Amorebieta-Etxanok Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko du ekitaldiz beteriko egitarau parte-hartzaile eta irekiarekin


Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, azaroaren 26tik abenduaren 4ra bitartean, hitzaldiak, zuhaitz-landaketa, Giza Liburutegia, bertsolaritza eta kultur ikuskizunak izango dira ospakizun-egitarauaren ardatz, euskararekiko konpromisoa berretsiz.

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Amorebieta-Etxanoko Udalak ekintza-programa zabala antolatu du aurten ere, euskararen erabilera sustatzeko eta herritarrei ama-hizkuntzan gozatzeko aukera emateko helburuarekin. Ekitaldi hauek adin guztietako pertsonei zuzenduta daude, eta aisia, kultura eta herri parte-hartzea uztartzen dituzte.

Lehen hitzorduak euskararen egoera soziolinguistikoaren inguruko hausnarketa ekarriko du. Azaroaren 26an, asteazkena, Garikoitz Goikoetxeak “Esnatu ala Hil” liburuaren inguruko hitzaldia eskainiko du Zelaietako auditorioan, arratsaldeko 19:00etan. Liburua Goikoetxeak berak Iñaki Iurrebaso soziologoarekin batera argitaratu du, eta bertan euskararen bilakaera, gaur egungo egoera eta etorkizunerako erronkak aztertzen dira. Hitzaldia gune irekia izango da hausnarketarako eta elkarrizketarako. Liburua irakurtzeko interesa duenak Udal liburutegian eskuragarri ditu zenbait ale.

Azaroaren 30ean, igandea, ekintza parte-hartzaile eta familiarra antolatu da Goldatzen taldearekin elkarlanean. Goizeko 11:00etan, parte hartzaileek Gure Kirolak frontoian elkartuko dira, eta bakoitzak bere lorontzia apaindu eta zuhaitz txiki bat landatuko du bertan. Ondoren, kalejiran Jauregibarriako parkera joango dira, eta han Zornotzako Euskararen Zuhaitza landatuko dute. Ekintza bukatzeko, txokolate beroa banatuko da parte-hartzaile guztien artean. Ekimen honek euskararen sustapena naturarekiko harremanarekin uztartzen du, belaunaldi ezberdinen arteko topaketa bultzatuz.

Egitarauarekin jarraituz, abenduaren 3an, asteazkena, ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun berezi honetan, ekimen berritzaile bat jarriko da martxan Amorebieta-Etxanoko liburutegian: Giza liburutegia. Mugimendu hau Danimarkan sortu zen, eta elkarrizketa eta ezagutza partekatuen bidez bizipenak trukatzeko helburua du. Kasu honetan, “Atzerritik Euskal Herrira, mailaz maila, bidea euskaraz” izenburupean, Euskal Herritik kanpo jaiotako lau zornotzar ‘liburu’ bilakatuko dira. Entzuleek 15 minutuz izango dute bakoitza ‘maileguan’, eta euskaraz bizitako esperientziak entzun eta partekatu ahal izango dituzte. Ekintza arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta amaieran luntx bat eskainiko zaie bertaratzen direnei.

Egitarauari amaiera emateko, abenduaren 4an, osteguna, bi ekitaldi nagusi izango dira Zelaietako kultur etxean. Lehenik, arratsaldeko 18:00etan, Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finala ospatuko da auditoriumean, euskal bertsolaritzaren harrobiaren eta gazteen sormenaren erakusgarri izango dena. Ondoren, 20:00etan, Petti eta Ana Galarragaren “Frankestein agurgarria” ikuskizuna eskainiko da kontzertu gelan. Proposamen honek musika eta literatura uztartzen ditu modu artistiko eta originalean. Gainera, kontzertura doazen guztiek liburu bat jasoko dute opari gisa.

Euskararen aldeko konpromisoa sendotzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea da ospakizun hauen helburu nagusia. Horregatik, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak ekitaldi hauetan parte hartzera gonbidatzen ditu, elkarrekin euskararen aldeko giroa sortu eta indartzeko.

+ Irakurri

La Revelia jatetxeak Michelin izarra eskuratu du Zornotzan

2025/11/28

Zornotzak izar berri bat du gastronomiaren mapan. Michelin gida ezagunak bart ospatu zuen urteroko gala, eta sarituen artean izan da

Zelaietak Mikel Etxebarria Etxeitaren “Jai demokratikoen aldeko borroka. 1975-1976ko Karmenak” erakusketa hartuko du datorren astelehenean, abenduak 1

2025/11/26

Erakusketak 1975 eta 1976ko Karmenetan Zornotzako gazteriak jai parte-hartzaileagoen alde egindako borroka jasotzen du. Abenduaren 22ra arte egongo da ikusgai

Euskrowd: Adimen Artifizialak euskara naturala ulertzeko jauzi kolektiboa

2025/11/26

Euskrowd euskararen etorkizun digitala bultzatzeko sortutako proiektu parte-hartzailea da. Aplikazio honen helburua hizkuntza-teknologiak hobetzea da, etorkizun hurbilean gailu digitalek euskara

This website uses cookies to enhance your browsing experience and ensure the site functions properly. By continuing to use this site, you acknowledge and accept our use of cookies.

Accept All Accept Required Only