- Dagoeneko zabalik dago ostalariek izena emateko epea, urriaren 18a bitarte, 691 528 683 telefonora deituz edo janalai@amorebieta.eus helbidera idatziz.
- Aurtengo jaialdiak tortillak eta gildak izango ditu oinarri eta osagai horietatik abiatuta, establezimendu parte-hartzaileak nahi adina berrikuntza aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketara.
Beste urte batez, bueltan da ‘Zornotzan Jan Alai 2.0 ’ pintxo lehiaketa, ostalaritza sektoreko hazkunde ekonomikoa bultzatzeko bidean, Amorebietako establezimenduetako kontsumoa sustatu eta zornotzarrak herriko establezimenduetan kontsumitzera animatzeko.
Ildo horretan, dagoeneko zabalik dago herriko ostalarientzako izen-ematea. Interesa dutenek, urriaren 18a bitarte izango dute lehiaketan izena emateko aukera, 691 528 683 telefonora deituz edo janalai@amorebieta.eus helbidera idatziz.
Tortillak eta gildak oinarri hartuta, berrikuntzari bidea emanez
Aurtengoa lehiaketa berrikuntza nagusi batekin dator: lehiaketaren ohiko iraupena 4 egunekoa izan ordez, azaroko asteburuetan egingo da, hau da, azaroan zehar, ostegunetik igandera bitarte dastatu ahal izango dira lehiaketako pintxoak establezimendu parte-hartzaileetan.
Horrez gain, tortillak eta gildak izango ditu lehiaketak oinarri eta osagai horietatik abiatuta, nahi adina berrikuntza aurkeztu ahal izango dituzte lehiakideek.
Bi sari jokoan
Urtero moduan, lehiaketaren baitan bi sari banatuko dira, bata epaimahai profesional batek aukeratuko du eta bigarrena, aldiz, herritarren bozka bitartez erabakiko da. Epaimahaiari dagokionez, pintxoen zaporea, gatz puntua, tenperatuta, edota aurkezpena izango ditu kontuan, besteak beste. Horiei jarraiki,1.000 euroko bi sari banatuko ditu: tortilla onena eta gilda onena eskaintzen duten establezimenduei, hurrenez-hurren.
Herritarrek, aldiz, dastatutako pintxoen artean gustukoena bozkatzeko aukera izango dute. Horretarako establezimendu parte-hartzaile bakoitzean egongo den galdetegia bete eta tabernetako postontzietan utzi beharko dute. Hala, kasu honetan ere, bi sari banatuko dira, 500 eurokoa bakoitza, herritarren bozka gehien jasotzen dituen tortilla pintxoarentzat bata eta gilda pintxoarentzat bestea. Era berean, bozketan parte-hartzen duten herritarrek 500 euroko saria ere irabazi ahal izango dute, zozketa bidez.
Lehiaketa azaroaren 29an amaituko da, eta sariak azaroaren 30ean banatuko dira, 12:00etan, Zelaieta zentroan.



