- Kalea Jauregizahar auzoaren parean itxi da, eta neurri honen helburua da ibilgailuen eta oinezkoen segurtasuna bermatzea, galtzada hondoratzeko arriskua baitago, errepidearen azpiko gangan dagoen arazo bat dela eta.
- Gutxienez urte amaiera bitarte egongo da itxita kalea eta neurri horrek trafikoan eragingo dituen aldaketen aurrean ulermena eskatu die Udalak herritarrei.
Amorebieta-Etxanoko Udalak jakinarazi du, San Migel kaleko zati bat itxi dela Jauregizahar auzoaren parean, errepidearen azpian dagoen eta San Martin erreka igarotzen den gangan dagoen arazo baten ondorioz galtzada hondoratzeko arriskua dagoelako.
Segurtasun-arrazoiengatik hartu du Udalak neurri hori, eta helburua da egunero bertatik igarotzen diren ibilgailuen zein oinezkoen segurtasuna bermatzea, errepideren azpiko tunelaren eta galtzadaren konponketa ebaluatu eta kudeatzen den bitartean gerta litezkeen ezbeharrak saihesteko.
Aipatu eremua gutxienez urte amaiera bitarte egongo da itxita eta horretarako aldaketak egin dira zirkulazioan, baita autobus geralekuetan ere.
Zirkulazio aldaketak
Tarte hori ixteak aldaketak eragin ditu eremuko zirkulazioan eta aurrerantzean, ibilgailuen Nafarroa kaletik egin beharko dituzte herrira sartu-irtenak.
Kalea itxita egon arren, ibilgailuek bermatuta izango dute Jauregizahar, Gane, Andrandi eta Legarrebi auzoetarako sarbidea.
Aldaketak autobus-geltokietan
Itxiera horren ondorioz, Bizkaibuseko 3911 eta 3912 lineei eragiten dieten hainbat autobus geltoki kendu eta lekualdatuko dira:
Durangoko noranzkoa
- San Migel kalean, anbulatorioaren aurrean, dagoen geltokia Nafarroa kalera lekualdatuko da, Alambique tabernaren atzealdearen parera.
- San Migel kalean, pump-truck-aren ondoan dagoen geltokia Nafarroa kalera lekualdatuko da, Gure Kirolak-en bolatokiaren parera.
Bilborako noranzkoa
- San Migel kalean, anbulatorioaren aurrean, dagoen geltokia Nafarroa kalera lekualdatuko da, Saltxa tabernaren parera.
- San Migel kaleko geltokia, Gane Zentro Medikoaren parean dagoena, udalerrira sartzeko biribilgunera lekualdatuko da.
Udalak ulertzen ditu itxiera horrek ekar ditzakeen eragozpenak; hala ere, ulermena eskatu die herritarrei zonaldeko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren aldaketa horien aurrean. Obren epeen eta exekuzioaren inguruko informazioa emango da unean-unean.