“BERRERAIKITZE AROA BIDAIA PERTSONALA DA. ELEKTROTRIKIPOP BEZALA DEFINITU DUGU: MUSIKA ELEKTRONIKOA EUSKAL HERRIKO SOINU TRADIZIONALEKIN UZTARTUZ”
EIDER HERRIKO ESZENATOKIETAN HAZI DA ETA ORAIN ‘BERRERAIKITZE AROA’ LEHEN DISKOAN BERE ALDERIK PERTSONALENA ERAKUTSI DU. ZORNOTZAN EGINDAKO AURKEZPENEAN, HERRITARREK TXIKITATIK EZAGUTZEN DUTEN ARTISTAREN BILAKAERA IKUSI DUTE. ELKARRIZKETA HONETAN, ESPERIENTZIA ETA ETORKIZUNEKO ERRONKAK KONTATZEN DIZKIGU.
Eider, herrian musika munduan ibili izanagatik ezagutzen zaitugu. Eta orain bakarkako diskoa!
Erromerietan, ume ikuskizunetan, telebistako saioetan… ibili naiz beti. Bakarkako lana egiteak bertigoa ematen zidan eta ez naiz inoiz ausartu. Orain dela bi urte Operación Triunforen casting-eko azken faseetara heldu nintzen, ez ninduten hartu baina bertan ikusi nuen hori ez zela bide bakarra. Lehen abestia casting-etik bueltan hegazkinean idatzi nuen.
Lehen diskoa estreinatu duzu Zornotzan. Zelan bizi izan zenuen momentua?
Luze eta gogotsu prestatutako ikuskizuna izan zen. Ahizpa Iratxerekin hilabeteak eman ditugu lanean. Presioa, zirrara … denetarik sentitu dut hilabete hauetan. Hain polita izan da eta hain hunkigarria eguna heldu eta jendearen erantzuna ikusi nuenean! Aurretik egindako lan guztiak bere fruituak eman ditu.
Zornotzakoa ikuskizun berezia izan behar zuen. Urtza, Onditz eta Ane musikariek kontzertu osoan zehar lagundu ninduten hainbat instrumentu jotzen. Udabarri Dantza Taldeak arin-arina eta fandangoa dantzatu zuen. Bele musika taldeko Lide Hernandorekin kolaborazioa egiten dut diskoan eta bertan egon zen ere.
Publikoaren erantzunak kontzertua berezi egin zuen, inoiz errepikatuko ez dena. Jendea emozionatu zen txikitatik Brioletak abesbatzan abesten ikusi zuten umea artista bezala hazi egin delako.
‘Berreraikitze Aroa’ da diskoaren izena. Zer aurki dezakegu bertan?
Bidaia oso pertsonala da. Bertan bizitzan zehar nortasuna eta izatea osatzearen bidaian aurkitzen dituzun oztopoei buruz hitz egiten dut; bizitako esperientziak eta horiei zelan egin diedan aurre kontatzen dut abestietan. Letrek entzuleak gai horren inguruan hausnartzera bultzatzen dute. Egunerokoan aipatzen ez diren baina hitz egin beharko liratekeen gaiei buruz.
Hitz bat bilatzen saiatu gara estiloa definitzeko: elektrotrikipop; musika elektronikoa Euskal Herriko soinu tradizionalekin (trikitixa eta panderoa batez ere) uztartuz. Gainera oso pop-era naiz.

Bideoklip batzuk ere argitaratu dituzu.
Bai, lau guztira: introa, Aro Berri Bat, eta Ines Osinaga eta Lide Hernandorekin egindako kolaborazioak. Inesekin egindakoa beroa eta txikiagoa da. ‘Aro berri bat’ bideoklipa auto kudeatua egin genuen, jende pila bat mobilizatu genuen. ‘Akelarre askea’ Ane Berriotxoak zuzendu zuen, niretzat bideoklipik potenteena eta politena. Caos Studioko argazkilariak ere ondoan izan ditugu, “por amor al arte” esaten dena, eta hori eskertzekoa da.
Oso pozik eta eskertuta nago bai jendeak eman duenagaz eta bai guk egindako lan guztiagaz; Iratxe eta biok jo eta fuego ibili gara dena egiten.
Eta orain, zer dator?
Espero dut orain kontzertu gehiago etortzea. Orain, hasieran, aretoetara joko dugu jendeak abestiak ondo entzun ditzan baina udan kalera irten nahiko nuke: herriko txosnetan, plazetan, jendea dantzan ikusi … Espero dut Zornotzako jaietan ere bertan egotea.
Diskoa Elkarren salgai dago, kontzertuetan eta online ere jarriko dugu.



