DENBORA BAT DA ZAPI BATEGAZ BURUAN IKUSI DUGULA BELEN. MINBIZIAREN ADIERAZGARRI LATZA GURE GIZARTEAN. OSASUNAREN INGURUKO ALE HONETAN, PENTSATU DUGU BADAUKALA ZER ESANIK.
Zein da zure egoera orain eta zein izan da prozesua?
Momentu honetan, nire diagnostikoa ez da hain ona. Duela lau urte eskas hasi nintzen sintoma batzuk nabaritzen. Ez genuen inola ere pentsatu “minbizi” hitza erabiltzea sintomatologia horientzat, baina ezustean, anemia handi bat eta sabel-min handiak zirela eta, hainbat proba egin ondoren, tumore digestibo bat neukala esan zidaten. Hortxe abiatu zen nire lehenengo lotura gaixotasunarekin.
“Minbizi” hitza adierazi bezain pronto, zuk dituzun proiektuak, bizitzarako, lanerako eta egunerokotasunerako proiekzioak, kulunkan jartzen dira nolabait. Hori da lehenengo plastazoa. Horren ostean, ebakuntza gogorra etorri zen, eta ondoren, tratamendu kimioterapikoak. Baina tratamendu kimioterapikoak bertan behera utzi behar izan zituzten, nire gorputzak ezin zituelako toleratu. Hori gutxi balitz, denbora gutxira recidiva egon zen, hau da, gaixotasuna itzuli zen.
Horrekin berriro zuloan sartzea suposatu zuen: berriro mamuak, beldurrak, bertigoak… Beste behin ebakuntzak eta kimioak. Hirugarren aldiz ere erori nintzen. Metastasia agertu zen, eta nire kasurako ospitalean ez zegoen tratamendurik. Hala ere, lortu nuen Donostiako Onkologikoak nire kasua onartzea aukera berri baterako. Nire gorputz ahul eta zauritua prestatu behar izan nuen beste ebakuntza oso potente bati aurre egiteko.
Orain dela urtebete Donostian bi hilabete eman nituen: tratamendua, gehi kirurgia, gehi IPEC. Ondoren hilabete UCIn eman nuen, oso oso gaizki, hil ala biziko egoeran. Hortik aurrera nire bizitzan beste fase oso potente bat hasi zen. Hurrengo albisteak ez ziren hain politak izan, eta horrek berriro amildegian jartzen zaitu.
Gaur hemen nago, ez sendatuta, baina ibilbidea egiten ikasten egunez egun. Hau da lau urtetako laburpen laburtua.
Nola jaso zenuen albistea lehen momentuan?
Lehenengo diagnostikoa ez zen guztiz txarra izan. Hala ere, emozio ugari agertu ziren: beldurra heriotzari, beldurra gorputz mutilatuta bizitzeari, beldurra, amorrua, antsietatea, ezustea, ezjakintasuna… Denak batera etorri ziren. Ez nekien zer gertatuko zitzaidan, edo nola eramango nuen ibilbidea.
Hori guztia sentitu ondoren, nire barne indarrak lagundu zidan beti. Ez nien emozio negatiboei heldu. Lan handia egin behar izan dut horretan: familian, lagunekin eta, jakina, psikoterapiaren laguntzarekin. Gertukoentzako ere zama izugarria da, eta askotan gu izaten gara beraiek animatu behar izaten ditugunak.
Zein da egoera orain?
Gaur egun, nire aukera eskerrak ematea da egunero. Ahal dudana bizipozez egitea. Goizean jaiki, egunari “egun on” eta “eskerrik asko” esatea; beste egun bat hasteko aukera izatea. Ez nago nire ehuneko 30ean ere, baina pozik altxatzen naiz, egunsentia ikusteak bizipoztu egiten nauelako.
Beraz, bizitza surfeatzen ari naiz. Asko gustatzen zait “surfeatu” hitzaren esanahia, ezin dugulako olatuaren aurka egin. Askotan esaten didate: “Belén, lucha, tienes que luchar!”, baina borroka egiteak ez dit ezer onik ekartzen. Aldatuko nuke “borroka” hori “animo, indartsua zara”, “eutsi” edo “hemen nago nahi baduzu goiz bateko une bat partekatzeko” moduko esaldiekin. Eskutik helduta goazela ematen du horrek, eta horrek indar handia ematen du.
Zalantzarik gabe, osasungintzak eskaintzen dizkigun tresnetan konfiantza izan behar dugu. Ikerketak aurrera egiten du, eta ikertzaileen lana baloratu eta laguntza eskaini behar diegu. Nire gaur eguneko erronka nire gaixotasuna kronifikatzea da. Momentu honetan, hori ez da horrela; orain aste batzuk jasotako berriak ez dira oso baikorrak. Hala ere, oraindik ere pentsatzen dut ez dudala bizipoza galduko, eta egunero eskertuko dudala “egun berri” bakoitza.
Amets egiten duzu?
Bai, amets egiten dut. Nire seme- alaben, Maiteren eta Aritzen, bizitza- proiektuak ikusi nahi ditut. Bizitzan nola hasten diren ikusi nahi dut; hori da nire desiorik handiena. AIDAEko pertsona zoragarriak pozik ikustea ere amesten dut, nire “ume handiak”. Beraiei zerbait abestu eta oparitzen didaten irribarrea ikustea. Gauza txikiekin egiten dut amets, baina handiak direnak.
Itzarrik ere egiten dut amets. Beti gustatu izan zait idaztea. Ez naiz idazlea, baina ondo moldatzen naiz. Filologia ikasi nuen eta maistra izan naiz urte askoan; izugarri gustatzen zitzaidan nire lana.
Lehenengo diagnostikoa eman zidatenean idazten hasi nintzen, gertuko pertsonekin nire gogoetak eta esperientziak partekatzeko asmoz. Geroago, pentsatu nuen testu guztiei forma ematea. Orain erronka bat daukat: liburu bat idazten ari naiz nire esperientziak kontatzeko. Agian beste pertsona batzuentzako lagungarria izan daiteke. Niretzat, behintzat, idaztea katarsikoa da.
Eta nire ikasle ohi batek behin esan zidan moduan: “Belén, tú eres mi maestra de vida!”. Orain uste dut banaizela. Beraz, erronka hori dut: maestra de vida izatea.