako sagardoa eta baita bertako beste hainbat produktu menuaren barruan, Made In Amorebieta-Etxano produktuak.